Herri baten garapenean ekonomia ardatza bada, ez du inork ukatuko sistema ekonomiko hori egituratzeko dituen finantza erakundeak bizkarrezurra direla. Adibide asko dago, esate baterako, Laboral Kutxa. Tresna hori gabe, auzolanean sortu ziren kooperatibek ezin izango zuten gaur egun Mondragon Taldea dena ez sortu, ez eutsi krisi garaietan, ezta munduan zehar zabaldu ere.
Adibide gehiago ditugu. Adibidez, Banco Bilbao eta Banco Vizcayarik gabe Bizkaiko ekonomia oraingoaren erdia izan zitekeen, haien bidez, enpresa traktore asko sortu eta hedatu zirelako, eta horien inguruan enpresa txiki eta ertain asko sortu zirelako.
Baina BBVAk jada ez du hemengo ekonomia —ez inongoa— bultzatzen. Nafarroako Kutxa galdu dugu. Kutxabanken gertatu dena, bestalde, azken 30 urteotan ekonomia arloan izan dugun prozesu atzerakoiena izan da, ikuspegi askotatik ikusita. Baina zer gertatu da, eta norantz doaz Euskal Herriko finantza erakunde nagusia eta Europako aurrezki kutxa eta kreditu kooperatibak?
Horri buruz informazioa eskuratzeko, eztabaidatzeko eta etorkizunari begira oinarri sendoagoak izateko, Ekoneusek eta EHUk larunbat honetan biltzarra antolatu dute Donostiako Miramonen, Kutxabank euskal finantza sisteman lelopean.
Euskal aurrezki kutxen hastapena orain dela mende eta erdi izan zen, Gasteizen lehenengo bahitetxea sortu zenean, 1856an. Erdi arotik zabalduz joan ziren erakundeak izan ziren bahitetxeak, herritar xumeei dirua mailegatzeko eta haiei egoera ekonomiko larritik irteten laguntzeko.
Hasieran, ez zen interesik kobratzen, baina, gero, interes txikia kobratzen hasi zen, bahitetxeen etorkizuna ziurtatzeko. Ondoren, bahitetxe horiek aurrezki kutxa bihurtu ziren, eta orain mende bat aurreko helburua bereganatu zuten, interes txikiak eskaintzea, eta, horrekin batera, gizarte beharrizanak estaltzen laguntzea: etxebizitzetarako mailegu merkeak, osasun alorreko zerbitzuak... Baita hemengo instituzioen proiektuak finantzatzeko ere. Ezbairik gabe, aurrezki kutxak eta kreditu kooperatibak izan dira gaur egun Europan dugun ongizate mailaren zutabeak, ekonomia produktiboaren (ez espekulatzailearen) eta herritarren beharrizanak betetzeko izan direlako.
Orain dela gutxi arte, aurrezki kutxek ondo funtzionatu izan dute, lege egokiak eta Espainiako Bankuaren kontrol zorrotza egon direlako. Baina, azken hamarkadan, aldaketa itzela gertatu da. Batetik, birzentralizazio prozesua gogortzen hasi zen, eta, hor, autonomia erkidegoetarako garrantzitsua zen botere ekonomikoa ahuldu beharra zegoen, hau da, haien kontrolpeko aurrezki kutxen indarra murriztu behar zen. Bestetik, gero eta banku gutxiago geratzean (askok bat egin dutelako), geratu direnek gero eta indar handiagoa hartu dute Gobernuari presio egiteko. Bankuek beti nahi izan dute aurrezki kutxen merkatu kuota murriztu, eta, dagoeneko, lortu dute.
Horrela, azken hamarkadan, aurrezki kutxak erabat deskontrolatuta izan ditu Espainiako Bankuak, eta, arrisku larriak baino larriagoak hartzen ari zirela jakin bazekien ere, ez zuen ezer egin horiek errotik mozteko. Are gehiago, sustatu egin zituen.
Aurrezki kutxen kontrako gurutzada honek milioika zauri eragin ditu: kreditu faltagatik porrot egin duten enpresak, etxeko kreditua sekula ordaintzen amaituko ez duten bikoteak, finantza sistema ez hondoratzeko Europari eskatutako diruagatik politika neoliberalekiko erabateko morrontza...
Aurrezki kutxek ondo funtzionatu izan duten bitartean, ekonomia herrikoiak (familiak, enpresa txiki eta ertainak...) hobeto ibili dira, horiek direlako herritar gehienen finantza sostengua. Txarto ibili direnean, denok galdu dugu, banku handiek eta haien menpeko egiturek izan ezik.
Euskal Herrian ere berdin jokatu dute hiru aurrezki kutxetako arduradunek: Nafarroko CAN eta Kutxa inbertsio espekulatiboetan sartu ziren eta BBK-k galera handiak zituen Cajasur erosi zuen. Vital izan da zuhurtziaz jokatu zuen bakarra. Jokaera desegoki hauek 3.000 milioi eurotik gorako galerak ekarri ditu Euskal Herriko ekonomiara eta CAN desagertu egin da. Horrek ondorio asko izan ditu, eta hemen ere enpresa asko itxi behar izan dira kreditu faltagatik, etxe kaleratze pila bat egon da, gizarte ekintzarako ekarpenak izugarri jaitsi dira... Hau da, Euskal Herrian estatuan bezala nozitzen ari garen krisi hau ulertzeko, aurrezki kutxetan gertatu den nahitaezko deskontrola da gako nagusietako bat.
Prozesu horrekin batera, aurrezki kutxetan zegoen gizarte eta alderdi politikoen kontrola ezabatzeko, horien egiturak aldatu dituzte banku fundazioak sortuta eta horien patronatuetan bizitza osorako kideak jarrita, hau da, hauteskundeetan aukeratuko diren hautetsi berriak erabat kanpo utzita. Azkenik, Kutxabanken akzioak ere saldu nahi izan zituen Mario Fernandezek korrika, Euskal Herriak 100 urtez izan duen finantza zutabe nagusia eta bere irabazi puska bat lau aberats handien esku uzteko.
Datorren astean hauteskundeak ditugu. Alderdi berri batzuek hautetsiak lortzea espero dute, beste alderdiek boto kopuru desberdinak, gehiago edo gutxiago, eskuratuko dituzte, espainiar estatuan uda ostean hauteskundeak daude eta Madrilgo parlamentuaren osaketa aldatuko da... Bada ordua etorkizunera begiratzeko, eta azken hamarkadan herritar finantza sistema deuseztatzeko hartu diren neurri sorta horri buelta emateko, eta, horretarako, elkarlana, ideiak eta proposamen bateratuak behar ditugu.
Horregatik, gaur egungo Kutxabanken izaera, gobernantza eta jabegoa izango ditugu aztergai euskal ekonomiari buruz antolatu den biltzar honetan, eta, horrez gain, lau alderdi politiko ere izango ditugu haien iritzia jasotzeko. Ikuspegi zabalagoa izateko, Europako aurrezki kutxen eta kreditu kooperatiben gaur egungo egoera zein den azalduko digu Enrique Castelló katedradunak.
Ea 100 urtez bikain funtzionatu izan duen finantza sistema berreskuratzeko gai garen, hondamendira garamatzan banka pribatuaren eta espekulatzailearen atzaparretatik alde eginez.
Kutxabank: aurrezki kutxa ala banku hutsa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu