Kristautasuna salbatzeko katolizismoarekin moztu

Gorka Etxeberria
2011ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Astiro-astiro baina gelditu gabe kristautasunak eskuetatik egiten digu ihes. Gizadiaren balioak eraikitzeko oinarria izan dugun kristautasunak jadanik ez digu ezer esaten. Arrazoi asko egon daiteke atzean: gizarte «modernoa» eta berari dagozkion balioak, hedabideek zabaltzen dituzten «estilo» berriak, mundu mailako sistema ekonomiko desegituratzailea… ehunka aipa genitzake baina, arrazoi nagusia zein den zehaztu beharko bagenu, zalantzarik gabe, honako hau dela esango genuke: Vatikanoa eta Katolizismoa.

Mundu osoan ez dago antzekorik, alegia, ez dago beste erlijiorik berau kudeatzeko horrelako sistema zentralizaturik duenik. Guztiz kontrakoa, erlijioen zabaltzaileek Tibeten, edo Ekialdeko Europan, edo mundu arabiarrean, edo Txinan… tokian tokiko egituren bidez egiten dute. Gehienez jota, estatu egitura dute. Eliza Katolikoak, ordea, benetako kristautasunaren ikuspuntutik azaldu ezinezko egitura zentralizatzaile eta antikristaua dauka: Vatikanoa.

Egitura honek historian zehar egindako triskantzak beldurgarriak dira: gurutzadak bultzatzea, emakumeen hilketa masiboak sorginkerien aitzakiarekin, Amerika eta Asiako konkisten babesle sutsuak, etnia eta kulturen suntsitzaileen babesleak, Nafarroako inbasioaren eta Francoren bedeinkatzaileak…

Hala ere, dena ez da txarra izan, gauza guztietan bezala, salbuespen eredugarriak izan ditugulako: euskara inor baino hobeto babestu eta landu duten milaka apaiz azken 500 urteotan, justizia sozialagatik haien bizitza eman duten erlijiosoak, egoera txarrean daudenak, inor ez bezala, babestu, elikatu eta jagon duten milaka apaiz… Pertsona horiek gabe leku askotan egoera askoz txarragoan egongo lirateke herritarrak, egin eta egiten duten lana ezin izango dugulako inoiz behar bezala ordaindu eta baloratu.

Tirabira asko izan dira historian zehar, kristautasuna ikusteko era desberdinen artean. Esaterako, arrianoen eta katolikoen arteko tirabirak oso zabalduta egon ziren. Edo katolikoen eta ortodoxoen artean. Gero, XVI. mendean, berrikuntza handia ekarri zuen protestantismoak. Euskal Herrian zoritxarrez zabaldu ez bazen ere, protestantismoak Eliza Kristautasunetik hainbeste ez urruntzeko balio izan zuen: herritarrek biblia haien hizkuntzan jasotzea, bekatuak garbitzeko dirurik ez onartzea, Erromako zentralizazioa apurtzea, apaizen egoera zibila irekia uztea, etab.

Geroago, azken bi mendeotan, beste mugimenduak sortu ahala, Elizaren eta baita Kristautasunaren indarra gutxitzen joan dira «lehiakide» berriekin: sindikatuak, alderdiak, gizarte mugimenduak, sozialismo eta komunismo moduko ideologiak… Horiek, neurri handi batean, kristautasunaren oinarritik ere edan dute: gizakien arteko berdintasuna, justizia soziala… hau da, nolabait, praxian jarri nahi izan dute «Lagun hurkoa maitatu zeure burua maite duzun bezala» lema. Alegia, kristautasunaren oinarria aintzat hartu gabe, nekez ulertuko genuke azken 200urteotan sortutako hainbat mugimendu.

Baina mugimendu, sindikatu, alderdi eta sozialismo eta komunismo moduko ideologietan gertatutakoa ere ikusi dugu. Erromako Elizaren gaitz berdin-berdinetan jausi dira: erabateko zentralizazioak emandako botereaz baliatuz izugarrizko triskantzak (Stalinen edo jemer gorrien eragindako milioikako pertsonen hilketak…), herritar xumeenak erabat saltzea, desberdintasunak gutxitu beharrean handitzea... Ez da erraza, ez, berdintasunerako bidean aurrera joatea, gizarteari ematen diogunaren eta gizartetik jasotzen dugunaren arteko orekari eustea.

Kristautasunak jaiotza berri bat behar du, egitura deszentralizatzailea behar du, ideia, pertsona eta planteamendu berriak behar ditu. Kristautasunak Eliza katoliko eta Vatikanoarekin apurtu behar du, nahitaez, bere heriotza noiz etorriko zaionari begira egon nahi ez badu behintzat.

Munduan dagoen biztanle kopuru izugarriaren aurrean aita santuak preserbatiboez esaten dituenak, edo Berlusconi moduko emakume zapaltzaile baten kontra ahotsa ez altxatzea, Euskal Herriko Eliza desegituratzen hainbeste lagundu izana (azken gotzainen izendapenak…) adierazten digutenez, Katolizismoarekin ez dago zer eginik. Behingoz, Kristautasuna eta Katolizismoa bereiz ditzagun, gauza erabat kontrajarriak direlako, nahiz eta jende askok gauza bera direla uste izan.

Euskal Herrian ere kristau eta katoliko asko eduki ditugu. Lehenengo multzoan, Jesusen benetako jarraitzaileak ditugu, hemen, Hegoamerikan, Asian… herriarekin elkarlanean eta boteredunetatik urrun egon direnak. Haien hitzak eta ekintzak bat eginez egon dira, etengabe. Eta harro egon gaitezke: San Frantzisko Xabier, Balentin Berriotxoakoa, Ignacio Ellakuria, Jose Maria Arizmendiarrieta… eta hemen aipatu gabe ezinbestean utzi behardugun milaka apaiz, seglar eta herritar kristauzale, haien lana herrietan eta jendearen oroimenean betiko txertatuta egongo dena. Horiez gain, nola ez, katolikoak ere izan ditugu, Erromako Elizaren morroiak, desberdintasun ekonomikoak, gazteleraren hedapena… justifikatu edo lagundu dutenak. Hitza eta ekintza bereiztuta izan dituztenak.

Kristautasunak, berau ukatzen eta ordezkatzen saiatzen egon den katolizismoarekin apurtu behar du, aske izan behar du, bide berriak jorratu behar ditu, munduko erlijio guztiekiko elkarlana sustatu behar du eta beste testamentu berria idatzi behar du, ekologismo, genero berdinatasun, kultura guztien berdintasun eta sistema ekonomiko eta produktibo orekatuari oinarri egokia jarri ahal izateko. Bai, 3. milurtekoan, kristautasuna gizarteen ardatz egituratzaile eta orekatzailea izaten jarraitu ahal izateko, kristautasuna piztu behar dugu, Jesus piztu zen moduan, une honetan hilda dagoelako.

Baina horretarako, konplexurik gabe, ausardi guztia jarri behar dugu mahai gainean. Lotsa gabe, kristautasunak, sozialismo, komunismo, liberalismo eta kapitalismoak baino erantzun eta tresna gehiago eman ahal digula sinesten dugulako. Gure esku dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.