Kukutza, denok amestu dugun proiektua

Mikel Etxaburu. Joana Regueiro.
2011ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Kukutza eremu askea da, ahalegin izugarri bezain ederrak bultzatuta egia bihurtu den ametsa. Nork dio utopiak ez direla betetzen? Nork esan lezake ametsak lo gaudenerako direla solik? Kukutzan egon den inork ez, behintzat. Ilusio eta lan eder horren parte gara. Parte gara ametsak direlako gure ipar; askatasunaz hitz egin baino nahiago dugulako aske izan, eta batez ere, prest gaudelako amets egiten jarraitzeko.

Aginduak ematera ohituta daudenek, ordea, beste amets batzuk dituzte buruan. Haiek ezarritako joko arauetarik kanpo ez dute nahi bizitzarik; nork bere bizitzaren lema hartu eta beste askorekin batera egitasmo komunak sortu eta bultzatzea arriskutsuegia da ezer aldatu nahi ez duenarentzat. Baina Kukutza eremu librea da, eta boteregune klasikoen agindu ilunei muzin eginda, erabakitzeko eskubidea bere azken muturrera eramaten da bertan. Auzo, hiri eta herri berri baterako oinarrizko printzipioetan eragin eta erabakitzeko eskubidearen gainetik erabakitzeko gaitasuna praktikan jartzea du helburu, besteak beste. Izan ere, nahiz eta batzuk oraindik konturatu ez, denok garelako Kukutza.

-Kukutza, proiektu moduan, Bilboko belaunaldi oso baten eta Errekaldeko auzokideen konpromisotik abiatu zen.

90eko hamarkadan, Bilbon, okupazioaren aldeko olatuak bere lekua egin zuen, eta Errekaldez gain Bilboko beste auzo batzuk ere zipriztindu zituen olatu horrek. Sormen lantegi autogestionatuak eraiki ziren auzo askotan. Horiek guztiek tamalez egun Kukutzak bizi duen atakatik igaro dira, eta gehienak itxi dituzte: Txalet de Hiedra Iralan, Olabeagako gaztetxea, Sorgintxulo, duela hilabete pare bat Iralako Gazte Lokala eta abar eta abar itxi dituzte. Beste batzuek borrokaren indarraz zutik diraute: Deustuko gazte lokala, Zazpi Katu gaztetxea, Zorrotzako Gaztetxea, Santutxuko LaKomi, Bilbo Zaharran Saguzahar gaztetxea eta Otxarkoagako gazte lokala. Baina denek Udalaren politika txikitzaile eta ezkorra sufritzen dute.

Egia da Errekalde auzo bizia izan dela beti; bere auzokideen aldeko lanean, egitasmo berritzaile eta parte hartzaileak sustatu dituzte bertan bizi direnek.

-Kukutza desobedientzia egitasmoa izan da bere hastapenetik, auzoko hainbat kokalekutan, baina betiere existitzen ziren espazio bizigabeei kolorea, ilusioa, ekimen berriak, kudeaketa parte hartzailea, egitasmo autogestionatuak eta abar eta abar eskainiz.

-Kukutzak gazteek eta ez hain gazteek proiektu autogestionatuak aurrera ateratzeko duten gaitasuna eta indarra erakusten du. Botereguneetatik, ordea, gaztetxeen eta espazio autogestionatuen aurkako desprestigio saiakera etengabeak sustatu izan dituzte. Horren aurrean, Bilboko gazteriak, gazteria antolatuak, gazte mugimenduko espresio askotarikoek, herri mugimenduko eragileok Kukutza geure egin dugu. Geure egin dugu ez soilik Bilbon dauden gabeziei erantzuten dien espazio edo leku bat delako, baizik eta proiektu horretatik bertatik pasatu garen milaka lagunek Kukutza geure egin dugulako, eraikin horretan gora eta behera gogotsu eta etxean bezala ibiltzeaz gain, proiektu horrek duen xarma barruraino sartu zaigulako. Denok nahiko genuke Kukutza bat gure auzoan, gure herrian… nork ez ditu ametsak maite?

-Kukutza harremanak eraikitzeko espazioa da. Harremanak Errekaldeko auzokideen eta bertan lanean dihardutenen artean, bertan bizi direnen eta bertan proiektuak sortu dituztenen artean, Bilboko gazte belaunaldien eta herri mugimenduko espresio ezberdinen artean, Euskal Herriko gaztetxeen zein bertatik pasa diren eta egun espetxeetan preso dituzten gazte konprometitu askoren artean… Kukutza harremanak eraikitzeko espazioa da, harreman sendoak, konpromiso eta elkartasunaren bidez lotutako harreman zintzo eta emankorrak eraikitzeko leku bizia.

-Kukutza ez da ukitzen!!! Udalak ez du ukitu behar, ezin du ukitu, eraikina botatzeko alternatiba bat aurkezteko ez bada; boteregune finantzarietan erabakiak hartzen dituztenek ezin dute ukitu espazio hori, bere horretan mantentzeko ez bada; instituzioek ezin dute ukitu, bere izaera autogestionatu, publiko eta parte hartzailea bermatzeko ez bada… Beste guztiok Kukutza ukitu, bizi, dastatu, entzun eta sentitzen jarraitu nahi dugu!!!

Horrela, idazki hau sinatzen dugunok datorren zapatuan Bilbon egingo den manifestaldi internazionalean parte hartzera deitzen dugu. Kukutzaren aldeko lanean etengabe aritzeko deialdia egiten dugu. Gure herrietan eta auzoetan ehunka Kukutza sortzera deitzen dugu. Herri aske batean pertsona askeak izateko aldarria egiten dugu. Hilaren 16an Kukutza Gaztetxearen kontrako eraiste agindua geldiaraztea eskatuko dugu Bilboko manifestaldian. Jarrai dezala ametsak!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.