Orain arte zuhurtasunez isilik egon naiz, eta begirunea izan diot Euskal Kutxen integrazio-prozesua hasteak eskatzen zuen diskrezio eta isilpekotasunari; dagoeneko baietza eman dio gure Administrazio Kontseiluak. Uste dut une egokia dela inplikatu guztiek proiektu honentzat, idatzita dagoen bezala, erabateko babesa eskatzeko. Nire lehenengo baieztapena hau da: proiektu posible bakarra da.
2008an baztertu zenean proposatu genuen bat-egitea, kutxaren kudeaketa-parametroetako batzuk hobetzea erabaki genuen: kaudimena, likidezia, mozkin errepikaria, zuzkidurak, higiezinetan desinbertitzea, enpresa-ehunarekin konpromisoa, Gizarte Ekintzari eustea... Bestalde, Europako bankuen erresistentzia-probetan izan dugun arrakasta biribila ere ospatu behar dugu, eta gugan konfiantza jartzen duten guztiekin eta bereziki gure bezeroekin batera ospatu ere. Gure profesional guztien ahaleginari esker, konplexutasun ekonomiko handieneko egoeran hobekien eutsiko liokeen aurrezki-kutxa da gurea.
Argi ikusi genuen orduan, finantza-panoramak eta bereziki Espainiako Bankuak bultzaturiko Kutxa-sistemaren berregituratzeak aurrera egiteko zain geunden bitartean, indarberritu eta etxeko lanak egiteko garaia zela gure posizioa hobetze aldera; konbentzimendu eta irmotasun berberaz uste dugu orain Euskal Kutxak batzeko unea dela izaera instrumentala duen banku-entitate batean.
Kutxa-sistemarenbankarizazioa
Erregulatzailea Espainiako Bankua da, banku-sistemaren araudiaz eta orientabideaz gain, esan gabeko adostasuna ematen diena finantza-erakunde bakoitzaren agertoki estrategikoei. Egungo egoera irmo eta zorrotza da: gaur-gaurkoz ez dago hazteko aukerarik, ezta epe luzera ia bizirik irauteko ere, ez baldin bada banku-fitxa baten bidez. Bankarizazioa jada ez da eztabaidagai gure merkatuan, baizik eta harturiko eta betearazitako erabakia da. Estatuko Kutxa guztiek sortu dituzte bankuak finantza-jarduera gauzatzeko tresna juridiko gisa. Kutxen eredua, finantza-jarduera zuzenean kudeatzeko eredu gisa, desagertzera doa. Kutxek zuzenean administratuko dute Gizarte Ekintza, eta finantza-jarduera zeharka egingo dute banku baten bidez. Hori ez du ez nahi izan ez proposatu ez erabaki gure kutxak. Baina kutxak, bere finantza-zerbitzuen eskaintzan lehiakor eta eraginkor izaten jarraitzeko, egokitu beharra du, eta aukera bakarra du Gizarte Ekintza mantendu eta gehitzeko:Kutxa Bank izatea da aukera hori.
Erabakita dago, euskal Kutxen finantza-jardueraren euskarri izateko, Banku bat sortzea. Kutxa proiektuan sartzen baldin bada, Euskal Kutxen bankua izango da. Kutxak ez badu proiektuan parte hartzen, BBK-k eta Vitalek erabakita daukate beraiek egin egingo dutela gu (kutxa) gabe. Ezinbesteko erabaki gisa ulertzen eta onartzen dugu, beraien aukera baita. Hor galduko genuke Euskal Kutxek bat egiteko azken trena. Finantza-jarduera kutxaren barruan mantentzeko ahalegina kutxabetiko bakardadera kondenatzea da.
Kutxa Bank banku sozial batizango da, banku pribatuak ez bezala, bere akziodun bakarrak hiru Euskal Kutxak izango baitira.
Bankarizazioa vspribatizazioa
Ez ditzagun bankarizazioa eta pribatizazioa nahas. Era guztietako bankuak daude; figura juridiko honek edozein orientabide estrategiko ahalbidetzen du bere jabeen arabera. Denetik dago, jabeen arabera. Eta gu izaera soziala izango duen banka ari gara proposatzen, Kutxen funtsari eutsiko liokeena: bezeroarekiko, edozein bezerorekiko konpromisoarekin, lurraldearekiko konpromisoarekin eta gizarte-ekintzarekiko konpromisoarekin. Ezerk ez digu hori eragotziko banku bat izateagatik.
Bankua hiru Euskal Kutxena den neurrian, tresna hutsa izango da erregulazio aldetik ingurunera egokitzeko. Hazi egin behar da, eta tamaina irabazi, etorkizunean lehiakor izateko eta proiektuaren iraunkortasuna ziurtatzeko.
Bankarizazioa eta pribatizazioa identifikatuz integrazio-prozesua baztertzen duena kutxa kale itsu batera kondenatzen ari da: hor guztien arteko entitaterik txikiena izango da (45en artean 16.a ginen, eta 15en arteko azkenekoa izango ginateke), eta ez genuke ez hazteko aukerarik izango, ezta gure egungo ratioei eusteko ere. Hori bai, Gipuzkoaren eta Gipuzkoarako Kutxa bat izango ginateke, gero eta txikiagoa eta arazo handiagoekin gure finantza-endogamiaren ondorioz; prezio handia ordaindu beharko genuke gure lurraldea lehiakideen aurka babesteko. Baita BBK-k eta Vitalek osatuko luketen Bankuaren aurka ere.
Etorkizuneko aukerak
Lehendakari gisa, kutxarentzat etorkizunik onena planteatu beharra dut estrategikoki. Gaur egun hiru aukera bakarrik daude, azaltzen ari garenak.
Bakarrik jarraitzea da aukera bat. Kasu honetan, ziur-ziur, kapital-berme osagarriak ezarriko dizkigute, zuzkidurak gehitu egin beharko ditugu eta emaitzak gutxitu egingo dira. Gizarte Ekintza ere gutxitu egingo da. Nahitaez egokitu egin beharko dugu sarea eraginkortasunari eta produktibitateari eusten saiatzeko, oso lehiakide ahaltsuekin aurkituko baikara gero eta zailagoa den ingurune lehiakor honetan. Defentsazko aukera da, eta arrakasta-bermerik gabea. Erresistitzea esan nahi du.
Beste aukera bat gu proposatzen ari garena da: BBK eta Vital-ekin batera, banku-lizentzia instrumental batean sartzea, Kutxa Bank deituko litzatekeena. Hazteko aukera da, erreferente izatekoa, itxaropena ernarazten duena eta abagune onen sortzailea.
Eta hirugarren aukera Euskal Kutxak ez diren beste erakunde batzuekin batzea da. Agertoki honek ez du, ordea, bokazioaren nahiz araudiaren ikuspegitik, galdera-marka handi bat baizik planteatzen.
Labur esanda, gure batzarrak hiru aukera horiei buruz eztabaidatu eta erabaki behar du, Batzarrari baitagokio eta ez niri, egokiena aukeratzea. Lehendakari nauen kutxako Administrazio Kontseiluak, bere ustez, etorkizuneko estrategiarik onena proposatzen du, aberastasuna sortuko duen bakarra, baina azkenean Batzarrak hartu behar du erabakia.
Gizarte Ekintza
Aurrezki-Kutxek bi osagai ditugu: finantza aldea eta gizarte aldea. Kutxan finantza aldea urdinarekin lotzen dugu, eta gizarte aldea berdearekin. Berriro diogu alde urdinik gabe ez dagoela alde berderik; finantza-negoziotik sortzen dira alde berdeari bizia ematen dioten baliabideak. Alde urdina murrizten bada, berdea ere bai; eta hazten bada, berdea ere bai.
Azken hiru ekitaldiotan ahalegin handia egin dugu gure gizarte-konpromisoari eusteko, nahiz eta mozkinak gutxitu. Hori ez dute Kutxa gehienek egin. Baina gure aurrezki historikoak, Gizarte Ekintzak kalterik ez nozitzeko krisi garaian aplikatzekoak, agortu egin dira. Hemendik aurrera Gizarte Ekintzari dagokion zuzkidura urte bakoitzean izaten diren mozkinen arabera soilik eta bakarrik aplikatu beharko dugu. Beraz, aurreikuspena oso desberdina da, Kutxa Bank-ek espero duen mozkinaren arabera egin ala kutxak bakarrik lortuko lukeen emaitzaren arabera egin.
Historikoki inork ez du Gizarte Ekintzaren alde egin guk egin dugun beste. Mesedez, inork ez diezagula leziorik eman arlo honetan. Kutxaren gizarte-ekintza bultzatzeko erarik onena kutxarekiko finantza-harremanetan konfiantza izatea da. Eta hori kutxaren bezero aktibo izatetik hasten da. Bezeroei dagokie kutxako Gizarte Ekintzaren merezimendua, eta hori exijitzeko eskubidea ere bai.
Kutxa Bank: Gipuzkoarentzat balioa sor dezakeen aukera bakarra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu