Kurduak Sirian; iraultzari uko egin genozidioa ekiditeko

2019ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Duela 10 egun eskas, Siriako Indar Demokratikoak (SDF) ziren Mendebaldearen aliaturik miresgarriena, batez ere, Estatu Islamikoaren Kalifatoarekin bukatu zutelako herrialdeko iparraldean eta ekialdean, eta ez hainbeste gauzatzen ari ziren proiektu politiko feminista, iraultzaile eta etnia anitzekoagatik. Igandean, ordea, YPG eta YPJ barne hartzen dituen egitura militarrak Errusia eta Siriar Erregimenarekin akordioa adostu zuten. Nola gertatu da eraldaketa hori hain denbora gutxian?

Duela 8 egun Donald Trumpek, gauez eta bat-batean, jakinarazi zuen Estatu Batuetako militarrak alde batera mugituko zirela Siriako iparraldean, Turkiako Armadak inbasioa gauzatu zezan. Traizio amerikarra bikoitza zen. Izan ere, Turkiarekin abuztuan adostu zituen zenbait neurri, ustez erasoa ekiditeko. Horien artean zeuden SDFren babes egiturak eraistea eta lubakiak desegitea.

Hortaz, egun batetik bestera, indar kurdu, arabiar, kristau eta turkmenak bakarrik geratu ziren,NATOko bigarren armadarik handienaren kontra, baita bere txotxongilo jihadisten aurka ere, inolako babesik gabe; ez diplomatikorik, ez fisikorik. Berez, erronka ia ezinezkoa zen, baina horri gehitu behar zaio Turkia inbaditzen ari den lurraldea guztiz laua dela, defendatzeko ia ezinezkoa bere artilleria eta hegazkinei dagokienez. Gainera, SDFk ezin du Turkia bonbardatu, mugaren bestaldean daudenak kurduak ere badirelako.

Gauzak horrela, asteazkeneko erasoaren ondoren, Siriako iparraldeak kurdu gehienak jasotzen dituen zatiak kaosaren bidea hartu du ziztu bizian. Recep Tayip Erdoganek Nazio Batuen Batzarrean iragarri zuen duela gutxi bere asmoa argia dela: herrialde zati hori bereganatzea eta bere estatuan dauden milioika errefuxiatu siriarrak han lagatzea. Beste hitz batzuetan, kurduen, baina baita zirkasiarren, armeniarren, yezidien edota txetxeniarren, hau da, gutxiengo nazional guztien kontrako garbiketa etnikoa eta demografia aldaketa eragitea. Mehatxu horren harira, ehunka milaka lagunek ihes egin dute gerra zelaian geratu diren hiri eta herrixketatik, noraezean, muga guztiak itxita baitaude.

5 egunetan SDF osatzen duten talde etniko guztiak ikusten ari dira gainera zer etorriko zaien: bonbardaketak, arduradun politikoen eta zibilen exekuzioak, lapurretak eta bortizkeria. 5 egunetan gerra krimen nahikoa ikusi dituzte eta 2018an inbaditutako Afrin kantoiaren adibidea ere fresko dago oroimenean. Etorkizun beltz hori gutxi ez, eta Estatu Batuek atzo jakinarazi zuten Siriako iparraldetik eta ekialdetik guztiz ihes egingo dutela. Hasieran bi hirien arteko eremutik mugituko zirela aipatu zuten. Zehazki, Tal Abyad eta Serekaniye arteko espaziotik, etnikoki arabiarragoak direnak eta borrokak indarrean dauden lekuak. Baina, Trumpek laster ulertu du turkiarren helburua dela Kobane eta hiri kurduak ere bereganatzea eta birrintzea. Hortaz, ospa egitea erabaki du, erdian geratu gabe.

Ez dio batere axola izan SDFk 11.000 borrokalari galdu izanak Estatu Islamikoaren aurka, ezta Turkiak baliatzen dituen miliziak Kalifatoaren antzeko ideiak defendatzea ere; Ahar Al Sarquiya da adibiderik argiena, ISIS eta Al Nusrako kide ohiak baititu. Are gehiago, turkiarren bortizkeriak igandean ahalbidetu zuen Daexen 900 atxilotuk ihes egitea Ain Isatik, bonbardaketa turkiar bati esker. Gauzak horrela, Estatu Islamikoa sutsuki berpiztu da eta hainbat eraso gauzatu du inbasioa hasi zenetik.

Zurrunbiloaren erdian, SDFk igandean bertan adostu zuen Siriako Erregimenarekin eta Errusiarekin euren armadei uztea sartzen Kobanen eta Mambijen, eta litekeena da sarrera hori zabaltzea orain arte kontrolpean izandako eremu osora. Horrekin, ziurrenik, kurduek eta beraiekin batu diren gainerako indarrek uko egin beharko diete orain arte sustatutako ideiei: feminismoa, demokrazia, etnien arteko elkarlana edota nazio identitate eta hizkuntza ezberdinen aitorpena. Edonola ere, aukerak ez ziren askotarikoak; Mendebaldeak,SDFren ausardia goraipatu ostean, Turkiaren esku utzi ditu. Genozidioaren eta helburu politikoei uko egiteko kinkaren artean, irtenbidea argia izan da. Herritarren bizitzak asmo politikoen gainetik jarri ditu SDFk.

Egoera aldaketa hain denbora gutxian jazotzea ez da erraza izan, baina Turkiaren bortizkeria kriminalak lortu du kurduen kontra, baina baita Europar Batasunaren aurka ere, zeina erabat kikilduta baitago errefuxiatuen krisialdiarekin.

Kurduek bultzatutako iraultza feminista geopolitikaren arrakaletan harrapatuta eta itota geratu da. Laster ikusiko da zein neurritan amore eman beharko duten politikoki Siriako iparraldeko herri ezberdinen bizirautea bermatzeko.

Beste behin ere, kurduei erakutsi diete zein merkea den estaturik gabeko nazio bat saltzea. Izan ere, Estatu Batuek txikizioaren azpian utzi dute SDF, baina Errusiak ere erakutsi du kurduen karta ondo jokatu duela, Turkia NATOko aliantzatik ateratzeko eta bere orbitan kokatzeko.

Zentzu horretan, Afrin kantoi kurdu siriarra eman zion 2018an, S-400 misilak saldu zizkion berriki, eta inozoa litzateke pentsatzea errusiarrek ez dietela eman oniritzia turkiarrei aire eremu siriarra har dezaten, win-win ariketa egikaritzeko. Alegia, sarraskia ekiditearren, Siriako Erregimenak SDFren lurraldea bere esku hartuko du borrokatu gabe; eskubide politikorik ez die aitortuko gutxiengo etnikoei, bereziki kurduei; Estatu Batuak kanporatu dituzte eta bere rola munduko jendarme bezala txikitu dute Israeli eta estatu arabiarrei begira. Jokaldi horrekin, Turkiak ere lortuko du autonomia kurduaren ametsa ezabatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.