Kutxa Bank SA

2011ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Espainiar estatuko finantza-sektorearen zati handi bat egoera kritikoan dago. Aurrezki kutxak sistema horren barruan daude, eta haiek pribatizatzeko gogoz daudenek egoera aprobetxatzen dute; egunero bonbardatzen gaituzte datu, zenbateko eta aurreikuspen intuitiboekin —objektiboak ez behintzat— egitea komeni denaren inguruan. Tamalez, ez dago espainiar estatuan ezkerreko alternatiba sendorik korronte horri aurre egingo diona eta gizartearen gehiengoaren alde egingo duen Aurrezki Kutxen Sistema Publiko bat bultzatuko duena. Ikuspegi eskasa.

Bitartean, euskal aurrezki kutxak beren etorkizunari buruzko eztabaidan dabiltza, nahiz eta jakina den ez daukatela burtsan kapitala biltzeko beharrik eta soberan betetzen dituztela oinarrizko kaudimen eskakizunak.

Testuinguru honetan, BBKko, Vitaleko eta Kutxako administrazio kontseiluetako kideen gehiengoa banka-erakunde handiak sortzearen alde azaldu zen 2011ko ekainaren 30ean. Dirudienez, ez zien axola izan Nafar Kutxaren esperientzia txarrak, Banca Civica-ren abenturan burua galdu eta burtsen parkean jipoia jaso ondoren.Ez dirudi, ezta ere, kontuan izan dutenik gure gizarte eta ekonomia-sarean izango duen eragin txarra edota dinamika horrek fusio gehiago egiterabehartuko gaituela, lehen mailako banku baten gidaritzapean.

Ironikoki esanda, jaun-andre horiek, asko Deustuko ikasle, Loiolako San Ignazioren esana gogoratu beharko lukete — «estualdi garaietan ez egin aldaketarik»—, eta zuhurragoak eta irekiagoak izan beharko lirateke kutxen kapitala eta ondarea burtsen merkatuan disolbatzerik nahi ez dugunon tesiekin.

Beste era baten esanda, ez dadin inolako zalantzarik egon erabaki horien ondorioen inguruan, BBK-ko, Kutxako eta Vitaleko aginte-organoetan onetsitakoa Kutxa Bank Elkarte Anonimoaren sorrera izan da. Marketina bakarrik da Elkarte Anonimoarena ez aipatzeko arrazoia, akronimo hori oso argigarria delako ulertu nahi duenarentzat. Beraz, inondik ere ez da sumatzen duela gutxi Kutxako presidenteak saldu nahi zigun «Kutxaren bankua», «euskal bankua», «guztion bankua» edo «titulartasun publikoko bankua».

Ikusirik nahi dutena haien zerbitzura, eta ez gure sare produktiboaren zerbitzura, egongo den banku handi bat dela, ezin ditugu ahaztu horrek izango dituen ondorio sozialak.

Foru aldundiak eta udalak dira aurrezki kutxen erakunde fundatzaileak, eta haien etekinen zati bat gizarte ekintzara bideratu behar da, legez. Iragan mende bukaeran jarduera handia izan zuten herritar askoren beharrei erantzuten: haur-eskolak ireki zituzten, emakumea sustatzeko zentroak, espezializatutako eskolak, osasun-zentroak, adin nagusikoentzako egoitzak eta klubak… horiek administrazio publikoen defizit asistentzialak zuzendu zituzten. Administrazioek zeuzkaten konpetentziak, baina ez betetzeaz gainera zerbitzu horiek pribatizatu zituzten, beraien konfiantzazko pertsonek zuzendutako enpresei mesede eginez.

80ko hamarkadan, gizarte zerbitzuen Legearen garapenarekin, tokiko eta foru-erakundeek ez zituzten beraienak bezala hartu gizarte-eremuan lanean zebiltzan kaltetu eta senideen eskutik sortutako zerbitzuak, programak eta zentroak (ezintasunak, adin nagusikoak, haurrak, baztertuak, buruko gaitzak…). Utzikeria horren ondorioz, aipatutako kolektiboek zerbitzuak ematen jarraitu zuten administrazioen eta aurrezki kutxen finantzaketaren laguntzarekin. Horrela, hirugarren sektore deritzon sare sozial handi bat eratzen joan zen.

BBK adibide bezala jarrita, 1990etik aurrera bere gizarte ekintzaren zati handi bat amortizatzen joan da: 750 lanpostu suntsitu ditu; haurreskolak, Gorlizeko erietxea eta Bakearen Erregina egoitza itxi ditu, eta ematen zituen zerbitzu gehienak azpikontratatu. Hala ere, esan genezake haren lana errespetagarria dela, babes-sistema ofizialetik kanpo geratzen diren pertsonei arreta egiten dielako. Horren erakusgarri da bere higiezinen zati bat foru-erakundeei laga izana. Hirugarren sektoreko fundazio eta elkarte askok ere haren laguntza ekonomikoei eta lokalei esker irauten dute. Adibidez, Foru Aldundiaren eguneko zentroak haur-eskola izan ziren BBKren lokaletan kokatzen dira; adin nagusiko pertsonei arreta egiteko Aspaldiko egoitza BBKren eraikin batean dago; Argia bezalako fundazioek, buruko gaitza duten pertsonen arretara zuzenduak, babes handia dute BBKrengan; Bolunta, EDE, Gorabide, Caritas eta Bizkaiko sare sozialeko beste elkarte askok lanpostuak sortzen dituzte, ehunka erabiltzaileri zerbitzua ematen diete eta gizarte-ekintza duintzen dute ekonomikoak ez diren balioak garrantzitsuagoak diren arloetan.

BBKren, Kutxaren eta Vitalen bankarizazioak, dibidendu sozialaren galerarekin, eragin gaiztoa izango du Ongizate Estatu delakoan, noiz eta diru-kutxa publikoetarako sarrerak hainbeste murriztu dituen krisialdi latz baten erdian. Gaur arte ez da egon bankurik etekinak gizarte-zerbitzuetara bideratu dituenik, irabaz-asmorik gabeko erakundeei lehentasunezko kredituak eman dizkienik, gizarte-prestazioen milaka onuradunen kontuen mantentze-gastuez arduratu denik edota lokalak lagatzen dituenik etekin ederrak jaso gabe.

Banku berrira aktibo guztiak eramanda Euskal aurrezki kutxen likidazioa bedeinkatzen ari diren arduradun politikoei galdetu beharko litzaieke: nola uste duzue gauzatu ahal izango dela Euskal Herrian Ongizate Estatuaren laugarren zutabea, gizarte-zerbitzuen sisteman sartzeko eskubide subjektiboa? Nola finantzatuko da gizarte-gastu guztia, administrazio publikoek gizarte-programak eta zerbitzuak antolatu ditzaten lehentasunezko kreditua emango duen finantza-erakunderik gabe? Ala agian uste dute Jainkoak hornitu eta ongintzak babestuko gaituela?

Azkenik, beste aldagai bat ere aztertu beharko litzateke: bankuaren hastapenean kutxaren desberdintasun nagusia (gizarte-ekintza) desegingo balitz, eta bezeroen top of mind-a (markari leialtasuna) galduko balitz, agian horiek nahiago lukete finkatutako banku bat hasiberri bat baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.