Kutxabank: erakunde iluna eta gezurtia

Mikel Kintana Juan Mari Zulaika
2016ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Orain dela gutxi, Kutxabanki Administrazio Kontseiluko kargu batzuk aldatzea tokatzen zitzaion legez. Horiek, hain zuzen, kontseilari independenteen taldea osatu behar zuten. Baina, albiste horrekin batera, apirilean honako hau agertu zen prentsan: «Prozedura honi esker alderdi sozialistak erakundearen gobernuan pisua eta indarra irabaziko ditu PPren kontura». Ez zegoen inondik ere kontseilari independenteen arrastorik.

Izendapenak ezagutzerakoan kontseilari berriak independentetzat saldu arren, argi zegoen bestelakoak zirela. Prentsak hala baieztatu zuen: «Independenteak izendatzeko ez da beharrezkoa alderdi bateko afiliatua izatea edo alderdiarekin hartu-emanak edukitzea. Baina exijitzen zaie alderdi politikoekiko hurbila edo apur bat jarraitzailea izatea, alderdiek bankuaren kontrola inolaz ere gal ez dezaten». Ezin argiago esan!

Kutxabankek dituen hemezortzi kontseilarietatik herenak independenteak izan behar lukete legez, eta besteak EAJ, PSE eta PPren menpekoak, egungo egoera kontuan hartu gabe. Ez Kutxabankeko patronatu jabeek, ezta bankuaren administrazio Kontseiluak ere ez dute jaso azken bozetan Udal eta Batzar Nagusietan emaniko indar korrelazioa. Tokitan daude aurrera begira gerta daitekeenaz!

Ekoneus elkarteak behin eta berriro salatu nahi du antolamendu maltzur hau. Hautesleen botoen arabera, Administrazio Kontseiluan EAJri bost kontseilari tokatzen zaizkio, baina hamar dauzka; PSEri bi, eta hiru dauzka; PPri bat, eta bi ditu. Horrez gain, EH Bilduri hiru eta Ahal Dugu-Podemosi bi dagozkion arren, ez daukate kontseilari bat bera ere, bi hautagai dituzte bi alderdien artean banatzeko.

Gure negozioak, etxebizitzak eta abar finantzatzeko Euskadiko aurrezleok denon artean jarri ditugun 43 mila milioi euroko kopurua hain ordezkaritza eskasa —antidemokratikoa esan leike— dutenkontseilari eta patrono hauek kudeatzen dute. Gehiago arduratzen dira espekulazio ekimenetan jolasten, denen ondarea operazio arriskutsuetan sartuaz, helburutzat duen funtsa sozialean saiatu baino, bankuaren negozio hutsa lehenetsiz. Hasieratik Mario Fernandez hautatu zuten zuzendari goreneko, fidagarria zelakoan. Hiru kutxak bateratu zituen Kutxabank sorturik, baina, azkenera, konfiantza erabat galdu, eta haren irregulartasunengatik —handienagatik ez— inputatuta dago.

Zuzendaritzak euskal gizartean diren ideia ekonomiko eta sozial denak ordezkatu behar lituzke; lehenik, jendeak ezagut dezan barruan zer mugitzen den; eta, bigarrenez, jokabidea aldatzeko gai izan dadin Kutxabank jendeak hala baderitzo. Demokraziaren lehen oinarria da hau.

Horregatik exijitzen duguna zera da: elkargoko indar sozial denek izan dezatela dagokien ordezkaritza Kutxabankeko Administrazio Kontseiluan eta haren jabe diren Banku Fundazioetan. Kutxabank demokratikoa, soziala eta euskal ekonomiaren motorra bihurtzea besterik ez dugu eskatzen, haren pribatizazio graduala eragotziz.

Berehalako hauteskundetan indar politikoen osaketan gertatuko diren aldaketen atarian, hiru herrialdetako udal nagusietan eta Batzar Nagusietan aurkeztu da Kutxabank Publikoaren Plataforma,—haren partaide den Ekoneus —, euren biltzarretako eztabaidan euskal gizarteari ondoen erantzun diezaioken proiektuaren alde eginaz.

Halaber, Ekoneusen iritziz, Kutxabank izan liteke eta izan behar luke, Euskadiko ekonomia eta finantzatako motorra. Espainiako aginteek ezarri nahi dizkiguten loturetatik ihestearren, zenbait elkargotan banku publikoak eskatzen ari diren une honetan, hemen pribatizazioa ezarriko ote diguten arrisku bizian gaude. Erabaki hori hartzeko, nahikoa lukete Bankua gobernatzen duten 45 patronoen arteko gehiengo soila; hain zuzen ere, EAJri dagozkionak. Ez litzateke harritzekoa, lehenago ere antzekoa egin baitute zenbait enpresarekin, esate baterako, Euskaltelekin, gure herriaren sare industriala ahulduaz.

Presaka ahalegindu arren, Eusko Legebiltzarrak ezin izan du adostu Kutxen Euskal Lege berria, erabat Madrilgo ereduan oinarritua. Aukera ederra dugu, beraz, hurrengo Legebiltzar berrituan alderdiek Banku Publikoaren alde serioski jardun dezaten, Nafarroako Gobernuaren jokabideari jarraituz. Banku horren abiapuntu paregabea Kutxabank bera izan zitekeen, noski. Horretara animatu nahi ditugu indar politiko denak eta mugimendu sozialak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.