Kruzeroak ere ongi etorri?

2019ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Pasa den uztailaren 4an Sea Dream I luxuzko Jkruzeroak Kontxako Badiaren sarreran geldialdia egitea albiste izan da. Hainbat argazkitan ikusi ahal izan dugu donostiarrok kruzeroa eta handik gure kaira turistak eramateko taxi deitutako txalupak. Hainbat herritarrek beraien kezka adierazi dute sare sozialen bitartez.

Baina gertaera ez da berria, eta, are gutxiago, gure inguruko bi portu nagusiak (Pasaia eta Bilbo) kontuan hartzen baditugu. Zenbait komunikabidek kruzero horien bozgorailu eta publizista rola hartu dute. Haiei buruz informazio interesatua ematen dute portuetara iristean: tripulazioari elkarrizketak, publirreportajeak... Hedabide hauek, gure lurraldean monokultibo ekonomikoa bilakatzen ari den turismoa goraipatzen dute. Kruzeroak jasotzea albiste pozgarria eta onuragarria balitz bezala kontatzen digute. Aurreko legealdian Gipuzkoako Foru Aldundiak bere turismo planean kruzeroei buruzko ekimenak txertatu zituzten. Bere ezaugarri fisikoek suposatzen dituzten zailtasunen gainetik, Pasaiako portua kruzeroen ibilbidean sartzeko ahalegina etengabea izan zen:Santiago bidea itsasoz, kruzero txikien bitartez egiteko proposamena, besteak beste. Pasaian autobusetan sartu eta turistak Donostiara ekartzeko asmoarekin, besteak beste.

Badaude datuak kruzeroek sortzen dituzten arazoen inguruan. Transport & Environment, Europan mugikortasun jasangarriaren aldeko kanpainaren arabera milioi bat kotxek bezala kutsatzen dute halako itsasontzi batek. Sarri esan izan da kruzeroa ur gaineko herri bat dela; kontuan izan behar da, sortzen duen zaborra eta poluzioa, baina, ez dela herri horretan geratzen, itsasoan, airean eta bisitatzen dituen lurraldeetan baizik. Turismo estraktiboaren formarik adierazgarrienetako baten aurrean aurkitzen gara. Kruzeroen bidez, promotore turistikoek lurraldeen ondare eta baliabide natural, kultural eta sozialak erabiltzen dituzte beren negoziorako, eta lurralde horretan kaltea soilik uzten dute.

Turistifikazioaren aurrean aurkitzen diren Europa Hegoaldeko hirien SET sarean, badira kruzeroen arazoa Donostialdeak eta euskal kostaldeak baino askoz eragin kaltegarri handiagoz jasaten duten hiri eta lurraldeak. Pasa den irailean Lisboan egindako topaketa batzuetan, besteak beste, Lisboa, Bartzelona, Venezia eta Donostiako kideak elkartu ginen. Egun horietan, esnatu, eta bi kruzero erraldoi ikusten genituen parez pare. Kideek kruzeroen eraginak xehetasunez aletzeko aitzakia izan zen. Bartzelona eta Venezian, turistifikazioaren elementu nabarmenen eta kaltegarrienetako baten moduan identifikatua daukate.

Bartzelonako kideen arabera, horrelako munstroak portuan sartzea, hiria suntsitzeko atea zabaltzea bezala da. Bertara, egunero bost bat kruzero erraldoi iristen dira, besteak beste, Europako kruzerorik handienak (10 000 pertsonakoak). Milaka bisitariak hirira eramaten dituzte ordu batzuez. Normalean, dena antolatua izaten dute, otorduak eta zerbitzu gehienak itsasontzian bertan eskaintzen zaizkie, eta hirian ematen duten denboran arrapaladan gune eta monumentu errepresentatiboenak bisitatzen dituzte.

Veneziako kideek, berriz, esaten zuten hiriko biztanleria kopurua hirukoiztu egiten dela egunero, bereziki kruzeroek ekartzen zituzten pertsonekin. Bestalde, Italiako hiriko kideak zera komentatzen zuen. Jakina da turismo masiboak turistaren bizipenei kalte egiten diela eta, Veneziako kideek oro gutxitan zapaltzen duten San Marco plaza inguruan gehiegizko turista kopuruaz kexatzen diren turistak entzutea ohikoa omen da. Azken hilabeteetan, gainera, bi kruzerok izan dituzte istripuak Venezian, eta berriro ere kruzeroen arazoa mahai gainean jarri dute.

Gure lurraldeetako gobernariek behin eta berriro agertzen dira kalitatezko turismo jasangarriaren alde. Hitz handi horiek kruzeroen kasuan erabiltzailea guztiz okerra da. Lehen aipatu bezala, kruzeroak turismo forma kutsatzaile eta estraktiboa dira. Venezia, Bartzelona, Lisboa eta Kanariekin alderatuta, Donostiara heltzen zaizkigun itsasontziak txikiak dira, eta bidaiari gutxi dituzte. Kalitatezkoak direla esango luke zenbaitek, luxuzko bidaiak ordaintzen dituzten turista aberatsak direlako. Jasangarritasun sozialaren aldetik kontuan izan behar da honelakoek inpaktu handia izan dezaketela gure hiran. Bestalde, errenta handiagoko bisitariak hirira etortzean donostiarrontzat aberastasuna sortzen dela dioen mitoaren aurka, errealitatea erakusten ari zaigu kontsumo prezioa igo egiten duela, eta zenbait gunere esklusibizazioa eragiten dutela.

Bizilagunekin plataformatik, hamasei proposamen aurkeztu ditugu udaberri honetan desazkunde turistikorantz iparrorratza jarrita. Gaur egun indarrean dagoen turismo ereduak Donostiako herritarroi sortzen dizkigun kalteak anitz dira, eta gero eta zailago egiten zaie ezkutatzea: etxebizitzaren prezioa, hiri-espazioaren okupazioa, kulturaren merkantilizazioa, gune naturalak arriskuan jartzea, lanpostu prekarioen ugaltzea, gertuko merkataritzaren itotzea... Dagoeneko ez da onargarria turismoaren hazkundea ospatu eta albiste pozgarri gisa kontatzea. Desazkunde turistikoranzko proposamenak, bertan bizi garenon eta bertan bizi nahi dugunon ikuspegitik egiten ditugu; gure bizi-baldintzak eta gure hirian bizi ahal izatea arriskuan ikusteak eraman gaitu honetara.

Hazkundea ez diren alternatibak probatzeko unea da, gutxi batzuk irabazi eta gehiengo batek galdu egiten duen joko honetaz nazkatuta. Gainera, gaur egun hainbeste orokortu den hipermugikortasunaren inguruan gizarte gisa egin beharreko hausnarketa bat zor diogu geure buruari.

Argi ikusten dugu kruzeroak ez direla beharrezkoak, ezta onuragarriak ere gure inguruko portuetan. Gure hiriaren arazoa ez dela Bartzelona edo Veneziakoarekin parekagarria esanez datorrenari erantzuten diogu horretara heldu baino lehen erreakzionatu behar dela. Herritarrok, gertatzen ari denaz jabetu, eta mugak jartzen ez baditugu, etekin gose aseezina eta itsukeria larria dutenen artean atzera ezinezko egoerara eraman gaitzakete. Donostian antolatzen ari gara, baina asko da egiteke dagoena. Turistez gain, guregana kalte ekologiko eta sozialak ekartzen dituzten ontzi horiei ere ongi etorri esan behar diegula? Bai zera!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.