1921ko abuztuaren 14an Donostian Zurriolako edo Kursaaleko zubia inauguratu zuteneko 90. urteurrena bete berri den honetan, egoki deritzogu herri lan nabarmen, adierazgarri eta eder horri buruzko hainbat gogoeta egiteari.
Badiaren itsasertzeko ingurune berezi eta ezagunaz gain, Donostiak badu bestelako paraje paregaberik ere, izugarri ederra eta kalitate bikainekoa, euskaldunek berek behar beste balioetsi gabea eta maiz ahaztuxea: Urumeako ibaiertza eta zubiak. Oinezkoak ibai ondotik ibiltzea, berriz, hiri jarduera ezinago eredugarria da: askotariko sentipen eta ikuspegiak sortzen dira, espazio horretako egitura bikainei, ingurumari osoan jarritako arkitektura fronteen kalitateari, hiri altzari ezin modu finagoan apainduei, eta ibilbide guztiko pasealeku eta bidexketako zuhaitz eta lore ederrei esker.
Ibaia ubideratzeko harresi bat eraiki zuten 1919an, Santa Katalina zubitik itsasorantz, eta itsasertzeko harresi bat, harri-lubetaduna; ondorioz, Groseko hondartza aldea urbanizatu ahal izan zuten eta itsasoari kendutako lurretan Kursaal kasino desiratua egin. Lortutako aprobetxamenduaren ordainetan, enpresa sustatzaileak —Sociedad Inmobiliaria del Gran Kursaal Maritimo— itun bat egin zuen udalarekin: zubi bat eraikitzea, Grosen egitekoa zuten zabalgunea Bulebarrarekin eta Parte Zaharrarekin lotzeko, Erregina Erregeordearen kalearen bidez.
Horretarako, Bide, Ubide eta Portuetako ingeniari bat kontratatu zuten: Jose Eugenio Ribera (1864-1936); hormigoi armatuzko eraikuntzako espezialista handi bat zen nazioartean, batik bat zubiak egiten aditua. Hark diseinatu zuen, 1915ean, Zurriolako zubia, Kursaaleko zubia ere esaten diotena. Hasieran, estilo klasiko monumentaleko zubi bat zen, hiru arku berdin izango zituena, 30 metroko argia, eta 110 metro luze izango zena guztira; bi urteren buruan, arkuak eraikitzen izandako eragozpenak, itsasaldiek eta Urumea ibaiko ur-lasterrek eragindako txikizioak zirela bitarteko, zubiaren tipologiaren kontzeptua aldatu behar izan zuten, eta isurbide harri-lubetadun bat eraiki ubidean, zutarriak babesteko.
Hurrengo, 1920ko otsailaren 8an, beste zubi bat diseinatu zuten Riberak berak eta Victor Arana industria ingeniariak—ez du beste lan jakinik—, beste egitura sistema bat baliatuta. Lau hutsarte zuzen zituen, 22,50 metrokoa bakoitza, dintel gisakoak, eta zati bakoitzak hormigoi armatuzko zazpi habe, harriz xaflaztatuak —kanpoaldekoak—, hiru zubi branka kurbo aurreratu zituztenak oinarri eta bereizgarri, eta bost metroko bi horma bular nabarmen ubidearen harresian. Itsasgoran, hiru metrora geratzen zen habeen beheko aldea; horrek zeharo aldatu zuen altxaera, ez baitzegoen olatuen halako erasanen mende.Aranak diseinatu zuen baranda, eta hango hiru kaleargi pareak, garaiera eta diametro bikainekoak, lerrokaduratik kanpo eta zubi branka gainean jarritakoak; kono moztuko fuste zuriak eta esfera argigailu ikusgarri eta adierazgarriak dituzte, Vienaren eraginpeko art déco estiloan.
Horikara izaki haien kolorea, kontraste kromatiko egokia eragiten dute gauez, eta Kursaalaren fatxada kristaleztatu minimalei gainjartzen zaizkie; harekin ezinago bat datoz, eta ilunabarreko irudi ezin ederragoa eta ezin ahaztuzkoa osatzen dute, hiriaren nortasun ikur izateraino. Garrantzitsua izango litzateke, era berean, lehengoratzea zubiko oinarriaren eta kapitelaren jatorrizko kolore berde bizia, oraindik orain eman dieten Heineken berde motela kenduta—Jazzaldiaren babeslearekiko mendekotasun zentzugabeari men eginez, agian—.
Pedro Zaragueta alkate zela inauguratu zuten zubia; Udal Musika Bandak arranditsu jo zuen Donostiako martxa, garai hartako jai giroari zegokionez. Geroago, baina, beste esku hartze bat gertatu zen, zubia indartzeko asmoz, eta 1993ko abuztuaren 7an inauguratu zuten berriro, Donostia-Donostia Klasikoa txirrindulari lasterketa ezaguna egingo zela baliatuta. Orain, hogei metro zabal da, hamabi metroko galtzada du, eta lau metroko bi espaloi, alde banatara. Zubia eskas geratu da, ordu hartako irizpideen arabera ere igar zitekeenez: zabaltze handi baten premia larria du.
Behin Kursaal kulturgunea martxan jarrita —ordurako diseinatua zuten, eta 1999ko abuztuaren 23rako zabaldua— eta Zurriola hondartza indarberrituta, begien bistakoa zirudien nabarmen areagotuko zela ibilgailuen zirkulazioa ere, eta egin berri zuten erreforma eginda—1999ko apirilaren 24an inauguratu zuten— hedatu egingo zirela Bulebarreko zumarditik hasitako oinezkoen ibilbideak. Ezinago eskasak dira zubiko espaloiak, ibiltarientzat zein paseatzaileentzat. Askotarikoak dira zubiko joan-etorri abiadurak: lasterkariak, gurpil aulkiak, arrantzaleen kanaberak, ikusmiran dabiltzanak. Ulertzekoa da, ikuskizun ederreko behatokia baita eta zentzumen askoren kitzikagarri baitira zubi inguruko itsas olatuen orroak eta kresal usaina. Aisialdirako korridore eta gertaleku zoragarria.
Gaur egun, pilaketa nabarmena gertatzen da zubian. Bi bide ditu errepideak: bata autobusentzat da, beren-beregi, eta Bulebar alderantz doa; bestea kontrako aldera doa eta kolapsatuta egon ohi da, eta hango bidegorria eta espaloiak jendez gainezka. Paradoxa bada ere, zabalagoak dira zubiaren alde banatako espaloi guztiak: Salamanca pasealekukoa eta Erregina Erregeordearen kalekoa sei metrokoak dira; Argentinako Errepulikaren pasealekukoa, lau metrokoa; Ramon Maria Lili pasealekukoa, bostekoa; Zurriola hiribidekoak, sei eta zazpi metrokoak. Eta horrek ataka gaiztoan jartzen ditu denak, haitzarte batean barrena ibiliko balira bezala, arintasunik gabe eta samaldaka, zubi batek eman beharko lukeen lastertasun zentzua bera ere galtzeraino.
Bide baten jarraipena izan ohi da zubi bat, eta, beraz, hedapena, uniformetasuna eta erosotasuna eman beharko lioke hizpide dugun oinezkoen bidexka horri, behin premia berrietara egokituta. Bitarte jakin baten bidez eta zubia alde bietatik zabaltzeko egitasmo bat baliatuz, luzatu egin beharko lituzkete zubi brankak, eta lekuz aldatu kaleargiak eta barandak —ez eskalari, ez batasunari berari, ez eta inguruko espazioarekiko harremanari erasan gabe—. Lehen irizpidea izan liteke zubia apur bat zabaltzea: gaur egun hogei metro ditu, eta, zabalduta, 31 metro izango lituzke; Zurriolako hiribideko fatxadek elkarren artean duten adina. Hartara, ardatz berari eutsiko litzaioke, eta kaleargiak eta barandak ere eraikinen lerro berean egokituko lirateke. Halako egitasmo baten bidez, 90 urteren buruan, gorazarre egingo litzaioke Zurriolako zubiari, eta balio handiagoa emango.
Kursaaleko zubia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu