Uda honetan Para acabar con Eddy Bellegueule nobela irakurtzeko aukera izan dut, iaz Frantzian salmenta-arrakasta handia izan zuen Edouard Louis gaztearen lehen literatura lana. Frantziako iparraldeko herri industrial bateko familia behartsuaren gorabeherak agertzen zaizkigu eleberrian, Eddy haur eta nerabearen ahots zorrotzarekin kontatuak. Espero zitekeen bezala, kontakizun horretan deskribatutako ingurune sozialeko pertsonek nozitzen dituzten gabezia materialak handiak dira. Gazteek ez dute itxaropenik etorkizunean, eta, gehienetan, eskola urteak amaitu baino lehenago egiten dute fabrikarako edo langabeziarako ibilbidea. Sarritan janari baino alkohol gehiago sartzen da etxeetan, eta hotza eta miseria dira nagusi nonahi. Hala ere, estutasun horien guztien gainetik pobretasunak itsatsita dakartzan bestelako ezbeharrak egiten zaizkigu ikusgarri nobelagilearen begiradaren bitartez: familiako nahiz eskolako harremanetan dagoen biolentzia eta basakeria, jendearen jarrera matxista eta homofoboen indarra, hizkera gordinaren eta argotaren erabilera, eta eskolaren eta kultura jasotzat jotzen den guztiaren gutxiespena, besteak beste. Egileak errealitate horren argazki gordina egiten du, errukigabea. Izan ere, berak bizi izandako haurtzaroa dauka idazgai autoreak liburu autobiografikoan. Baina, disekzio-lan gupidagabe hori arrotzaren begiradatik baino ezin izan du egin, kultura jasoan eta literaturan murgiltzeko aukera izan duen arnegatuaren ikuspegitik, izena kanbiatzeraino eraman duen identitate aldaketaren distantziatik. Hain zuzen ere, Eddy Bellegueule izenez jaio zena Edouard Louis dugu gaur egun, gazte homosexuala, unibertsitate ikasle eta idazlea, patuak esleitu zion klase sozialetik ihesean dabilena, askatasuna literaturan bilatzen aritu dena, kulturatik abiatuta ahots propioa eraiki duena.
Eddy/Edouard-en historiaren matazak hari asko ditu, haiei tiraka gogoeta egiteko modukoak. Kultura baliabideen urritasunak bizitza sozialean eta, hartara, pertsonen bizi-esperientzian sor ditzakeen oinazea eta mendekotasuna da horietako bat. Hori horrela izanda ere, kultura ez da izaten gogora datorkigun lehen ideia beharrizanezko egoerez hitz egiten dugunean, gure ingurune sozialean behinik behin. Aitzitik, oso ohikoa da behartasunari lotutako auziak premia ekonomiko modura irudikatzea, eta termino ekonomiko soilen arabera definitzea. Baita pertsonen sufrimendua eta ezintasuna gosearekin, etxebizitza ezarekin edo bestelako gabezia materialekin parekatzea ere. Haatik, batez ere egiturazkoa eta iraunkorra denean, urritasun materialak pertsonen eta talde sozialen bizimoduak eta jokabideak baldintzatu ez ezik, ikusmolde, balio eta sineste jakin batzuk ere ezartzen dizkie haiei. Probabilitate handiarekin, belaunaldiz belaunaldi transmititzen direnak, behartasuna bera bezala. Eta ezartzen die kultura baliabideen ezagutza —eta erabilera— maila jakin bat. Izatez, gizartean baliotsu diren bestelako bitartekoen gisara, modu asimetrikoan banaturik daude kultura baliabideak posizio sozialen arabera. Hala, kokapendesberdinetako pertsonek ez dute hizkera bera erabiltzen, hizkuntza berean arituta ere, eta ez dute modu berean hautematen errealitate soziala bera, kokapen sozialaren araberako esanahi eta kategoria desberdinak erabiltzen baitituzte errealitate horretako gertakariak izendatzeko eta pentsatzeko. Ildo horretan, desberdintasun kulturalak aberasgarriak izan daitezkeen arren, baliabide kulturalen banaketan dauden desberdintasunak ez dira onuragarriak, azken horiek pertsona batzuen aukerak zabaldu eta beste batzuenak mugatu egiten dituztelako beren bizitzak modu autonomoan antolatzeko unean. Zenbat eta baliabide kultural gutxiago izan, mugatuagoa da pertsonek askatasunez jarduteko duten ahalmena, urriagoa beren inguruan gertatzen dena eta patua bereizteko gaitasuna, eta eskasagoa ezarrita datozkien subordinazio-egoerak gainditzeko bitartekoen errepertorioa.
Ildo beretik, kultura baliabideak subjektu politiko izateko giltza aurre-politikoak dira, pertsonari ahots politikoa eraikitzeko eta herritar oso modura aritzeko bidea ahalbidetzen diotenak. Asko dira gure gizartean ezinbestean isilik bizi direnak, iritzirik sortu ezin dutenak, gaurkotasun politikoaren nondik norakoak ezagutzen eta ulertzen ez dituztenak. Behartasunak ez du sortzen berez errebolta ezta mendekotasunak askatasun-nahia, egoera horiek ezagutzeko gaitasunik ez badago. Behartasunak, ordea, zaurgarritasun soziala dakar eta, behin baino gehiagotan, konformismorantz lerratzen ditu pertsonak, beren ezintasunean. Ez egunkaririk, ez libururik, ez ordenagailurik ezagutzen ez duten munduko beste etxe askotan bezala, telebistak piztuta irauten zuen egun osoan Eddy Bellegueuleren etxean, eta isiltasuna eskatzen zien familiakoei aitak haren ahotsa ondo entzun zedin.
Kultura eta ahotsa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu