Jendarte antolatuak zein leku izan behar du eztabaida politiko eta sozialetan? Quim Torra Generalitateko presidentea eta Urkullu lehendakaria ez datoz bat. Azaroaren 15ean Radio Euskadin egin zioten elkarrizketan Torrak jendarte katalana analizatzen zuen, aipatuz badirela han ateneoak, fundazioak eta antolakunde sozialak (Òmnium Cultural, ANC...), zeintzuk interes politiko eta sozial pluralak islatzen dituzten eta gehiengoz babesten duten errepublika, errepresioaren amaiera eta autodeterminazio eskubidea. Ezagun da Quim Torra Òmnium Culturaletik datorrela. Elkarrizketan galdetu zioten CDRek noraino «estutu» behar zuten, eta Torrak hau erantzun zuen: «Esamolde hori Katalunian oso ohikoa da. Jendarte katalana ikustera joaten naizenean eskatzen diot estutu dezala; maisu kolektibo batekin banago esaten diet estutzeko; 'estutu administrazioa behar duzuen soldata igoera izan dezazuen'. Nik gure herrian herritar kritikoak nahi ditut, eskatzen eta exijitzen digutenak, estutuko gaituztenak».
Haatik, Urkulluri 2016an prozesu katalanaz galdetu ziotenean hau izan zen bere erantzuna: «Larritzen nau herri mugimendu ardurarik gabeek baldintza dezaten Katalunia». Prozesu demokratiko eta parte hartzezkoaren aurkako deskalifikazio gogorragorik ezin da bota. Tankera honetako esaldiekin Urkullu erreferente bihurtu zen Espainian apustu katalana ahultzeko.
Egitate beraren aurrean Estatu inbolutiboa Torrak ez du uste jendarte antolaturik gabeko prozesurik aurrera atera daitekeenik; Urkulluk, berriz, deskalifikatu egiten du, jendartearen antolakuntza klientelarra ez bada. Lehendakariak bere iritzia muturreraino eramaten du, eta ukatu egiten die harreman normala izateko aukera «estutzeko» eskubidea aintzat hartuz bere politikak kritikatzen dituztenei. Urkullurentzat dena hauteskundeetan hasi eta bukatzen da; bozkatu eta kitto. Herritarrak behatzaile pasibo izan behar du botereak erabakiak hartzen dituenean. Bozkatzeak zirkulua ixten du; jendeartean ez dago beste legitimitaterik. Esaterako, lehendakaritzak ELAri galdegin dio Jaurlaritzari egiten dizkiogun kritikak amai ditzala... bilera bat egiteko, besterik ez. Guk, noski, ez dugu halakorik onartu.
Kultura politiko hau oso kezkagarria da; areago munduan autoritarismoa hedatzen ari denean. Duela gutxi Fermin Muguruzak esana da: «Maccarthysmo jasanezina pairatzen ari gara». Hala da. Horrek agerian uzten du politikan gertatzen ari den eskuinerako lerratze nabaria. Urkulluren gobernua da horren adibide bat. Jaurlaritzak 2014an egin zuen agiri batean sindikatuei dagokien rola definitu zuen. Eta lehendakariak ahal duen guztietan gogoratzen du: «Zentral sindikalen bat sindikatuari dagokionetik haratago doa». Bere gobernuak neutralizatu egin nahi gaitu gauza normalak lortzeko «estutzen» dugunok: lan duina, justizia fiskala, gizarte-prestazioak, genero berdintasuna... Noski, «estutzen» duena botere ekonomikoa bada lehendakaria ez da kezkatzen.
ELAren ikuspuntutik paradoxa da ezkerraren zati handi batek ez kontuan izatea sindikalismo borrokalariaren aurkako jazarpen estrategia hau. Ez da normala. Betidanik uste izan dugu ezkerra ahuldu egiten dela eskuin politiko eta ekonomikoak sindikalismoa ahultzen badu. Eskuinak nortasun kolektibo alternatiboak suntsitu nahi ditu, eta ELAk ezkerrari eskatzen dio ez dadila mugimendu sozial eta sindikalengandik eta horien eskarietatik urrundu, bestela finean ezdeusa izango baita politikan; hori da Europa guztian zehar sozialdemokraziari gertatu zaiona. Ezker politikoak eskari hori aintzat hartzen badu elkarrekin lan egiteko aukerarik badago.
Apustu politiko bat sinesgarria izatea ala ez aukeratzen diren aliatuen baitan dago; aurkariekiko errespetuak ematen du kalitate demokratikoaren neurria. Urkulluren aliatuak enpresarioak dira, eta horiei ematen die babesa; baita PSOE edo PP ere, politika neoliberalak egonkortzeko, eta, azkenik, gutxiengoan diren CCOO eta UGT, sindikalismo borrokalariari dion ezinikusiaren adierazgarri. Urkulluren aliatu bat bera ere ez da erabakitzeko eskubidearen aldekoa. Statu quo jakin bat, marko politiko eta sozial estatala defenditzen dute, eta, horrekin batera, interes ekonomiko batzuk; kapitala eroso dago egoera honetan.
Aliantza horiek bat datoz euskal jendartean lan, gizarte eta politika arloan erreferentzia erreibindikatiboak lokartzeko helburuarekin. Urkulluk esan du burujabetza aldarrikatzeak euskal jendartea «zatikatu» egiten duela. Eta inboluzio estatalak ez al du zatikatzen? Baieztapen horrek, autogobernuan PPrekin eta PSOErekin 39 urtez bete gabeko legeak eta atzeranzko urratsak bizi izan ditugularik, indartu egiten ditu gatazka politikoaren erroa ukatzen dutenak: Alegia, espainiar estatuan ez dagoela aukera berdintasunik proiektu politiko guztiak gara ahal daitezen. Horregatik daude erbesteratu eta preso katalanak, liderrak indargabetzea estatu-arrazoia zelako; estatu-arrazoia den bezala euskal presoen auziari heldu nahi ez izatea edota Altsasuko gazteak espetxeratzea. Horregatik, zentzuzkoa da lege bidegabeen aurkako borroka zibil eta demokratikoa; borrokatzen ez bazara inboluzioa iraunarazten duzu. Urkulluk, ordea, ez du inola ere konfrontazio demokratikorik nahi eta jendarte antolatua traba gertatzen zaio gain behera doan autogobernua kudeatzeko eta gero eta erreakzionarioagoa den Estatu batekin tratuak egiteko.
ELA oso kezkatuta dago demokraziaren kalitate eskasa ikusita, eta praktika politikoan klientelismoak eragiten duen kalteagatik. Antzinako Erroman «klientea» zena derrigortuta zegoen patroiarekiko «leialtasuna eta debozioa» izatera. Klienteek gorte gisako bat osatzen zuten, eta patroien aginduak betetzen zituzten. Klientelismoa kalte handia da: borondateak erosten ditu, pentsamolde kritikoa deuseztatzen du, eta antolakundeen autonomia higatzen du, zertarako eta gogoeta, proposamen zein ekintzak isilarazteko. Hots, jendarte baten funtzionamendu demokratikorako funtsezkoa den guztia. ELAk uko egiten die alderdi eta gobernuekiko harreman klientelarrei, baita instrumentalei ere.
Gure ustez, beharrezkoa da hausnartzea erabakitzeko zein kultura politikok ekar ote dezakeen atxikimendu sozial handiagoa, eta gure proiektuak garatzeko klaseko zein nazional direla ere zein egitura sozial erreal hautatuko dugun. Noski, ELAk dio bere sindikalismoa egiteko aukera aitortu eta errespetatu beharra dagoela; hala ordezkaritzari, nola ekintzari dagokionez. Menpekotasunik gabe. Sindikalismoa indargabetzeko saioak bateraezinak dira edozein proiektuk oihartzun handiagoa izan dezan ezartzen diren gutxieneko demokratikoekin. Hau da gure uste sendoa.
Kultura politikoa eta atxikimendu soziala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu