Krisian barrena ausart

2012ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Krisi ekonomikoa, egiturazko krisia, ereduaren krisia, balioen krisia, hezkuntzaren krisia, krisia... eta krisiak gogor jotzen du, eta krisiak eragin kaltegarriak ditu, eta krisiaren krisiak guzti-guztia blaitzen du... ahula gehiago indartsua baino jakina, pobrea gehiago aberatsa baino, menpekoa gehiago menperatzailea baino, gutxitua gehiago nagusia baino… Ez dago dudarik. Eta hori berori da diskurtsoan nabarmentzen dena, analisietan nagusitzen dena, eta hori berori da zalantzan jartzen dena hurrena, eta hori berori da murrizketak egiten hasterakoan, bazterrean uzten direnen artean lehenak. Krisi garai hauetan bera... nor/zer baztertu, nori/zeri laguntzak murriztu/kendu, noren/zeren aurka egin... euskara eta euskal adjektiboa daraman oro.

Horrela kendu digute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailetik jasotzen genuen laguntza izenduna, aitzakia hori dela eta; horrela murriztu dizkigute gainerako toki guztietan laguntzak. Horren eraginez murriztu behar izan ditugu proiektuak, lanpostuak, lanaldiak…

Gure modura, lehen aipatu adjektiboaren jabe garen/zareten guztiak… Eta galtzaile nor? Galtzaile euskara berriz ere, galtzaile eredu propioak, alternatiboak berriz ere, eta galtzaile txikiak eta gutxituak berriz ere.

Baina krisia egiturazkoa bada, eta hala omen da; krisia ereduarena bada, eta hala omen da, nola demontre gaindituko da sortu duena elikatzen badugu? Areagotu besterik ez da egingo, areagotu eta gaixotasuna luzatu… Aldaketa baina ez da erraza, ez behintzat nagusikeriatan dabilenarentzat, atxiki egiten baitio.

Hauteskundeak ditugu gainera, kanpaina bete-betean, eta zer entzun behar eta euskara normalizatzea inposizioa dela, «nazikeria», euskaldunen eskubideak betetzea ezinezkoa dela guztiz antidemokratikoa litzatekeelako, euskal hezkuntza, euskal ereduak… adoktrinatzaileak direla eta ez dela komeni. Nola???

Bueno, tamalez ohituta gaude horrelakoak entzuten, gure aitona-amonak ohitu ziren, gure gurasoak ohitu dira, gu ohitu gara, gure seme-alabak ohitu dira, gure bilobak ohitzen ari dira…

Baina eskerrak nagusikeriatan ez bezala, ohitzeak gurean ez dakarrela amore ematea; eutsi egiten diogu, sormena zorroztu, oskola ipini, estrategia eta metodologiak findu, auzolanean elkartu, borondatezko lana areagotu… Eta hori dugu eredua, hain zuzen ere, elkartasuna, osagarritasuna, sormena, irizpide eta helmugak etengabe bistan eraberritu eta egokitzea, gureari eustea; erasoak saihestu eta erantzuten indarra galdu beharrean, indar hori erabiltzea gurea sortzen, indartzen, eraldatzen, eraikitzen…

Eta horrela ari gara gu ere, eta horretan gabiltza, sekula baino diru eta baliabide gutxiagorekin, inoiz baino ikastaro gehiago antolatzen. Baina ezin ukatu egin beharreko asko hor ditugula zain, noiz heldu; eta ondo legoke orokorrean eta hezkuntzan eta unibertsitatean krisi garai hauek erabiliko bagenitu elkarrengana gehiago hurbildu eta elkarlanean sakontzeko. Hasiak gara batzuk lehendik ere, eta onurak besterik ez digu ekarri, ergelkeria litzateke gure arteko lehia, hainbeste dago egiteko… Hain baliabide gutxi guztia burutzeko… Izan gaitezen argi, izan gaitezen ausart, ager gaitezen duin. Ez dugu nor garen ezkutatu behar, ez dugu zer garen gutxietsi behar; bagara, eta garelako dugu izateko eskubidea eta arrazoia; besteek baztertzen bagaituzte ere, ez dezagula guk geure burua bazterrean utz, ez sakabanatu ez miseria eskuratzeko zatikatu.

Gai gara, nor gara, ilusioa dugu, zer nahi/behar dugun badakigu, elkarri lotu, indarrak bildu, eta egin dezagun bidea. Horrela ekarriko ditugu garai hobeak, horrela iritsiko gara izaten utzi behar gaituztela aldarrikatu beharko ez dugun garaira, horrela helduko gara.

Eta horrela ekiten diogu ikasturte honetan ikasturte berriari, beste behin, indarberriturik, elkarlanean, gogobetez, karpetak bete proiektu, ikastaro, hitzaldi, liburu, artikulu, titulazio…

On dagigula guztioi!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.