Krisia eta suizidioak

Juan Karlos Marcos, Gemma Pousa eta Ibon Zubiela
2012ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Osasunerako Mundu Erakundearen (OME) eta Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen (ELGE) datuak aztertzen dituen ikerlanak erakusten du langabezia-tasa %1 handitzen den bakoitzean suizidio heriotza-tasak %0,8 areagotzen direla. Adibide argigarri bat jartzearren, orain hiru urte Europako suizidio-tasarik txikienetako bat zuen Greziak, eta handienetakoa du egun. Greziako Osasun Ministerioak eman dituen datuen arabera, 2011ko urtarrila eta maiatza artean suizidio-tasa %40 handitu zen, 2010eko epe bereko datuekin alderatuz.

Euskal Herrian, abagune ekonomiko honen hasieran esaten genuen neurririk hartu ezean «krisialdiaren sindromea» (depresioak, bihotzeko akutuak eta suizidioak) handitzen joango dela, langileek pairatzen duten zalantza-egoera eta presioa handiagoa delako, langabezia gero eta handiagoa delako. Aipatu sindromea, batez ere, lana bilatzeko zailtasun handia dutenek jasango dute —emakumeek, kualifikazio gabeko edo ahalmen urriko langileek, gazteek edo etorkinek—, iraupen luzeko langabezia eta gizarte-bazterkerian jausteko aukera handiagoa dutenek eta abar.

Are gehiago, kontuan hartzen badugu erabaki guztiak kontrako bidean doazela, hots, kaleratzeak merkatzen eta errazten direla, langabeen eskubideak urratzen dituztela, negoziazio kolektiboaren eredua zentralizatu eta deuseztatzen dela, ordutegiak liberalizatzen direla, pribatizazioak, zerga-politika atzerakoiak, mendeko pertsonen eskubideen murrizpena, BEZa handitzea, sistema publikoa deskapitalizatzen dela, banka erreskatatzen dela eta abar. Neurri horiek guztiak gutxi batzuen onuran eta gehiengoaren kaltean egiten dira, hots, langileriaren bizkar, langileok ordaindu eta jasaten baititugu.

Azken hilabeteotan suizidioak gora egiten ari direla antzeman da. Datu ofizialez ari garenez, Auzitegiko Medikuntzako Nafarroako Institutuaren arabera, 2000. eta 2006. urteen arteko suizidio-tasak %14,51 egin zuen behera. Aldiz, 2006. urteaz geroztik eta 2009. urtera arte, aipatu tasak gora egin du Nafarroan, %145,76, hain zuzen ere. Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundearen arabera, iaz EAEn 179 pertsonak beren buruaz beste egin zuten. Aipatu kopuruak, azken 6 urteko estatistika gogoan hartuz, aurreko guztiak gainditzen ditu. Heriotza horietako 91 Bizkaian gertatu ziren, aurreko urtean baino %56 gehiago.

Egoera hori ez da kasualitatez gertatu; gizarte-zatiketaren eta klaseen arteko borrokaren adierazpen garbienetakoa agerian uzten du. Kapitalismoan gizarte-ezberdintasuna bizitzaren bereizgarria da, baina langileriari dagokionez, heriotza goiztiarra are bereizgarriagoa da. Alegia, txiroak okerrago bizi gara eta gure bizitza laburragoa da, klase menperatzaileko kideak baino lehen gaixotzen gara.

Askotan saiatzen dira zuhaitz batek oihanaren ikusmira traba diezagun, eta osasunaz eta horren jatorriaz mintzatzean, norberaren faktoreek, bizimoduak eta abar duten garrantzia azpimarratu ohi da. Hori interesez betetako diskurtsoa da, eta neurri batean, faltsua da. Ikerketa akademikoko nahiz zientzia-dibulgazioko esparru batzuek eta nagusi diren «desinformazio» hedabideeek errepikatzen dute gaixotasunen jatorriak eragile biologikoekin, genetikoekin, bizimodu kaltegarriekin, teknologia medikoaren gabeziarekin... zerikusia duen ustea. Eragile horiek guztiak garrantzitsuak dira, baina badira, itxuraz, «aldenduagoak» dauden arrazoiak, eta ikusgaitzak izanagatik garrantzitsuenak dira osasun publikoaren harira, osasun kolektiboari dagokionez.

Arrazoi horiek «arrazoien arrazoitzat» hartzen dira: pertsonen osasuna, batez ere, egoera sozialetan sortzen da, hots, egoera ekonomiko, politiko eta kulturaletan. «Gizarte-mugatzaileek» eragile sozialetako (enplegu eta lan-baldintzak, etxebizitzaren kalitatea edo ingurumen-eragileak eta abar) eta politikoetako (gizarte-politika publikorik ez izatea edota mugatua izatea...) multzo zabala osatzen dute, eta horiek biztanleriaren osasunari eragiten diote modu erabakigarrian. Nola bizi garen, nola lan egiten dugun, nola elikatzen garen, gehiago ala gutxiago esplotatzen gaituzten, baztertzen gaituzten ala ez, babesten edo laguntzen gaituzten, gizarte-politikarik badugun, gure bizitzei dagozkien erabaki garrantzitsuenetan parte hartzeko ezagutza eta gaitasun politiko eta pertsonala dugun... gaixotzeko eta hiltzeko probabilitate kolektiboa handitzen duten baldintzak dira guztiak.

Aipatu arrazoi edo faktoreek—eta horiek sortzen eta baldintzatzen dituzten botere politikoen harremanak— zehazten dute gizarte-multzo bakoitzak zer probabilitate, baliabide eta aukera izango duen duintasunez bizitzeko eta «bizitza osasungarria» aukeratu ahal izateko. Ulertu behar da ere pertsona eta talde orok ez duela jokabide osasungarriak hautatzeko aukera bera, klase, genero, etnia, migrazio egoera edota adinaren arabera.

Beraz, okertzeko beldurrik gabe esan dezakegu patronalak, kapitalaren menpekoak diren Madrilgo, Iruñeko eta Gasteizeko gobernuek prekarietatez, gaixotasunez eta heriotzaz jositako errealitatera garamatzatela. Hori da beren bidea, eta ezarritako ordenaren esanetara makurtzen diren hedabide gehienek isilarazi egiten dute horren atzean dagoena.

Beraz, langile-klasearen kontzeptuan oinarrituz, borrokan segi behar dugu krisialdi honen benetako alternatiba eraikitzeko, norabidea aldatzeko eta bestelako eredua eraikitzeko. Eredu horretan langileriaren osasunak eta bizitzak ardatz izan behar dute, lan-harremanen eta harreman sozialei lotu politiken eta ereduen ardatz. Eta gertatuko da, betiere, baldintzatzeko eta erabakitzeko gai izango den gehiengo soziala osatzen baldin bada. Hor dugu bidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.