Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko lehendakaria eta zuzendari nagusia

Kuotak, ikastoletan

Nekane Artola eta Agurne Barruso
2025eko urtarrilaren 31
05:00
Entzun

Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege berria onartu zenetik, aurrerantzean hezkuntza doakoa izango dela behin eta berriro entzuten/irakurtzen ari gara. Eragile desberdinei entzun diegu, baita Hezkuntza Sailari ere, eta hedabideei eskaintzen dizkiegun elkarrizketatan derrigorrezko galdera da noiz arte jarraituko dugun kuotak kobratzen. Gai honi buruz irakurri dugun azken berria EAEko Arartekoak egindako txosten bati buruzkoa izan da, zeinaren arabera, gure ikastola batek, Donostiako Zurriola ikastolak, «kuota irregularrak» kobratzen ei dituen, «doakoak izan beharko luketen zerbitzuengatik».

Beste ezer baino lehen, baieztapen bat egin nahi dugu: Ikastolontzat hezkuntza-eskubideak unibertsala izan behar du eta horrek esan nahi du edonork eta mundu guztiak izan behar duela eskubide hori gauzatzeko aukera.

Eta Ikastolok norabide horretan egiten dugu lan.

Ikastolok ez gara administrazioaren jabetzakoak, herritarren jabetzakoak gara, eta, administraziotik finantzaketa jasotzen dugun arren, ez gaitu %100ean finantzatzen. Horrela balitz, bere jabetzakoak ginateke, eta ez gara horretarako sortuak izan.

Gaur-gaurkoz, administrazioak itunen bidez gure ohiko jardunaren %70 finantzatzen du, eta gainerako %30a gure kabuz finantzatzen dugu. Horretarako egiten ditugu Ikastolen Jaiak, Tanta ekimena, txosnak jartzen ditugu herri askotan, zozketak antolatzen ditugu, auzolanean egiten ditugu hobekuntza lan asko, eta gure bazkideei (guraso zein langile) ekarpen ekonomikoa ere eskatzen diegu.

Irakasle gehienek soldata zuzenean jasotzen dute Hezkuntza Sailetik. Ez guztiek. Eraikinaren mantentzerako, hornidurak ordaintzeko, garbiketarako eta funtzionamendurako diru-kopuru zehatz eta itxi bat jasotzen dugu. Berdin dio nolakoa den eraikina (zaharra, handia, eraikin bat baino gehiago...) eta zenbatekoa den gure gastua.

Edozein eskolak (baita Ikastolok ere) dituen hainbat figura ez dizkigute ordaintzen: IKT arduradunak, esaterako. Administrazioko langileen kasuan ere diru-kopuru zehatz bat ematen digute. Berdin dio zenbat jende daukagun administrazioan lanean, berdin dio langile horien soldata zein den eta antzinatasuna nolakoa den. Diru-kopurua itxia da.

Jangelako, garraioko eta eskolaz kanpoko langileen soldatak oso-osorik geuk ordaintzen ditugu. Baita garraioko beste gastuak, jangelako menuak eta abarrak ere; eta edozeinek daki kostu horiek guztiak erabiltzaileei egotziz gero ez litzatekeela bideragarria izango.

0-1 urteko eskaintza daukagun Ikastoletan diru-laguntza jasotzen dugu. Inondik inora kostua estaltzen ez duena.

Zer esanik ez eraikinetan egin beharreko inbertsioen inguruan. Noizean behin (bost urtean behin gutxi gorabehera) Eusko Jaurlaritzak ateratzen duen konkurrentziazko diru-laguntza bati esker inbertsioak egiteko eskatutako maileguen %40-50 finantzatzen dugu. Diru-laguntza hau irakaskuntzako kooperatiba guztientzako da.

Euskadiko Eskola Kontseiluaren azkeneko txostenean (Hezkuntza Euskadin 2021-2023 txostena) ageri da 2019-20 ikasturtean ikasleko 7.073 euroko gastua izan zuela Eusko Jaurlaritzak sare guztiak aintzat hartuta, eta sare publikoa bakarrik aintzat hartuta gastua 9.868 eurokoa izan zela. Honek esan nahi du sare publikoko ikasle bat itunpeko sareetako bat baino 5.590 euro gehiago kostatu zitzaiola Eusko Jaurlaritzari. Eskolen beharrak, aldiz, antzekoak dira sare batean zein bestean.

Beraz, ezinezkoa da baldintza hauetan gure bazkideen esfortzurik gabe (ekonomikoa, denborarena...) aurrera ateratzea.

Ekarpen ekonomiko hori ahal duenak bakarrik egiten du eta hori horrela dela bermatzeko mekanismoak ditugu. Izan diru-sarreren araberako kuota progresiboak Ipar Euskal Herrian edota beka-sistema propioak Hego Euskal Herrian. Ekarpen ekonomiko hori egin ezin dutenen ekarpena elkartasunez estaltzen dugu ahal dutenen artean.

Bestalde, beste herri mugimendu asko bezala, sarea gara, eta sare horri ere egiten diogu ekarpen ekonomikoa. Gure bazkideek egindako diru-ekarpenari esker lagundu diegu aurten Tuterako, Lodosako, Argantzungo eta Seaskako ikastolei. Ekarpen hori gabe ez legoke Ikastolarik herri horietan.

Gure talde-izaerak ere baditu beste hainbat ertz: hezkuntza-komunitate osoaren esku jartzen dugun ikasmateriala sortzen dugu, euskal gizartearen esku jarri dugun Hezkuntza Marko Orokorra landu dugu, euskal curriculuma sortu genuen eta eguneratzeko zorian gaude... Gure egitekoa ere bada hezkuntza-sistemari gure ekarpena egitea eta horretara ere bideratzen ditugu gure sosak.

Bada argitu nahiko genukeen beste kontzeptu bat: kuota irregularrak / kuota ilegalak. Zenbaitzuek, gure izena eta izana zikintzeko borondateak bultzatuta, «kuota irregularrak/ilegalak» kobratzen ditugula esaten dute. Hori gezurra da. Gezur borobila. Ikastolok administrazioak finantzatzen ez dizkigun kontzeptuak eta jarduerak garatzeko jasotzen dugu bazkideen ekarpena. Inoiz ez administrazioak finantzatu ondoren gainfinantzaketa lortzeko. Ikastoletako batzarretan aztertzen eta onartzen diren diru-ekarpenak legalak, zilegiak eta beharrezkoak dira.

Euskal Herrian ondotxo dakigu zer den proiektu bat auzolanean eta gure diru-ekarpenarekin aurrera ateratzea. Zenbat ekarpen, kuota, harpidetza... ordaintzen ditugun hainbat herri-proiektu aurrera atera daitezen. Gurea horietako bat da eta izango da.

Horratx, bazkideok egiten dugun diru-ekarpenaren arrazoia eta zertarakoa.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.