Ikuspuntu sozioekonomikotik horren txarra izan den urte honen amaieran, arartekoaren lanaren balantzeak, nahitaez, krisiaren ondorioen inguruan izan dugun eskaera-mordoan jarri behar du arreta. Martxoan Eusko Legebiltzarrari —haren ordezkari gara herritarren eskubideak behar bezala bermatzeko— emango diogun urteko txostenean datu zehatzak eskainiko ditugu, baina egokitzat jotzen dut diru-sarrerarik ez duten edo diru-sarrera gutxi dituzten pertsonen oinarrizko beharrak estaltzera bideratutako izaera ekonomikoko gizarte laguntzen sistemaren funtzionamenduari buruzko hainbat kontu aurreratzea. Sistema horren laguntzarik garrantzitsuena diru-sarrerak bermatzeko errenta da. Laguntza hori, etxebizitzarako laguntza osagarria bezalaxe, 2011ko abendura arte udaletako gizarte zerbitzuetan eskatzen zen eta foru aldundiek ebazten eta kudeatzen zuten.
2012. urtearen hasieratik Eusko Jaurlaritzak, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren bidez, hartu izan du horiek kudeatzeko esku-mena. Kudeaketa eredu berriaren funtzionamenduan egon den nahasmendu handiak informazio eta laguntza eskaeren eta Arartekoaren aurrean egindako erreklamazioak izugarri igo dira. 884 kexa-espediente egon dira laguntza ekonomiko horien inguruan abenduaren 21era arte; 2011n, 2009an eta 2010ean, berriz, 32 egon ziren. Era berean, euskal herritarrek gizarte laguntzen inguruan egin dituzten kontsulten hazkundea ikaragarrizkoa izan da: une honetan, Arartekoaren hiru bulegoetan bideratzen diren arreten % 60k inguruk laguntza horiei dagozkien kontuekin zerikusia dute.
Kexak, laguntza onartzearekin edo etetearekin loturikoez gain, neurri handi batean Lanbideren funtzionamenduari buruzkoak dira. Gizarte bazterkeriaren esparruan lan egiten duten gizarte erakundeek zein Arartekora jo duten pertsona eta familiek, besteak beste, izapidetzean egondako atzerapen handiak, Lanbideren jardueran akats ugari eragin dituzten aplikazio informatikoen arazoak edo bulego batzuetan egunero arreta jasotzen duten pertsona kopuru mugatua salatu dituzte. Azken horren ondorioz, herritarrek goizaldetik jartzen dira errenkadan, eta horrek, gainera, ez du bermatzen arreta jasoko dutenik; hori ez da batere ohikoa honelako herrialde batean eta administrazioaren funtzionamendu egokiarekin. Oinarrizko beharrak betetzeko baliabide nahikorik ez izateagatik eta bizitza duina bermatuta ez edukitzeagatik izaera ekonomikoko laguntza publikoak jasotzeko eskubidea duten pertsonek, kudeaketa eredua aldatu aurretik, udaletako gizarte zerbitzuetara jotzen zuten, eta gizarte lanean prestakuntza eta bokazioa zuen erreferentziako pertsona bat izaten zuten. Gizarte zerbitzu horiek hurbiltasunari, gizakiekiko arreta- kalitateari, pertsona bakoitzaren egoeraren ezagutzari eta informazioaren kudeaketari dagokionez eskaintzen zuten ekarpenari buruzko gogoeta bat egitea beharrezkotzat jotzen dugu. Hala eta guztiz ere, Lanbideko langileen ardura azpimarratu behar dugu, izan ere, neurri handi batean euren lan bolumenak gainezka egiten du, esleituta duen politika aktiboei buruzko eskumenetik sortutako zereginak ere bete behar dituztelako.
Ez dugu eskatzen berriro ere aurreko eredura itzul gaitezen (kontu hori erabaki politikoko eremuari dagokio guztiz), baina bai laguntza horiek eskatzen dituzten pertsonen arretak izan beharko lituzkeen ezaugarrien dimentsioa kontuan har dadin, izan ere, pertsona horietako askoren profilek gizarte langileen esku-hartzea eta parte-hartzea beharrezkoa bihurtzen dute.
Gure autonomia erkidegoko pertsona askok krisiaren ondorio larriak paira ditzakete eta izaera ekonomikoko laguntza ekonomiko bat eskatzeko beharra izan dezakete bizi ahal izateko. Horregatik, garrantzitsua da diru-sarrerak bermatzeko sistema ona izan dezagun. Diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko eskubidea izateko hainbat baldintza bete behar dira, hala nola gutxienez hiru urtez erroldatuta egon izana. Baldintza horiek bete behar izateak pobreziaren atalasean dauden baliabiderik gabeko pertsona kopuru handia kanpo uzten du. Pertsona horiek, kasu batzuetan, foru aldundien beste laguntzak edo GLL (gizarte larrialdietarako laguntza) eskura ditzakete, edo gobernuz kanpoko erakundeen arreta jasotzen dute. Azken horietako boluntarioei ezin izango diegu inoiz behar bezala eskertu premian dauden pertsonei laguntzeko egiten duten lan itzela eta beharrezkoa. Gizarte dimentsioa duen demokrazia baten printzipio etiko eta juridikoak eta oinarrizko eskubideak betetzeko (gizarteratzea, justizia soziala, bizitza duin baterako eskubidea, premiarik gehien dutenekiko laguntza, etab.), herri administrazioek sistema ederto funtzionatzen duela eta lan eske, eta, lortzen ez badute, laguntza ekonomikoaren eske doazen pertsonak behar bezalako arreta jasotzen dutela bermatu behar dute. Behar bezalako arreta eskaini ahal izateko beharrezkoak diren bitarteko materialak eta giza baliabide kualifikatuak eskaini behar dira gizarte behar horri zehaztasunez eta azkar erantzuna eman ahal izateko. Ezin dugu ahaztu premian dauden familiek laguntza horiek etxebizitzaren alokairua, janaria, arropa, eta abar. ordaintzeko erabiltzen dituztela, hau da, Nazio Batuen Erakundeak pertsonak duintasunez bizidaitezen ezinbestekotzat jotzen dituen oinarrizko beharrak ordaintzeko.
2013.urtea gogorra izango da, eta, bereziki, krisiaren kolpea pairatu duten edo pairatu behar duten milaka pertsonarentzat: norberaren konturako langileak, merkatariak, enpresari txikiak edo langabezian edo ekonomia ezegonkortasun handiko egoeran dauden edo egongo diren profesionalak. Espero dezagun krisi madarikatu hau gainditzea; betiere, guztien artean ahalegin eta lan handia eginez eta elkartasunaren gizarte balioak indartuz.
Gure ustez, 2013an garrantzi handikoak izango dira honako politika publiko hauek: enpleguari buruzkoak eta beharrak dituzten pertsona eta familientzako laguntza ekonomikoen sistema Bi tresna horiek txanpon beraren bi aldeak dira, eta ahalik eta eraginkortasun eta efizientzia handienarekin funtzionatu behar dute.
Krisiaren ezkutuko aldea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu