Pasa den martxoaren 11n probintzia eta nazio mailako hauteskundeak egin ziren Kuban. 8 milioi eta bederatziehun mila inguru herritarrek aukera izan zuten Batzar Nazionaleko 605 diputatuak eta Batzar probintzialetako 1.265 kideak hautatzeko. Erroldaren %83k parte hartu zuten eta botoen %94,5 baliozkoak izan ziren. Datorren apirilaren 19an Batzar Nazionala eratuko da eta ondoren Estatu eta Gobernuko presidente berria hautatuko dute. Aldi berean Estatu Kontseiluaren 33 kide berriak ere aukeratuak izango dira.
Egindako hauteskundeak ez dira nolanahikoak izan; alderantziz, hauteskunde historikotzat jo ditzakegu; izan ere, lehenengo aldiz lau hamarkada pasa ostean, Castro anai bat ez da izango agintari gorena Karibeko irla handienean eta belaunaldi errelebo oso esanguratsua gauzatuko da. Hauteskundeetako emaitzak eta Batzar Nazional berriaren profila analizatzeaz gain, aipatu errelebo horren nondik norakoa aztertuko dugu ondoko lerroetan.
Hauteskundeei dagokienez, parte-hartze datuei erreparatzea komeni da, aurreko hauteskundeekin alderatuta jaitsi egin baita. Esan gabe doa parte-hartze maila Kuban oso altua dela inguruko herrialdeekin konparatuta, eta mundu mailan dagoen batez bestekoarekin, are gehiago jakinda parte-hartzea ez dela derrigorrezkoa (ez dezagun ahaztu hainbat Estatutan nahitaezkoa da).
Dena den, duela bost urteko hauteskundeekin alderatuta, parte-hartze maila 8 puntu jaitsi da eta 2008koekin konparatuta, aldea 14 puntukoa da. Horrek parte-hartzearen beherakada progresiboa erakusteaz gain, hauteskunde sistemarekiko pitzadura txiki bat adierazten du, eta, batez ere, belaunaldi gazteenen atxikimendu politikoaren ahulezia seinale bat, hainbat soziologoren arabera.
Bestalde, parlamentari berrien profilari begiratuta zenbait datu interesgarri topatzen dugu, atzerritik eraikitako irudi estigmatizatua deuseztatzen duena. Lehenik, diputatu berrien %56 emakumeak izango dira, haien burua aurreratutzat jotzen duten herrialde askoren aurretik. Estatu Espainiarrean, adibidez, %40 da eta Alemanian %30.
Ordezkaritza etnikoari dagokionez, %60 txuriak izango dira eta %40 beltzak eta mulatoak. Gaur egun lehenengoak dira gizarte osoaren %65koa, beraz, gutxiengo etnikoen presentzia nabarmena izango da. Horrek ez du ukatzen Kubak duen zor historikoa gutxiengo etniko hauekiko, ezta hauen presentzia urria goi kargudunen artean ere, baina aurrerapausoa ukaezina da.
Batzar Nazional berria ere gaztetuko da nabarmen, zaharrez beteriko instituzio bat izatearen estigma deseginez. Parlamentarien erdiak baino gehiago 50 urtetik beherakoak izango dira, adinaren batez bestekoa 49koa izanik. Aipatu batez bestekoa Alemania, Estatu Frantsesa edo Estatu Espainiarrarekin alderatuta berdintsua da.
Hala eta guztiz ere, datu esanguratsuena belaunaldi erreleboaren inguruan aurkitzen dugu. Hasteko, 80 urte baino gehiago duten belaunaldi historikoaren partaide nagusiek (Raúl Castro, José Ramón Machado, Ramiro Valdés eta Guillermo García Frías) Estatu Kontseilua eta Ministro Kontseilua utziko dute. Raúlek bere hitza beteko du eta 2 legegintzaldi pasa ostean (10 urte) Estatuaren agintaritza nagusia utziko du, 86 urte dituelarik. Machado eta Valdes presidenteordetzatik aterako omen dira.
Bestalde, ez dago zalantza handirik nor izango den presidente berria. Aditu guztiek Miguel Díaz-Canel, oraingo presidenteordea, Raúlen ordezkoa izango dela ziurtatu dute. Hala balitz, belaunaldi erreleboa gauzatuko litzateke bete-betean, kontutan hartuta hautagai berriaren adina. Díaz-Canelek 58 urte beteko ditu datozen asteetan eta belaunaldi zehatz baten ordezkoa da, hau da, Iraultzaren lehenengo urteetan jaiotakoa, Iraultzari esker hazitakoa eta hezitakoa, Ordena sozial (iraultzailea) berria eraikitzeko ahalegin handia egindakoa, eta azken bi hamarkadetako krisi ekonomikoari aurre egiteaz gain, belaunaldi gazteak sostengatu behar izandakoa.
Díaz-Canelek esperientzia militante luzea du, gazterian (UJC) lehenik eta alderdian (PCC) ondoren. Gobernu esperientzia ere anitza eta sakona du: 90. hamarkadan Villa Claran (bere sorterrian) Alderdi Komunistako burua nagusia izanik eta azken hamarkadan Goi Hezkuntza Ministro (2009-2012) gisa eta 2013tik Estatu eta Ministro Kontseiluen lehenengo presidenteordea delarik. Hainbat adituk onartzen diote Díaz-Caneli trebetasun politikoa Iraultzaren oinarrizko balioak eta aldaketak bultzatzeko gaitasuna uztartzeko.
Bukatzeko, ezin dugu ahaztu abian dagoen errelebo politikoaren azken ñabardura: bere erritmo graduala, hain zuzen ere. Izan ere, Raúl Castrok Estatu eta Ministro Kontseiluen presidentzia utziko du, baina PCCko lehenengo idazkaria izaten jarraituko du 2021 urtera arte eta lehen aipatu hiru komandante historikoek alderdiko goi karguei eutsiko diete. Gainera, segur aski Raúl Armadako Komandante nagusia izango da bizirik dagoen bitartean. Beraz, belaunaldi erreleboa abian dago, baina musika kubatarraren erritmora egokituta, eta ez kanpoko interes inperialisten gustuaren arabera.
Kuba: hauteskundeen emaitzak eta zuzendaritza berria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu