#KulturPolitikarako Gobernantza

2020ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Sare sozialetan kultura hitza idatziz gero, topatuko ditugun hashtag edo hitz-segida nagusiak, hauek dira: #kulturaposibleda, #kulturabirusa, #kulturaseguruada eta #kulturaSOS. 'Hizkuntza' jartzen badugu, #hizkuntzaeskubideak agertzen da, eta, 'euskara' jartzen badugu, #euskarazbizinahidut. 'Kultur politika' jartzen badugu, ez da ezer agertzen!

Sareak eta Internet ez dira dena eta hortik at ere gauzak gertatzen dira; eta benetako bizitza beste esfera batean dago, jakina; baina ezin da ukatu egun bertan agertzen dena zerbaiten adierazle dela. Aldarrikapenek, era batekoek zein bestekoek, denek antzeko puntura eramaten gaituzte: kezkatzera. Desesperazio kutsua dute hitz-segidek; honezkero galdetu beharko genuke zergatik iritsi garen egoera horretara eta nola aldatu.

Zelaia prestatu behar da egoera iraultzea nahi bada; ezinbestekoak dira gizarteko eragile guztiek —politiko, kultural, akademiko, sozial, ekonomiko eta industrialek— elkarrekin landu eta garatutako kultur politikak. Garaiko gizarteak politikak egiteko era berriak eskatzen ditu; prozesua, sarea zein emaitzak, guztiak dira garrantzitsuak; horrela baitaude egun antolatuta gizarte modernoak, sarean, elkarri eraginez.

Europako Batzordeak argitaratuta ditu (https://ec.europa.eu/culture/policies/eu-competences-field-culture) bere eskumeneko kultur politiken oinarriak, eta kide diren estatuen laguntzaile gisa ageri da. Era berean, zehaztu ditu 2019-2024 bitarteko lehentasunak eta gai nagusiak Europako kultur lankidetzarako.

Oinarrietan, ez du kulturako definizio hertsirik ematen, eta estatu bakoitzaren esku uzten du eginkizuna. Kultura sektorean erronka diren arlo komunak aipatzen ditu, hala nola: teknologia digitalaren eragina, kultur gobernantzaren ereduen aldaketa eta kultura eta sorkuntza sektoreei berrikuntzan laguntzeko beharra.

Halaber, nabarmentzen du Europako Batasunaren estrategia politiko orokorraren zati direla kultura arloko politikak. Hain zuzen ere, 2019-2024rako zehaztutako markoan honako hauek dira erronka nagusiak: 1) Europako Akordio Berdea: klimaren aldetik lehenengo kontinentea izateko ahalegina egitea. 2) Aro digitalerako egokia den Europa: pertsonak teknologien belaunaldi berri baten bidez ahalduntzea. 3) Pertsonentzat lan egiten duen ekonomia: berdintasun sozialaren eta oparotasunaren alde lan egitea. 4) Europa indartsuagoa munduan: Europa lidergo global arduratsuaren marka sendotzen ahalegintzen da. 5) Gure bizimodu europarra sustatzea: guztiok aukera berdinak izango ditugun berdintasunerako batasuna eraikitzea.6) Europako demokraziari bultzada berria ematea: gure demokrazia elikatu, babestu eta sendotzea. Horiek horrela, kulturak Europako Batasuneko ekonomia eta gizarteentzat garrantzi handia duenez, kultura- eta sorkuntza-sektoreek erronka horietan guztietan lagun dezaketela azpimarratzen du Europako Batzordeak.

Bestalde, Kulturako Lan Agendako helburuak hiru multzotan jasota daude: soziala, ekonomikoa eta kanpokoa. Dimentsio sozialaren helburua da kulturaren eta kultura-aniztasunaren ahalmena gizarte-kohesiorako eta ongizaterako baliatzea; dimentsio ekonomikoko helburua da hezkuntzan eta berrikuntzan, enplegurako eta hazkunderako kulturan oinarritutako sormena bultzatzea; eta kanpoko dimentsioan, EBren nazioarteko kultura-harremanak sendotzea da helburua. Era berean, aurreko hamarkadan abiatutako lankidetza-ereduarekin jarraitu nahi dute, kide diren estatuekin zein interesdunekin (gizarte zibileko erakundeak eta nazioarteko bazkideak barne hartzen dituena) diseinatzen Agenda Berria.

Ez dugu lekurik hemen zehatzago azaltzeko, baina, konplexua eta anbizio handikoa da Europako Batasuneko markoa; eta aniztasuna eta berdintasuna bermatzen ditu. Hori guztia kontuan izanik, herrialde bakoitzak bere esparruko kultur politikak horiek bezain ongi landuta izan behar ditu. Baina, non eta nola dago euskal kultura jokozelai horretan? Zein kultur politika behar dira horrelako erronkei bertatik sendo erantzuteko? Euskal kulturak eta komunitateak jokozelai konplexua dute: hiru administrazio-esparru, bi estaturekiko menpekotasuna, Internet eta diaspora.

Hasieran esan bezala, egun edozein gobernu zein herrialderi politikak egiteko eta lantzeko era zaharrak agortu zaizkio. Gizartea antolatuago dago, eta jakintza hedatuago bertan; eta erabaki-prozesuak konplexuagoak dira politikan zein ekonomian, 90eko hamarkadatik eta globalizazioaren eraginez nabarmendu delarik. Gobernatzea gobernu formalak dituen gaitasunei dagokie; gaitasun horiek, besteak beste, administrazio publikoaren funtzionamendua eta funtzionarioen prestakuntza hobetzea eta ezagutza zientifikoa eta teknikoa erabakiak hartzeko prozesuan sartzea dira. Gobernantza, aldiz, gobernu formala barne hartzen duen eta gaitasun horien beharra onartzen duen arren, gizarte zibileko erakundeak eta eragile sozioekonomikoak barruan antolatzeko moduaz ere arduratzen da, eta, batez ere, ondasun komuna kudeatzen laguntzeko moduez.

Atzean geratzeko arriskua dugu, hashtag-ek erakusten diguten eran. Egun, pandemia garaian bereziki, ikusten ari garen gobernu eredua urrun dago gobernantzatik; aginduak jaso eta betetzeko dinamikak aurkako norabidean baitarama gizartea. Edonola ere, amaitu aurretik, parte-hartzea eragiteko politiken praktika onaren ahalegin diren kasu batzuk aipa genitzake: Zientzia, Teknologia eta Gizartea Plana 2005-08 (Eusko Jaurlaritza); Errenteria 2025 Plan Estrategikoa (Errenteriako Udala, 2013); Euskararen Gaineko Oinarrizko Diskurtsoa (Hizkuntza Politikako Sailburuordetza, 2015); eta Etorkizuna Eraikiz, Lurralde Garapeneko Laborategia (Gipuzkoako Foru Aldundia, 2009-2020). Partaidetzazko politikatan sakontzeko ikasgaia izan daitezke instituzioetatik bideratutako egitasmo horiek; baina, kasu isolatu izateko arriskua ere badute, orokortzen ez bada politika egiteko era hori.

Bizitza ez da zelaia, ahalegina da, eta errealismoz eta arduraz jokatzea dagokigu. Jokoa ez da errenta, izan ere, gizarte hobeagoa eta demokratikoagoa egunez egun eta lankidetzan arituz lortzen baita. Saldu nahi digute «klik bakarrean» gauzak lortzearen berehalakotasuna irtenbide gisa, eta ilusio faltsua besterik ez da. Hobe litzateke elkarrekin lanari ekingo bagenio, soseguz, baina premiaz; Kultur Politikako egitasmo berritu eta zabal baterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.