Krisiaren bozeramaileak gara, arduraz jokatu

2020ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Ostirala eta 13a behar zuen izan Jaurlaritzak hezkuntza zentro guztiak ixtea erabaki zuenean. Hurrengo egunean Espainiako Estatuak alarma egoera ezarri zuen. Ordutik hona, etxean egon behar dugu, seme-alabekin, baldin baditugu, bizilagunarekin edo bakarrik, baina etxean.

Egoera horren aurrean, liluratuta nengoen WhatsAppeko zenbait talderekin lehenengo egunetan: animoak, bideo alaiak, abestiak, umeekin gauzak egiteko ideiak... giro benetan zoragarria. Alaitasun horrek, ordea, ez zuen asko iraun. Egunak aurrera joan ahala, sare sozialen diskurtsoa aldatzen joan zen. Alaitasuna galtzen joan zen. Abestirik ez zen entzuten, bideoak jada ez ziren umeen eskulanak erakusteko, baizik eta pertsona anonimo batek grabatutako mezuak isolamendu egoera kritikatzen.

Horren guztiaren harira iritzi ezberdinak agertzen hasi ziren, batzuk alde, beste batzuk kontra, eta orduan konturatu nintzen zein garrantzitsua den diskurtsoaren lanketa horrelako krisi egoera batean. Gobernuak hartutako neurrien aldekoek Aristotelesek aipatutako logos bidea hautatu zuten, alegia, arrazoiaren erabilera: datuak eskaintzen zituzten, adibideak, estatistikak... Hartutako neurrien aurkakoek, ordea, pathos argumentuei, hau da, emozioei egiten zieten deia, sumindurari, haserreari eta abarri. Diskurtsoaren estiloa ere aldatzen joan zen, enpatiaz betetako hasierako mezuak desagertzen joan ziren, eta agresibitate puntu bat agertzen hasi zen. Baten batek taldea utzi egin du jada, astebete baino gutxiago daramagunean.

Neska-mutilak, mentalizatu, hau luzerako doa!

Halako egoera baten aurrean, denak bihurtu gara koronabirusaren bozeramaileak, eta nik beti esaten diet ikasleei bozeramaile ona izateko enpatia erakutsi behar dutela, bestela ez dute haien publikoa irabaziko. Horrekin batera, baikorrak izan behar dute, gauzak ondo ateratzea nahi badute ondo aterako direla sinestu behar dutelako.

Bozeramaileak gara, alde batetik, sare sozialetan, baina baita familia barruan ere. Mutilak eta biok itxieraren bigarren egunean bertan diskutitu genuen. Nekea, lo falta, ezin kalera atera, lana egin behar, umea oihuka, txakurra zaunka... Bozeramailearen papera hartu nuen orduan, «bigarren eguna da» esan nion, «antolatuko gara, umearentzako jarduerak asmatuko ditugu, errutina bat sortuko dugu, txandakatuko gara, eta garrantzitsuena, aurrera egingo dugu». Umearentzako jardueren gaia prozesuan dago, baina inoiz baino gehiago dantzatu gara lau egun hauetan. Momentuz behintzat, ez dugu berriro diskutitu.

Krisi egoera batean bozeramaile batek izan dezakeen akats larrienetako bat da errudunak bilatzea eta informaziorik ez eskaintzea. Etxean horrenbeste denbora egon behar badugu eta, gainera, ez badugu hitz egiten gure artean, ezin izango dugu jakin zer gertatzen zaion besteari. Are gehiago, hitz egin beharrean errua leporatzen badiogu besteari, baikortasuna ere galduko dugu.Gauza bera sare sozialetan zabaltzen ditugun mezuen bitartez gobernuek hartutako neurriak kritikatzen ditugunean; erraza da kritikatzea besteek hartzen dituzten erabakiak, batez ere emozioei lotutako argumentuak erabiltzen baditugu eta ez arrazoiari lotutakoak.

Ez dut nik defendatuko instituzioen jarduera osasun larrialdi honen kudeaketaren inguruan, ez behintzat kritikarik egin gabe, baina gogoratu diskurtsoa eragingarria izan ahal izateko argumentu arrazionalen eta argumentu emozionalen arteko oreka mantendu behar dugula.

Behin eta berriro entzun dudan argumentu bat: «Umeak kalera atera behar du, ez da sano etxean itxita horrenbeste denbora egotea. Ez diot inori kalterik egingo etxe azpiko patiora joateagatik 20 minutuz, hor ez dago inor». Pentsatu al duzu zergatik ez dagoen inor? Eraikinean beste umerik ez al dago? Haiek ez al dute kalea behar? Zergatik zuk bai eta besteak ez?

Hor da emozioen argumentuak erabiltzearen arriskuetako bat, batzuetan irudi orokorra galdu egiten dugula. Esan badute inork ezin dugula atera da inork ezin duelako atera. Pertsona edo familia batek erabakitzen badu ateratzea, zergatik familia horrek bai eta goiko pisukoak ez? Biak ateratzekotan ez dutelako isolamendua errespetatuko.

Zaila da egoera, zalantza barik, baina erabili dezagun arrazoia, aztertu datuak, guztiak, ekonomikoak eta sozialak, eta ekidin gezurrezko mezu pozoitsuak. Gu ere krisiaren bozeramaileak garen heinean, izan gaitezen arduratsuak, gogoan izan dezagun gure egoera, bai eta gizarte osorena ere. Birusaren zabalkuntza gelditu behar dugu, ez dadila gertatu Italian gertatzen ari dena.

Gure seme-alabentzako gogorra izango da, jakina, etxean itxita egotea, baina egia da guretzat askoz gogorragoa izango dela haientzako baino. Horrek ez du esan nahi, ordea, kapazak izango ez garenik, ezta are gutxiago ere. Gogoratu, denbora mugatu baterako da, gero bueltatuko gara kalera. Aurre egingo diogu egoerari, eta hori da, hain zuzen ere, krisiaren bozeramaile gisa zabaldu behar dugun mezua. Erantzukizun sozial bat dugu, ahal dugunok, gera gaitezen etxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.