Kristok ez zekien euskaraz

2022ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Egia da eliza katolikoa gaur baino indar gehiagorekin bizi izan dela, eta, nik dakidanez, ez du ematen hoberako bidetik doanik. Eta, gainera, ezin da esan gaurko egoera berria edo uste gabea denik. Urteak dira —haurrak ginela— lagunekin pilotan jokatzeko asmoarekin, Donostiako Seminarioko frontoira joaten ginela —beti hutsa egoten zen—, gure auzoan gaztetxoei —helduek— uzten ez zigutelako. Seinale txarra, Seminarioa toki handia bai, frontoi ederra ere bai, baina beti hutsa. Ez genuen sekula gazterik ikusi, ez entzun.

Ez naiz Eliza kontutan aditu, baina bai tartean urte asko ibili izana. Apaiz asko ezagutu nituen kantore izan nintzen garaian. Ahots ederra zutenekin kantatu ere bai, baina hortik at, bakarren batzuk bai langileak, alferrak besteak. Nik uste, bokazioak bideratutakoak gutxi, ofiziozkoak asko. Agian hortik doa Elizaren odolustea.

Erlijio kontuetan kristauak gehien hornitzen dituzten teoriak Bibliaren barruan aurki litezke. Gauza asko ditu bere barruan, bakarren batzuk harrigarriak, oso, baina baita gaur egungo arazoak ulertzeko lagungarri izan litezkeenak ere. Besteak beste, esaten da, Jerusalemen, 33. urteko mendekoste jaiaren goizean, Kristoren ehun bat jarraitzaile inguru, hainbat jatorritako pertsonen aurrean bilduta zeudela, hizkuntza ezberdinetan hitz egiten hasi zirela, eta, beraz, entzuten zituztenek beren hizkuntzan ulertzen zietela. Mirari bezala sailkatzen ziren horrelako jarrera bereziak. Egun gertatzen ez den zerbait; bestela, nola ulertu gure herrian, Etxalarren, duela pare bat hilabete gertatutakoa? Patri Arburuak orri hauetan berriki argitaratutako gutunak ekarri dit gogora.

Pello Apezetxea azken hamarkada luzez Etxalarko apaiza izan da. Euskaltzale zintzo eta langilea, inguruko jendeak oso maitatua, inolako zalantzarik gabe. Eta hari, herriaren mesederako hainbat egitasmo dotore aurrera ateratako apaizari azken agurra eskaintzen, bere eliza herritarrez lepo zegoela, zer da eta, elizkizunak Iruñeko apezpikuak zuzendu behar zituela.

Ez nahiz luzatuko, baina bai salatu nahi nuke Nafarroako Elizaren jarrera onartezina. Pello Apezetxea agurtzeko, herritarrez gainezka zegoen elizan, gaztelania ederrean elizkizunak egin izana, lotsagarria da. Berriro diot, lotsagarria.

Kristok ez zekien euskaraz, eta garai haietatik bi mila urte igaro ondoren, haren oinordekoak, Nafarroako apezpikuak, gauza bera. Mirariak eskatzen hasi behar dugu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.