Kutxabank, burtsara

2014ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Duela aste gutxi, gai ekonomikoetan aditu diren gure inguruko batzuek gomendioa bota zuten: euskal aurrezki kutxak egokitu egin behar ziren finantza sektorearen erreformetatik ateratako legeria pribatizatzaileari begira. Hori zen, antza, kontrol publikoa (sic) izaten jarraitzeko modu bakarra eta, beraz, Kutxabanken eragiketen gainekoa. Oso bertsio baikorra kaleratu zuten euskal kutxek hirugarrengoei saldu beharreko portzentajearen gainean. Izan ere, Kutxen eta Banka-Fundazioen Legeak erreserbako funts bat eratzea eskatzen die baliabide propioen beharra dagoenerako, eta funts hori sortu behar ez izateko baldintza hauxe da: bankuan duten partaidetza (gaur egun %100) murriztea. Adituok, esan bezala, murriztu beharrekoa %7,01 izango zela uste zuten, nahikoa omen zelako BBK-k Kutxabanken zuen gehiengoa galtzea, %57tik %49,99ra jaitsiaz. Kutxaren eta Vitalen parteak ez ziren ukituko, haien ustez.

Orduaneman nuen akats larri haren berri, eta zein arriskutsua den berri-agentziek filtratutako interpretazioak ontzat ematea. Legea bera 2013ko abenduaren 19an onartu zelarik, eta gaia garbi baino garbiago uzten duenez, inozoki pentsatu nuen BBKren, bankuaren eta alderdiaren think tank-ei oihartzuna eman zieten bitartekoek esana zuzenduko zutela. Ba, ez.

Legearen IV. kapituluak, 43. artikuluan, 2. atalean, zera dio (itzulpena nirea da): «Titulu honen ondorioetarako, parte hartze bakar bezala ulertuko da fundazio guztiena, arruntak edo bankakoak izanik ere, era itunduan jarduten badute kreditu erakunde batean; horrela bada, kapitulu honetan ezarritako betebeharrak modu bateratuan bete beharko dituzte». EAJren ordezkariak baiezko botoa honela justifikatu zuen: «Askoz hobeto geratu da». Ene! Horrek pasadizo bat gogorarazten dit, musikari bati saxofoia zuzen jarri zion pertsonaia batena, tresnaren biribiltasunak istripuren baten ondorio zirelakoan. Jabeak, haserre, hura nork egin zuen galdetu zuenean poz-pozik erantzun zuen ergelak, «ixo, ixo, ez dakizu eta lehen nola zegoen!».

EAJ-PP itunak, prentsa lagunak bedeinkapena eman dion horrek, behin betiko urruntzen du Kutxabankek atzera egiteko aukera jatorrizko hiru kutxak ziren hartara, hau da, Euskal Herriaren izate ekonomikoarekin konprometitutako erakunde finantzarioa. Onenean ere, Kutxabank burtsara aterako da, eta adituek «burtsarako irteera orok dituen berezko arrisku» deritzen horiek pairatuko ditu. Itzul dezagun. Handiena eta arriskutsuena, merkatuaren interesen menpe oso-osorik geratzea: bere tituluekin libreki espekulatzea, epe laburrerako helburu ekonomikoak gailentzea eta nazioarteko tiburoi finantzarioen aurrean inolako babesik gabe geratzea, bazka galanta egin dezaten trading-aren bitartez.

Txarrenean, desinbertsiorako edo kapital-zabalkuntzarako plan bat antolatuko da kide berriak sar daitezen. Idatzirik dago: «Kapital-zabalkuntza gonbidapen zehatz baten bitartez egin daiteke, horrela, behin jabetza banatuko dela onartuta, gutxienez dantzarako bikotea aukeratzen duzu». Burtsara ateratzea edo hirugarrengoari saltzea, toki berera daramaten bide bi. Eta toki hori ez zaigu guztiz arrotza; izan ere, bertan ditugu zain lehenago iritsi ziren beste batzuk: duela hamalau urte BBV (izenean Bilbo eta Bizkaia dituena) Argentariarekin «fusionatu» zen «balioa sortzen jarraitzeko». Norentzat? Duela gutxiago Nafarroako CAN, ezaguna dugun emaitza ustelarekin.

Zer nahi duzue esatea. Jarduera ekonomikoak herrien eta pertsonen garapenerako, ongizaterako eta gizarteen «ongiraupenerako» izan behar duela uste duen batentzat, hau buruzagi (burukide?) txarrek idatzitako opereta baten azken ekitaldia da, krudelkeriarik ankerrenarekin garai baten bukaera taularatuko duena. Askoren harridurarako, Kutxabank duela bi urte hasi zen bere sustraiak erauzten, izaera ematen zionari uko egiten eta hegaka, inora ez iristeko edo, hobeto esanda, nazioarteko banka dagoen lozorro erosoan sartzeko: giza-arauekin, lurraldeekin eta herritarrekin inolako loturarik ez duen espazio transnazionala.

Bidea marraztuta dago. Hiru kutxek Kutxabanken akzioen %50,01 saldu beharko dute. Testuinguru honetan eta Europar Batasun Bankarioa emaginari burutxoa erakusten ari delarik, EAJk lortu omen duen «abantaila» famatua ur askorekin zerbitzatutako kamamila besterik ez da, Gargantuari berari eztarria trabatuko liokeen oturuntza populuak liseri dezan. Behin kapital pribatuaren txotxa irekita, desinbertsio etengabea leuna da, eta larrosa usaiz dator, erregulatzaileak oztopo eta deserosotasun asko agintzen dituelako «kreditu erakunde baten gaineko kontrol-posizioak dauzkaten banka-fundazioentzat». Are gehiago, arauketak ahalmena ematen dio Espainiako Bankuari banka-fundazioari desinbertsio-plan bat eskatzeko «erakundeak aurkeztutako plan finantzarioak ez badira nahiko kudeaketa osasuntsu eta zuhur bat bermatzeko». Ezin da gehiago esan.

Bitartean, Kutxabankek astelehenetan bere zorro industriala astintzen du —bi urteotan erdira murriztu da—, eta ostiraletan bere higiezinak xahutzen ditu.

Bidea irekita eta Bankuaren kontrol betea lortuta, EAJk ez dio uko egiten BBK Fundazioan gotortzeari, nahiz eta horrek purrustadaren bat ekarri Kutxabankeko Kontseiluan duen ohekidearengandik. Partida guztietan daude jokalariak piezak azkar mugitzen dituztenak, eta beste batzuk alferrikako liskarretan beraienak galtzen dituztenak aurre egiten hasi ere egin gabe. Jokoaren ikuspegia falta zaie. Behin Vital, Kutxa eta BBK banka-fundazio bihurtuta, EAJ kezkatzen duen bakarra haiek nola kontrolatu da.

Euskal-Kordobar bankuan akziodun berriak sartzea eta haren gaineko kontrol publikoa diluitzea ez da arazo bat erakundeko oraingo buruzagientzat, ezta haiek aukeratu dituztenentzat ere. Gauza batean arrazoi dute: ez da beharrezkoa elkarte baten %100 izatea hau maneiatzeko. Kutxabanken desinbertsiorako planak milioika euro ekarriko dizkie jabe diren hiru fundazioei, eta orain jokoan dagoena kokalekuak hartzea da eroriko den diru pila horrek, espainiar loterian bezala, «zulotxo batzuk estaltzen lagun diezagun».

Europar Batasunaren agindu finantzarioei intsumisioa egitea ez denez aukera bat EAJ, PP eta PSOErentzat, ez da kristalezko bolarik behar kutxen etorkizuna aurreikusteko. Haien izaera zen gizarte-konpromisotik aske eta politikariek tinko lotuta, akzioen etengabeko salmentatik biziko dira. Horiek bukatzen direnean, zimeldu eta desagertu egingo dira. Orduan, bertan bizi ziren otiak, beti gertatu den eta gertatuko den bezala, hegan hasiko dira ahitzeko moduko beste soro baten bila. Nihil sub sole novum.

Sar ezazue artikulu hau gutun-azal batean, eta ireki ezazue hiru edo lau urte barru. Orduan hitz egingo dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.