Dudarik gabe, nahitaez, krisi hau luzerako izanen da gure artean. Eta prest egon beharko dugu krisi denboraldia ahal bezain ongi eramateko, krisi hau luzea ez ezik, hirukoitza baita. Ekonomiko-finatzariooa izateaz gain, ingurumenaren eta elikagaien krisia da, eta dugun ereduaren barne-barnean diren kontraesanak eta mugak argi eta gordin erakusten ditu.
Hori bai, ikusi nahi duenarentzat, eta arazo larriak, desatseginak, konplikatuak eta elkarlotuak ulertzen saiatzen denarentzat. Dena den, argi dago kaltetuenak, beti bezala, ahulenak direla. Langabezian eta zorpean itota daudenak, edozein arrazoirengatik sare sozialik gabe gelditu direnak, eta gizartearen azkenak: eriak, eroak eta gosetiak. Azkeneko horiek, anitz eta beharbada urruti, baina halere egiazkoak, etxetik kanpo begiratu nahi duenarentzat, ausartu nahi duenarentzat.
Aintzinean dugun krisi luze honi aurre egiteko, sistemaren errebisio kritikoak eta teorikoak behar ditugu, baina baita proposamenak ere, hemen eta orain gauzatzen ahal ditugun horietakoak. Eta begitantzen zait oraingo honetan ez dela aski izanen proposamenen eta erabakien ardura guztia gobernu, teknikari eta politikarien eskuetan uztea. Karriketara, hausnarketetara eta liburuetara ere jo beharko dugu, baliagarriak diren ideiak eta esperientziak eskuratzera eta aukerak ikertzera.
Eta harritzekoa bada ere, karrikan diren proposamen horietariko batzuk Jesusen Lagundiari lotuak diren zenbait erakunde sozialek proposatzen dizkigute. Harritzekoa, batez ere, zeruko aipamen gutxi eta karrika mailako zentzuzko eta gauzagarriak diren diagnostikoak eta proposamenak dituztelako. Begi bistakoa da parte hartzen duten erakundeak eguneroko lanetan dabiltzala kartzeletan eta adingabeen zentroetan, herri jantokietan, errefuxiatuen esparruetan eta etorkinez beteriko auzoetan. Adierazgarria, halaber, diru eta poltsiko aferetan ez direla erakunde horiek ixilik gelditu, eta zerga sistema eremuan, kalkulagailua esku artean egin dute politika sozialaren aldeko apustu argia. Beraz, dei garbia Loiolatik zuzenean ailegatzen zaiguna: gai izan beharko dugu gure gizartearen ahulenak zaintzeko eta txirotuen alde elkartasun oihu bat zabaltzeko, dugun krisi garai honetan ere.
Gakoa, alabaina, prestakuntzetan dago. Aipaturiko erakundeek argi erakusten digute hori, argitaratu duten «krisi luzeak, elkartasuna berrindartua» dokumentuan. Eta hiru alorretan planteatzen dituzte proposamen bereziak, beraien esperientzietan oinarrituak. Pobreziaren arloan, adibidez, irmoa da errenta minimoen alde egiten duten apustua. Sendoa, halaber,pobreziaren aurkako borrokan hurrengo bi neurri hauei ematen dioten garrantzia: etxebizitza berritze eta alokatzeari, eta bazterkeria sozialean erotzear diren emakume eta gazteen alde egin beharreko neurri bereziei. Politika sozialaren atal horretan, argi uzten dute administrazio eta erakundeen arteko elkarlana sendotu beharko dela.
Bigarren tokian, eta immigrazio alorrean sartuta, migrazioa giza eskubide gisa planteatzen dute. Beraz, etorkinen eta beraien familien alde politika bereziak eta xenofobia eta arrazismoari aurre egiteko neurri gehiago aldarrikatzen dute. Zorrotza, benetan, CIEs (Centro de Internamiento de Extranjeros) edo «Espainiako Guatanamoak» izendapenean ezagunak diren zentroen inguruan egiten den kritika. Hirugarren tokian, eta lankidetzaren alorrean, errealismoa da nagusi: orain arte egindako aurrerapausoak finkatu eta razionalizarioaren aldeko apustua egiten da.
Adiskide batek erraten didan bezala, neurri horiek guztiak asmo onak dira, txoriak eta loreak. Baina orain ez dago dirurik. Krisi garaia dugu, eta murrizketak dira nagusi. Eta argudio hori aurreikusi zutenez, aipatutako erakundeek atal oso bat eskaintzen diote hausnarketa eta ikerketa fiskalari, «krisi luzeak, elkartasuan berrindartua» dokumentuan.
Krisi luzea izanen d,a eta gizartea mutur ahulenetik hasiko da usteltzen: elkartasun soziala haustetik, alegia. Ongi dakigu zein mamu loditzen diren krisi garaietan, beldurgarrienak, nire idurikoz, populismo eta solipsimoa (edo eskapismoa). Bi mamu horien lehenbiziko itzalak beharbada hasiak gara ikusten Europan, estatuan eta baita gure Euskal Herria honetan ere. Gogor egin beharko diegu aurre krisiarekin etorriko diren mamuei, argudioei eta neurriei. Guztion ongizatea ardura bazaigu, has gaitezen krisietarako prestakuntzetan, bertze eredu sozial eta ekologiko bat bilatzen dugun artean.
Krisietarako prestakuntzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu