Kutxa Bankago bihurtu duten bi hilabete

2011ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Euskal kutxen bat-egite prozesuari buruz Kutxak duen hasierako jarrera prentsa baliaturik aditzera eman nuenetik, bi hilabete igaro dira, oso biziak eta funtsezkoak biak ere proiektua garatzeko. Artikulu hartan neure gain hartu nuen bateratze kontratuko funtsezko elementuak geroago zehatzago adierazteko konpromisoa. Unea iritsi delarik, ahalegina egingo dut konpromiso hori betetzeko eta orduko informazioa xehetasun batzuez osatzeko, hain zuzen proiektu honen inguruko gestioa eta bizi izan dugun esperientziak eragindako beste gogoeta batzuk argitara ematearren.

Uste dut askorik ez dela sakondu behar ekonomiaren egoera kezkagarriaren eta finantza krisiaren xehetasunen inguruan; izan ere, azken bi hilabete hauetako bilakaerak egoera gero eta kritikoago batera eraman baikaitu. Gauzak horrela, argi dago oraintxe ekin behar zaiola gure bateratze proiektuari, ezin dugu gerorako utzi.

Hasteko, lerro labur batzuen bidez azalduko dut lehen artikulu haren edukia:

Hauxe da proiektu bideragarri bakarra. Seguruenik ez da onena izango iritzia ematen duten guztientzat, baina Kutxaren etorkizunaren ikuspegitik, bera da aukerak dituen bakarra, Gipuzkoako gizartearentzat eta ekonomiarentzat balioa sortzeko gai izan daitekeen bakarra.

Gure profesional guztien ahaleginari esker, konplexutasun ekonomiko izugarriko agertoki bati ondoen aurre egingo liokeen aurrezki kutxa gara… baina horrek ez digu etorkizuna bermatzen.

Kutxak erregulazio eta finantza ingurune berrira egokitu behar du, bere finantza zerbitzuen eskaintzarekin lehiakorra eta eraginkorra izaten segituko badu. Eta bere Gizarte Ekintza mantentzeko eta handitzeko aukera bakarra du: hain zuzen ere Kutxa Bank izatea.

Bankarizazio deituriko hori dagoeneko ez da eztabaida gure merkatuan; estatuko kutxa guztiek bankuak sortu dituzte, finantza jardueran aritzeko tresna juridiko gisa.

Banku bat edukitzea Kutxaren bankua edukitzea da, zure Kutxaren bankua, gipuzkoarron bankua, euskal bankua, denon bankua. Kutxa Bank banku sozial bat izango da, banku pribatuez bestelakoa, zeren eta hiru euskal kutxak izango baititu akziodun bakarrak.

Ez ditzagun bankarizazioa eta pribatizazioa nahas. Izaera sozialeko banku bat ari gara proposatzen, kutxen izaera eta bezeroekiko konpromisoa mantenduko duen banku bat.

Alderdi hauetatik guztietatik, bada azpimarratu nahi dudan bat: neurri handiagoa lortu beharra. Egia da neurriak ez duela, besterik gabe, enpresen arrakasta bermatzen, baina egia da, era berean, gutxieneko neurri bat beharrezkoa dela jarduera arlo bakoitzean. Finantza arloan, bizitzen ari garen bilakaera erabatekoak agerian utzi du askoz neurri handiagoa behar dela, ez bakarrik egun duguna baino handiagoa, baizik eta etorkizunean izango duguna ere baino handiagoa.

Kutxa Bank-ek, gure herrialdeak dituen garapen beharrei erantzuteaz gain, jarduteko eta negozioa sortzeko aukerak izango ditu merkatu globaletan. Eta horietatik euskal industriari lagundu ahal izango dio, gure industriak ez baitu nazioartekotzera jo beste irtenbide estrategikorik. Beraz, gaur ikusirik, eta finantza berregituraketatik ateratzen ari diren erakundeen eskala berria aintzat harturik, funtsezkoa da neurri handiagoa lortzea.

Ondoren, bateratze kontratuaren edukia laburtuko dut:

Kutxa, BBK eta Vital-ek bere finantza jarduerari lotutako aktibo eta pasibo guztiak bereizteko akordioak eta erakunde berri batean sartzekoak izenpetu dituzte. Erakunde berri hori Kutxa Bank SA izango da, eta horretako akziodun bakarrak Kutxa(%32), BBK (%57) eta Vital (%11) izango dira.

Bereizte horretatik kanpo geratzen dira Gizarte Ekintzari dagozkion aktibo guztiak, eta bermatu egiten da akziodun bakoitzak bere nortasun juridikoa, aurrezki kutxa izaera eta lurralde identitatea mantentzea. Gainera, balio handiagoa ematen zaie aktiboei eta pasiboei, kontratu honi aplikatzen zaion kontabilitateko araudiarekin bat.

Bankua subrogatu egiten da kutxa bakoitzeko langileen eskubide eta lan-obligazioetan, eta kutxa akziodunek bere Gizarte Ekintza kudeatzeko duten gaitasuna onartzen du; Gizarte Ekintza bera sendotzea aurreikusten du Bankuak, hain zuzen emaitzak maximizatuz horretarako.

Kutxa Bank SA laugarren taldea izango da, kutxen artean, aktiboen bolumenari erreparatuta (75.091 milioi euro), eta finantza sistemako bigarrena kapital printzipalaren ratioari erreparatuta (%12,8).

Kutxa Bank SAren erabaki estrategikoek kutxetako biren adostasuna behar dute gutxienez, betiere bi horien artean dagoela partaidetza-kuota handieneko kutxa. Puntu hori aldatu egin da, berme hori sendotzen duen bateratze kontratuaren berritze proposamen batean.

Borondatea dago hiru kutxek Kutxa Bank SAren akzioetatik %100en jabetza mantentzeko eta, horrela, betiko izaerari eutsi eta Lurralde bakoitzaren idiosinkrasia eta ekonomiaren berezitasunak berresteko. Hiru kutxen arteko adostasuna izango da egoera hau aldatzeko bide bakarra.

Aipaturiko zertzelada horiekin betetzen da, hala iruditzen zait, hartutako konpromisoa. Baina ez nuke gogoeta hau amaitutzat eman nahi proiektu honen inguruan jasotzen ari garen aintzatespen eta laguntza guztiak aldez aurretik eskertu gabe. Pertsonalki agertu nahi diet nire esker ona pertsona eta erakunde askok—orokorki— egitasmoari egindako harrera onari eta baita ere Kutxetako profesionalei —partikularki—, lan nekagaitza egiten ari baitira prozesu integratzaile hau ondo porturatzeko ahaleginean.

Amaitzeko, gogoeta pare bat:

Bat: proiektu honek bere-berea duen neutraltasun-printzipioa azpimarratu nahi nuke, oraingo gure Kutxan funtsezkoak diren kudeaketa eta emaitzekin hertsiki lotuta dauden eremuetan, hala nola: lan-harremanak eta laneko baldintzak, Gizarte Ekintza kudeatzeko eredua, irabazien zerga-egozpena, erabakiak hartzeko beharrezko gehiengoak eta abar. Baita gure bezeroekiko ohiko harremanari dagozkion lan-eremuetan ere. Horiek banku berri bateko bezero izango dira, baina beti eskura izan dituzten baldintza, profesional, instalazio, kalitate maila eta profesionaltasun erabatekoaz gozatuko dute. Eta, jakina, beren betiko Kutxaren irabaziak guztiona den Gizarte Ekintzara bideratuz.

Eta bi: hasieran gure asmoa izan ez bada ere, baina prozesu hau gizarteratzeko garatu dugun plana abiapuntutzat hartu eta, horrekin batera, interes-talde guztiekin, Batzar Nagusiko ordezkariekin eta, oro har, gizarte osoarekin proiektua azaldu eta negoziatzeko egin dugun esfortzuari esker, uste dut gaur egun proiektu hau kontsentsuak lortzeko eredu erreferente bat bilakatu dela hain zuzen Euskadin gizarte, enpresa eta politika mailan etorkizunean ezinbesteko izango diren oinarriak sendotu eta garatu ahal izateko. Horrexegatik, hain zuzen, balio bikoitza du proiektu honek, eta, horrexegatik baita ere, guztiona izan da meritua. Onurak ere guztiontzat izango dira, ezbairik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.