Jone Miren Hernandez Garcia.

Kurtso bukaerako sariak

2017ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Ekaina. Kurtso bukaera. Uztailaren bezperan, uztaren garaia. Buruhausteak, heldu zein gazte, irakasle zein ikasleentzat. Ikasturteak eman duena erdigunean jartzen da eta balorazio garaia dator. Lan korapilatsua, zaila. Zer neurtu, zeren arabera, zeri begira.

Azpian, sarritan, arrakastaren auzia. Bakoitzaren ahalmena/saiakeraren arabera neurtzen bada emaitzak batzuk izan daitezke. Sistemaren beharren arabera baloratzen bada emaitzak nabarmen ezberdinak agertu daitezke. Horren arabera, frustrazioaren indizeak gora edo behera egingo du. Eta tartean, hainbat kontraesan topatuko ditugu. Bikaintasunaren kultura nagusitzen ari den honetan, bikaintasuna, sarritan kultura horretatik kanpo, oso kanpo topatzen da. Justu inork begiratzen ez duen izkin horietan.

Aitor unibertsitateko ikaslea da, eta kurtso bukaera honetan bere Gradu Amaierako Lana aurkeztu behar du. Lau urte igaro ondoren bere titulua lortzeko aukera izango du. Ziur aski amets asko beteko dira egun horretan, bereak eta inguruko pertsona askorenak denbora honetan zehar bere ondoan egon diren lagunenak eta senideenak-, eta ez bakarrik Aitorrek bere titulu ofiziala esku artean izango duelako, lau urtean zehar inbertitutako ilusioa, grina, denbora, ahaleginak... ospatu ahal izango dituztelako. Egindako ibilbidea ere ospatuko dute.

Aitor gorra da, gorra jaiotzez eta batez ere, izaeraz eta identitatez. Gor moduan agertzen da eta bizi da, entzulez nagusiki osatutako mundu batean. Entzulez nagusiki osatutako unibertsitate batean ikasi du, entzule diren ikasle eta irakasleentzat pentsatutako eta antolatutako unibertsitate batean. Hara non, berak, airean zehatz eta maisukiro marrazten dituen zeinuekin baliatuz, isiltasunaren oihartzuna interprete baten ahotsak bideraturik, hezkuntza sistemaren erdiguneari erronka egin dio gorren hizkuntza eskubideak baliatuz.

Aitor bere gradu titulua lortzear zegoela, Aroak txapela jantzi zuen.

Gaztea. Neska. Arabarra. Euskal Herriko Eskolarteko bertsolari txapelduna dugu Aroa. Ikastetxean egin zuen topo bertsolaritzarekin eta hor bertsoaren bideari ekin zion, gaztea, neska eta arabarra izanda ere. Estatistika eta logika, zein aldagai soziolinguistiko guztiaren kontra eginez. Bai, 29 urtetan ez da izan eskolarteko txapeldun arabarrik. Bai, Arabako gazteen artean, bakarrik %5,7ak erabiltzen dute euskaraz (Soziolinguistika Klusterra, 2011).

Aroaren lorpena ulertzeko gutxienez bi teoria egon daitezke: Araban euskararen auzian ere gauzak mugitzen ari direla pentsa daiteke, berreuskalduntze moduko bat edo, gertatzen ari delako. Edota, hezkuntza ereduei esker gazte euskaldunen homogeneizazioak goia jo duela. Alegia, euskal eskolaren bidez oinarri-oinarrizko testuinguru (euskaldun) bat ezarri dela, hortik aurrera bakoitzak bere «kabuz» euskararen ibilbidea (luzeago edo laburrago) garatzeko. Neurri batean, euskal gazteriaren des-lokalizazioa litzateke. Aroaren hitzetan: (lehen) familia bizkaitarra neukala esaten nuen, eta bizkaitarra nintzela. Orain guztiz kontrakoa da: arabarra naiz, euskaraz hitz egiten dut, bertsotan nabil, eta oso harro nago.

Eta Aroa txapeldun izendatua izan baino zertxobait lehenago, Kukai izeneko dantza talde bat, saritua izaten ari zen Estatu mailan arte eszenikoetan ematen diren sari ospetsuenetan (Max sariak). Zazpi izendapen eta hiru sari garrantzitsu, jantziei, dantzari taldeari eta dantza ikuskizunari. Dantza taldearen zuzendaria den Jon Maiak lorpen brutala zela adierazi zuen biharamunean. Egunkari honek brutala den beste egoera batekin lotu zuen Kukairen arrakasta: gurean, presio sozialak eragiten duen mutil dantzari eskasiarenarekin.

Kirolak, edo hobeto esanda, kirol gisa kontsideratzen den horrek, mutil itxura duen oro irensten du, maskulinitate eta kirolaren arteko bikotea ezinbesteko bilakatuz. Eta kirola esatea, gure testuinguruan, (ia ia) futbola bakarrik esatea da. Kirola-futbola-maskulinitatearen kateari lotzen ez den mutila susmagarria gerta daiteke. Tabua aipatzen zuen Ander Errastik Orioko kontserbatorioko dantza irakasleak BERRIAko artikuluan (2017-06-07). Bakoitzak hausnartu dezala tabuaren ideiaren azpian mingarria edota jasanezina gertatzen zaion horri buruz.

Zeinek du interpretearen beharra? gorra denak edo zeinu hizkuntzaz baliatzeko gai ez diren entzuleek, irakasleek edo, oro har, hezkuntza sistemak?

Zeinek du aurreiritzien beharra? beldurrik gabe, arabarra izanda ere euskaraz konplexurik gabe aritzen denak edo bere (euskalduntasunaren) hegemonia galtzeko uzkur denak?

Nork du tabuaren beharra? Adeitasunez, bere buruaz eta gozamenaz bakarrik arduratzen denak edo talde identitatea eta ohorea, elikatu eta defendatu nahi duenak?

Logikoa denez, sistemak bera indartzeko eta egonkortzeko balio duten praktikak saritzen ditu, horiek ziurtatuko baitiote biziraupena. Horretan jartzen ditu bere indar guztiak, gauzak dauden moduan geratzeko, eta gauzak dauden moduan jarrai dezaten. Eta horren erdigunera iristera lortzen dutenak bikainak izango dira eta bikaintasunaren ikur bilakatuko dira.

Baina nork du bikaintasunaren beharra, Aitor, Aroa eta Kukai bezalako kurtso bukaerako sari ederrak iristen direnean?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.