Krisia norentzat?

Ane Rodríguez Torres
2020ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
«2019ko urriaren 4a, gazte eragile ugarik bat egin dute Bizkaiko Metaleko langileen mobilizazioarekin».

«2019ko azaroaren 16a, gazte bloke batek pentsiodunen borroka babestu du Bilboko kaleetan».

«2019ko azaroaren 29a, Eraginek deituta eta No Es Lo Que Hay (Ez da dagoena) lelopean, gazte mobilizazio jendetsua Bilbon»

«2020ko urtarrilaren 30a, ehunka gaztek BackStagen pikete ikusgarria eginez hasi dute Greba Orokorra».

Latza da egoera, eta latza gainera datorkiguna. Hala ere, batzuek pentsarazi nahi digutenaren kontrara, ez zegoen ongi pandemiaren aurretik ere. Gazteok denbora generaman gure bizitzak nola prekarizatzen zituzten sufritzen eta langile klaseko gainontzeko sektoreekin batera horren aurka mobilizatzen. COVID-19ak jada pairatzen genituen hainbat gaitz agerikoago egin ditu, besterik ez: hasia zegoen erasoaldi prekarizatzailea erradikalizatu.

Epidemiak badu klase irakurketa, gainera: langileen auzoetan COVID-19ak gogor jo duen bitartean, munduko aberatsenen fortunek gora eta gora jarraitu dute. Estatuko 23 dirudunenen aberastasuna %16 hazi da pandemia hasi zenetik, 100.025 milioi euroko kapitala metatzeraino. Zifra artean ez galtzearren: Euskal Autonomia Erkidegoko 2020ko gastu publikoa 11.774 milioi eurokoa izan zen (fortunak baino 8.5 aldiz txikiagoa). Etxeratzeak iraun zuen bitartean egiaztatu genuen aberastasuna langileok sortzen dugula; beraz, nola meta dezakete kapitala hain modu basatian ezer produzitzen ez dutenek? Argia erantzuna: langileak esplotatuz, planetari etengabe eta bortizki erasoz edo eragiketa espekulatzaileak baliatuz.

Osasun sistema publikoak —urtetan politika neoliberalen biktima izanak— gainezka egin du; hezkuntza publikoak —murrizketek itota— ez ditu guztiontzako baldintza berak bermatu; etxegabetzeak ez dira gelditu; ezin konta langile geratu dira kalean, asko laguntza publikorik gabe. Hala ere, bigarren olatuan bete-betean sartuak gauden honetan, neurri politikoak enpresa handiei laguntzak ematera bideratuko dira: norentzat izango dira, bada, Europatik datozen funtsak? Diru publikoa prekarizazioaren eta deslokalizatze planen errudun diren enpresei kalteak ordaintzeko erabiltzea onartezina da; diru publikoaren %100 langileon interesen alde jarri behar da, krisia betikoek ordain ez dezagun: gazteok, emakumeok, migranteok, pentsiodunok; finean, langileok.

Zerbitzu publikoek bezala, langileon eskubideek azkenaldian pairatutako eraso sistematiko eta etengabeak argi ikus daitezke datuei begira. Azkenengo EAEko EPAren arabera, 25 urte baino gazteagoen %42,7 langabezian daude, Europa osoko daturik txiroenetarikoa; lana dutenen artean, laurdenak ez ziren 1000 euroko soldatara ailegatzen 2018ko INEren arabera. Nahiz eta orain dela gutxi Euskal Herriko soldataren media 1000 eurotik igo (lehen aldiz), ukaezina da gehiengoaren egoera ekonomikoa oraindik askoz hobetzeke dagoela, eta gazteriaren soldata ez dela nahiko bizitza duina asetzeko. 29 urte baino gazteagoen %35k baino ez dute bere gurasoen etxebizitza utzi. Langabezia, aldi baterakotasuna eta soldaten geldialdia gazteria eta langileriako arazo sistematikoak dira eta ez pandemiak sortuak, baizik eta azkenengo hamarkaden politika ekonomiko jakin batzuen ondorioak.

Desregularizazioak, tertziarizazioak eta azken boladan bultzatutako hiri-ereduak langileriaren bizi-baldintzetan eragin larria izan dute. 2019ko Eusko Jaurlaritzako Gazte Behatokiaren arabera, 29 urte baino gazteagoen ia erdiek (%47.6k) aldi baterako kontratua dute. Datua askoz larriagoa da 16-24 tartekoen artean: %79koa, alegia. Aldi baterakotasuna naturaltzat bezala aurkeztea ezinbestekoa da sistemaren defendatzaileentzat, zerbitzu-sektorean oinarritutako ekonomietan premiazkoa da eta. Nahiz eta ikusi dugun neurri sozialagoetara hurbiltzeko keinuak egin dituela gobernuren batek, ez dira nahikoa, bereziki kontuan hartzen badugu lan baldintzen krudeltzea, katastrofe naturala baino, beste batzuen aberastasuna eraikitzeko sistemaren funtsezko erreminta dela.

Komunikabideek eta erakunde publikoek krisiak guztioi berdin eragiten digula, eta guztiok batera «sakrifizioak eginez» bertatik aterako garela errepikatzen digute etengabe. Honek badu helburu argi bat: gainontzeko krisietan gertatu den legez, gutxi batzuek aberastasuna pilatzen duten bitartean, krisia langileok ordaintzea. Saihetsezin gisa aurkezten digutena beste era batera kudeatu daitekeela ezkutatzen digute: esaterako, langileongan inbertituz, makroekitaldiak egiten dituzten eta hemen tributatzen ez duten enpresei diru laguntzak eman ordez.

Ta gu nora goaz? Hori da geure buruari egin beharreko galdera. Gure etorkizuna jokoan dago, gazteon bizi-baldintzak are gehiago prekarizatu nahi dituztenen aurrean antolatu beharra dugu. Soilik ondo antolatutako gazteriak lortuko duelako bizitza duinera bide egitea. Auzoz auzo eta sektorez sektore egindako borrokek ezinbesteko garrantzia dute horretan guztian, baina, horrez gain, beharrezkoa dugu borroken elkargune espazioen sorrera, borroka hau irabazteko langileok indarrak batzea beste aukerarik ez dugulako. Kapitalak klase berekoon arteko gatazkak sustatu nahi dituen bitartean, guk, beti esan izan dugun bezala, klase batasuna dugu helburu.

Ta gu nora goaz? Borrokak merezi duelako, barnean dugun ezinegon eta haserrea indar askatzaile bihurtzera goaz. Bazatoz?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.