Jabetu al gara, benetan, iritsia zaigula ordua? Iraultza gogoa berpizteko garaia dugula? Hau da, Europako eta bertoko ezkerra deritzonaren ordua dela? Eta agian azken aukera? Bada, pausoak ematen hastear bagara, har dezagun kontuan zera: kultura ala ezereza, ezer-ez nuklearra seguruenik.
Zeren gizakiok zeharo zorabiatu eta desbideratu baikara, dirudienez lar den beste. Gauzez eta gauzaren gauzez itota, agortuta, barrena hustuta, bizitzaz ahaztu egin baikara. Eta elkarren aurka egiteari ekin, munduan beste gauza ederragorik ez bailegoen.
Eta ez bakarrik hori, baizik eta gure gauzen zaborrez mundua bete dugula, biosfera toxikatu, klima aldarazi eta hainbat migrazio masibo eta gaixotasun eragin, mundu mailako pandemia barne. Gure hiru industria iraultzek zaborreria aunitz ekarri digute. Hazkundea, bi ahoko ezpata: gizakiontzat ongi (batik bat gutxi batzuentzat bikainki), baina inguruarendako jasangaitz betiere, desbidetik abiatutako hazkundea nonbait, nolabait.
Bata eta bestea pentsa dezake bakoitzak horren guztiaren zergatiaz, inoiz honen guztiaren zergatiaz inor kezkatzen baldin bada azkenean. Ezen ez soilik ondorioez, jakina, ez eta ondorioen ondorioez, gure hedabideek eta eliteak nahi duten moduan dirudienez, baizik eta kausez, zergatiez, gertatzen dagoenaren errealitatearen zergatiez. Zeren inoiz baino premiazkoago baita egoeraren analisia, antropologia eta filosofia; inoiz baino maizago ezkutatzen dizkigulako zergatiak (elitea ipurdia agerian geratuko delakoan edo).
Filosofia, bai, inoiz baino premiazkoago, egoera honen zergatiez asmatzeko eta sekulako gizarte-desbideratze hau zuzen dezagun erro-errotik.
Zer gertatzen ari zaigu gizakioi zorioneko XXI. mende honetan? Seguru da burua galdu dugula, garuna urtu zaigula. Ez dakidana da zein neurritaraino. Ea egoera honek atzera bueltarik daukan, edo jada ez. Darwin jaunak, berak izadiaz zeukan jakintza guztiarekin, eta espezieen eboluzioaz hitz egin zigun arren maisuki, ez zuen, ez zukeen-eta aurreikusi gaur egun gertatzen dagoena. Erran zigun espezieak garatu egiten direla, aurrerantz garatu, eta noizean behin, gainera, jauzi kualitatiboak emanez... aurrerantz. Baina eta bere mendeko seme zenez, ez zuen sumatu atzeranzko jauzi kualitatiborik gerta zitekeen. Atzeranzko pausorik. Zer pena.
Lastima, bai. Izan ere horixe baita, ene aburuz, oraintxe berton gertatzen zaiguna 2019-2022 bitarte honetan: gizakion eboluzioan atzeranzko jauzi kualitatibo bat. Ez pentsa hain arraroa denik. Gertatu da halakorik lehenago ere gizakion historian, eta ez dakit beste espezie batzuetan; aski eta sobera dugu geureaz oraingoz. Zelan gertatzen den atzeranzko jauzi kualitatibo bat? Bada, seguru asko, astiro-astiro. Lehengo garaian, bi espezie desberdin gurutzatzean, espezie desfaboratuenaren geneek gaina hartzean; adibidez, Homo neanderthalensis eta Homo sapiens sapiens gurutzatzean, azken hau irtetean garaile (bai, ongi irakurri duzue)
Baina eta zergatik, gaur egungo giza eboluzioan, atzeranzko jauzi kualitatibo hau?
Ez da erraza hain odol beroan konklusioak ateratzea, baina saia gaitezen horretan, biharko uztearren beranduegi izango ote delakoan, gauzak eta gertaerak doazen abiada azeleratuaz kargutuz.
Gizakiok zeharo desbideratu garen sentsazioa daukat, 1950etik honantz bederen: «Zeozer pasetan da atmosferan» entzun nuenetik 11 urte neuzkala, gaztainadiak gaixotu ziren hartan. Gizakiok, lehenbizi, elkarren aurkako gerratan dihardugu etengabe, munduan beste zereginik ez bailegoen, esan bezala. «Baina hori beti izan duk horrela», esanen duzue. A, baina orain diferentea da, lagunok. Lehen harrika ziharduten, gero geziez eta lantzaz, gero kanoikadaz... baina orain milaka arma nuklearrez, horietariko bat bera nahikoa delarik munduan kaosa eragiteko. «Baina gizartearen gidariek horren kontziente izanen dozak... eztok?». Bada, horixe da zalantzan jartzekoa, hain zuzen. Gertatzen dagoen guztia ikusita, ezin garela gure gidari politikoez, eta are gutxiago ekonomikoez fidatu.
Mendebaldeko ekonomia gidatzen duen elitea, etika oro popatik hartzera bidalita, gaixotasun batez baliatu da, eta horretan dihardu oraindik, dolarretan muntatzeko bere makro-negozioa, Big-Farma bigarren diru-potentzia bilakatzeraino botere-rankingean, arma-mutilen pareko kasik. Hau ironia. Armak eta farmakoak jaun eta jabe, munduko peste biak ala biak.
Eta Mendebalde honetako politika gidatzen duen eliteak gerra hau ekarri digu, oraingoan Europaren bihotzera. Eta hau ere luzerako doala dirudi, plandemia bera bezalaxe.
Zer gertatzen zaigu, ordea? Odol hotzean esanen dizuet neronen aburua. Gizakiok bizitzaren misterioa aparkatu dugu gure eguneroko bizitzan. Gauzez bete dugu gure eguneroko bizitza. Gauzez, hipermerkatuz, pantailaz, digitalez, kablez: gauza fisiko zein digitalen giga mordoa; eta udaberriko loreez ahaztu gara, bedatsean belarra nola hazten den, umeak jaiotzearen miraria normaltzat hartzeraino, eta hainbat mirari, bizitza bera mirari ez bailitzan.
Gizakiok bizitzaren misterio sakratuaren zentzua alboratu dugu, eta hor nonbait, bazterren batean aparkatuta utzi eguneroko bizitzaren mirari sakratua. Eta horrek galbidera eramanen gaitu, halako jarreran jarraitzen baldin badugu: elkarri gerra etengabea eginez eta bizitza arbuiatuz. Edozein bizitza arbuiatuz.
Gaixotasun mental larri honi aurre egiteko erremedioren bat? Bat behintzat argi daukat: kultura! Zeren eta kultura ez baita soilik teatro eta espektakulua, ezta soilik zinea, telebista eta kirola ere. Kultura, hori guztia izateaz gain, sorkuntza da, pentsaera, antropologia sortzailea, hizkuntza, gure arbasoen ondarea oro, eta jakituria horren gaineko geure sorkuntza berria, kultur ekintza, kulturgintza orobat, oro har. Hau da, bizitzaz gozatzea, gozamen horretarako gai izatea... Hori litzateke errietan diharduten liskarti ganorabako eta txoriburuei beste zerbaitera beha dezatela gomendatzea: bizitza beha dezatela! Horrexegatik diot: kultura ala ezereza.
Kultura ala ezereza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu