Tere Maldonado.
Filosofia irakaslea

Kritika antzua heziketa politikaz

2023ko abenduaren 8a
05:00
Entzun

Gizarte orok ezagutza metatuen ondarea transmititu behar die belaunaldi berriei, kontzeptu filosofiko eta zientifikoak, teknikak, praktika eta balio partekatuak (sinesmen erlijiosoak barne), hau da, kultura deitzen diogun hori. Baina gizarteak, batez ere modernoak, ez dira homogeneoak; horietan interes eta kontzepzio kontrajarriak gurutzatzen dira transmititu behar den horri buruz (nola egin, nork, non, eta abar). Bereziki eztabaidagarria eta zaila da zehaztea sustatu nahi omen den espiritu kritikoak (hezkuntza-legeen hitzaurre eta zioen azalpen guztien arabera) noraino iritsi behar duen eta non gelditu behar duen. Horregatik, hezkuntza arautuaren inguruko eztabaidak saihetsezinak eta iraunkorrak dira.

Beste nonbait honako tesi indartsu hau defendatu dut: pentsamendu kritikoa soilik jartzen da martxan, bigarren hezkuntzako ikasgai gisa, hezkuntza gertatzen den baldintza materialek pentsamendu kritikoa dei dakiokeen ezer ezinezko egiten dutenean. Espainiako azkenak zein Jaurlaritzaren hezkuntza-lege proiektuak pentsamenduaren alderdi kritikoari lotutako kategorien erabilera erretorikoa egiten dute nabarmenki; horrek kritika desaktibatu egin dela uzten du agerian. Zera ulertzen dut erabilera erretoriko esamoldearekin: hizkuntza erabiltzeko modu bat hitzen esanahia galarazten duena, munduarekiko lotura apurtuz, baina atsegina belarrirako (belarri batzuetarako) eta modak agintzen duenari jarraitzen diona esaneko. Argi esanda: adierazpen mota bat zorabiagarria eta hutsa, ergeltzat hartzen gaituena eta oka egiteko gogo jasanezina sortzen duena (iruzurraz jabetu direnengan). Esajeratzen dudala? Begira:

«Hezkuntza berritzailea, malgua eta planteatutako erronka berriei erantzuteko gai izango dena, unean uneko beharretara egokitua eta hezkuntza-sistemari erresilientzia emango diona, behar bezala konbinatuz, alde batetik, oraingo ereduaren indarguneak —metatutako ezagutzaren ondare diren aldetik—, eta, bestetik, eraldaketa metodologiko eta teknologikoan beharrezkoak diren aldakuntza harmonikoak, hezkuntza-paradigma berriei erantzun egokia emateko, ezagutzan oinarritutako gizarte interkonektatu batean».

Lagin txiki bat baino ez da. Burokratek eta pedagogoek erruki gabe betearazten dizkiguten programazioetan eta burokraziakeria ugarietan milaka tona gehiago daude. Ke asko behar da milaka tona biltzeko, zin degizuet. Ezinezkoa da ikasgeletan pentsamendu kritiko benetakoa (erradikala, ikonoklasta) martxan jartzea; hori eginez gero, egungo hezkuntza-politikaren oinarri guzti-guztiak aurkaratuko lirateke. Ikasgela utzi eta mendira joan beharko genuke. Digitalizazio azeleratuaren prozesua, pantailismo neurrigabea, «lidergo pedagogikoa» bezalako kontzeptuak eta fraseologia huts eta errepikakor guztia, lehenetsita eta hausnarketarik gabe hartutako biraketa emozionala... horrek guztiak zakarrontzira joan behar du (eta kontuz, ez organikoaren kontainerrera, ez paperera, ezta plastikozko ontzira ere: ez dago birziklatzeko ezer hor).

Lan-sektore orok (moto-saltzaileetatik hasi eta pedagogia berritzaileko burokratetaraino, Antzinaroaren Historiako irakasleetatik edo hezkuntza-sailburuetatik igarota) beren lanaren garrantziari buruzko kontakizun trinkoa behar du. Kasu batzuetan auto-agerikoa da zilegitasuna (adinekoen egoitzetako langileak, okinak, nekazariak, maistrak, erizainak, tabernariak, fisioterapeutak, bertsolariak...), eta ez dago zalantzan ipintzerik. Baina beste batzuek ahalegin erretoriko itzela egin behar dute, ez baitago batere argi zein funtzio betetzen duten gizartean. Horixe da filosofiako irakasleen kasua, baita berrikuntza pedagogikoaren burokratena ere.

Oso denbora laburrean, burokrazia pedagogikoak sare erretoriko trinko bat eraiki du bere eguneroko zereginari diskurtsiboki eusteko. «Lidergo pedagogikoa», «pentsamendu kritikoa», «osasun emozionala», «ikaslea erdigunean» eta «ikasten ikastea» sare horren nukleo gogorretako batzuk dira. Ezin zara zeu etorri orain, filosofia-irakaslea, esatera zume horiekin eraikitako sare bat hatz artean desegiten dela ukitze hutsarekin. Lehenik eta behin, zu nor zarela uste duzu? Has zaitez zure etxea garbitzen eta ez ikusi besteren begian edozein samarra. Bai, denok ezagutzen dugu errege biluziaren ipuina, oso zaharra da.

Hezkuntza-politikak sostengatzen eta elikatzen dituen finantza erakunde, gobernu, hedabide eta «eragile herritar» sareak hura arroka bihurtzen dute. Halako zementu armatuzko zama-puskaren aurrean, kritika erradikalena haize leun bat besterik ez da, eta ez du inola ere arriskuan jartzen tinglatua, ferekatu besterik ez du egiten. Ezin du asmakizunean inolako eraginik izan; agian, alderantziz, berrestea lortzen du, eta erreakzio bidez are gehiago konglomeratzea. Gutxi balitz bezala, ezkerraren zati handi bat merkealdien solairuan, modak agintzen duen oro (nazioarteko kapital handiaren zerbitzura) konpultsiboki erosten. Lerro hauetan egin nahi den salaketa porrotera bideratuta dago, beraz. Porrot egin dezagun, orduan, dignitate osoz. Gutxi batzuk erresistentzian. Bildarratz kondearen samaldak gu atxilotzera etorri arte eserita itxarotea besterik ez zaigu geratzen. Dramatismorik gabe. (Edo mendira joango gara?).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.