Federiko Krutwig jaio zeneko mendeurrena dugun honetan bere izena eta izana oroituz, hainbat idatzi da egunotan. Jakina, gazteek apenas jakingo duten nor zer Krutwig, baina nago adin batean sartuak gaudenok ere oso gutxi dakigula.
Sortzailea eta buru argikoa zela, hainbat hizkuntza menperatzen zituela, euskara gazte-gaztetan bere kabuz ikasi eta euskaltzain bihurtzeraino heldu zela, euskara batuaren premia ikusi zuen lehenetarikoa zela, eta bere obrarik entzutetsuenekoa den Vasconia liburuaren aita zela. Baina bere izaera nabarmendu beharko bagenu, zentzu guztietan eta egoeretan, kritikoa zela oso esan beharra dugu.
Asko diogu zor, eta, berak egindakoa oparoa izan bada ere, gurean ez zaio aipu eta oroimen berezirik egin, ez bizi zen garaian ez eta hil ondoren ere; zergatiak asko izan ahal dira: berritzailea zelako, berritzaileegia akaso, eta era batean edo bestean pentsamendu eta ideologia askorenganako inkonoklasta zelako eta bere arauetan betiere ikuspegi kritikoa abiapuntutzat hartuz norbere pentsaeran eta ez besteenetan zebilelako? Ez ote dute ba halako gizaki apartekoek inongo onespenik behar?
Eta abertzaleotaz ari naiz, bai batekoak eta bestekoak apenas egin zioten kasu, intelektual arrarotzat hartua zuten antza. Garai haietako elizarekin kritikoa izan zen eta, hala ere, Azkue zuen bere euskaltzaletasunean eta euskararen lanetan benetako adiskide eta gertukoenekoa.
Xabier Kintanak ere aipatu digu Euskaltzaindiak bere bidean eta egitekoan ziur eta zuzen iraun zezan eta frankistak oztoporik jar ez ziezaien zer bide edota zer eskaintza proposatu zuen, lehen eta gaur ere euskaldunontzat gaizki ikusia eta akaso gaur ere inondik inora ez onartua. Agian, abertzaletasunaren ikuskera ere zabalagoa zuen.
Zera diot, gure pentsakeraz eta ideologiaz bat eginik, barneratua dugu kanpoko eta, nola ez, kontrako direnei ez zaiela gurean sartzeko aterik zabaldu behar. Baina, gizaki argiak direnek jakin badakite zein den bitartekoa eta zein helburua, eta egoerari zuhurtziaz erantzunez zein izan beharko litzatekeen xedea lortzearen egitekoa. Burujabetzaz eta herri legez ditugun eskubideak eta batasunaren beharrak argi zeuzkan, eta besteak beste honela zioen:
-«Ez dago euskal kulturarik euskararen erabilerarik gabe».
-«Niretzat, nazionalismoa egintza kulturala da».
-«Une historiko bakoitzak interpretazio berezia behar du eta gertaera bakoitzari irtenbide iraultzaile zehatz bat ezarri behar zaio».
Frankismopean geunden urte zailetan kanpoaldeko agintariekin negoziazioetan ere jardun zuen. Euskal Herritik erbesteratu behar izan zuen eta geroan Frantziatik ere kanporatu egin zuten.
Euskal Herriaren bizikidetzaren zentzu komunitarioaz hitz egingo zigun, hortaz ere ikuskera berriak plazaratuz; baina kritiko izatea eta tributik kanpo bizitzea beti da arriskutsua eta era batean edo bestean hori gertatu zitzaionaren susmoa dut. Historian zehar abangoardista direnek aurretikoei edota dugunari aurre egin diote eraldaketa sakon baten premian, jardunbideetan zein itxuretan. Eta nazionalismo estatiko batetik dialektikorako egin beharreko saltoa aipatzen zuen.
Garaiez garai, bizitza dinamikoa eta aldakorra dela-eta, antzinatearen balioak ahaztu gabe, egoera guztiek behar dituzte jakintzatik interpretatu beharreko teoria berriak. Eta honetaz, maixu genuen Krutwig. Bizitza aldakorra den heinean kontraesanak izango zituen, jakina, baina ondo zioskunkontraesanek dakarzkigula gizakion bilakaera.
Jakintza Baitha elkarte helenistako kideak zituen lagun, gogoan dut bera Bilboko Pozas kalean milaka liburuz beteriko liburu artean. Eta gizakiak, jakintsutzat hartu nahi badu bere burua, grekera klasikoa jakin beharko zuela zioen.
Greko hitzetik datorkirgun Pentsalari poliedrikoa izenburupean idatzi zigun BERRIAko orrietan Igor Susaetak, eta besteak beste Iñaki Egañak aipatutakoa dakart, «bakardadea ez zitzaiola gustatzen», eta hala bada, esan beharra dut inoiz ahazteko ez dudan irudia datorkidala gogora: nire harridurarako, bera hil aurreko egunetan, bakarrean, goibeldurik eta abandonuan ikusi nuen Bilboko Albia lorategiko parkean.
Eta hala ikusteak zer pentsatua eman zidan; nola da posible halako jakintsu eta erreferente dugun balio handiko gizakia, hain bakarti, eskekoa bailitzan aurkitzea eta apenas gure erakundeen laguntzarik ere ez izatea? Halaxe dira gauzak!
Krutwig eta euskaldunok
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu