Euskal Herrian eraso sexistak gertatzen dira, eta nabarmen areagotzen dira jaietan. Egoera horri aurre egiteko, Donostiako Piratok bi baliabide nagusi ditugu salaketak jaso eta erasoei erantzuteko: Puntu Morea eta 24 orduz martxan dagoen telefono bat. Gu Zirgari lantaldea eta txandak betetzeko boluntario aurkeztutako emakume piratak gara.
Aurtengo Aste Nagusia bereziki gogorra izan da. Iaz, salaketa batzuk jaso genituen, baina, aurten, gorakada handia izan dute gure baliabideetan bildutakoek, bai gure gunean eta bai gunetik kanpo gertatuek. Espazio horrek urte osoko lanketa bat dakar, oraindik ere fintzeko arloekin, baina nabaria eta eskergarria da jendeak guregan jarritako konfiantza. Bertaratutakoei harrerarik goxoena eta asistentziarik erosoena ematea izan da gure helburu nagusia.
Aurtengoak albo kalteak ere izan ditu, ordea. Gure alkateak festek normaltasun osoz zirautela esan baino ordu batzuk lehenago, Piraton asteazkeneko egitaraua bertan behera geratu zen. Normaltasun horren barruan omen baitago 24 orduan baino gutxiagoan 6 salaketa jasotzea, egunaren amaierarako 11 izan zirenak, tartean bortxaketak. Flamenkada-ra deituta, Piratok aho batez erabaki genuen asteazkenean ez zegoela festarik: festazaleen %50ek gune seguru eta askerik ez badu, ez dago jairik inorentzat. Hortik abiatu zen egun osoan protestak eta erantzunak egiteko plangintza. Espainia mailako komunikabideek gure prentsaurrekoaren eta festen «grebaren» berri ematen zuten bitartean, gure gunetik 100 metrora dagoen eraikinean ez omen zuen inork gure egoeraren berri izan, Udala ez omen zen egoeraz jabetu. Ez al da negargarria bezain lotsagarria?
Itxuraz, soilik salaketa judizial bat dagoenean kontabilizatzen dituzte erasook eta, hala ere, bezperan gure asistentziarekin komisarian salatutako eraso baten berri ez zuten izan. Askotan, Udalean, komunikabideen bidez izaten dute hirian gertatzen diren eraso sexisten berri. Hortik bi ondorio nagusi atera ditzakegu: batetik, Udalak, soilik era judizialean salatutakoak bakarrik zenbatuz, hiriaren errealitate gordin bat ezkutatu nahi duela, asko baitira salaketa judizialik edo inolako salaketarik gabe egiten diren erasoak, eta, bestetik, hirian egindako erasoen berri izatea ez dela lehentasun bat Udal taldearentzat.
Aurtengoan, geure azalean ezagutu dugu zein den salaketa bat aurrera eramateak dakarren prozesua, eta, benetan, ez da batere samurra. Erakundeek behin eta berriro erasoak salatzeko esaten diguten arren, bidean trabak besterik ez dugu topatu. Bai Ertzaintzan eta bai Osakidetzan sentsibilizazio falta nabarmena izan da. Osakidetzan bertan, barne protokoloa izan arren, ez zen egoki aplikatu, erasoa jasan zuenaren kalterako. Zer esanik ez forentse umorista batek bortxaketa baten frogak egin behar dizkizunean, eta hurrengo egunean zure testigantza zalantzan jartzen duten deiak jasoko dituzunean. Modus operandi egokiena, ezta?
Onartu behar dugu, hala ere, Udalak prebentzio kanpaina bat egin duela: urteroko eskumuturreko eta pinen bidezko mezuez gain, guregana etorri ziren Festak-ekoak gai horren inguruan hitz egiteko. Kontuan izan, irakurle, gu ez garela arlo honetako profesionalak, jaietan gertatzen diren eraso sexistei aurre egiteko asmoz elkartu garen emakume talde bat baizik. Indarkeria sexistaren aurka egiteko, ezinbestekotzat jotzen dugulako gure arteko saretzea, formakuntza, eta autodefentsa feministaren lanketa. Gainera, erakundeen gabezia batzuen aurrean, asistentzia bermatu nahi izan dugu; izan ere, erasoa jasan dutenak gobernu erakundeen aurrean bakarrik eta salduta geratzen dira. Amorruz betetzen gaitu horretarako baliabide gehien dituztenek horrelako jarrerak izateak. Nork du baliabide ekonomikoak profesional bilakatzeko aukera, gobernu erakunde batek ez badu? Baliabideez gain, hori egiteko erantzukizuna duela esatera ere ausartzen gara. Lehen harrera duin bat emateko ordutegi errealak dituzten zerbitzu funtzionalak jartzeko ardura. Erasoa jasan duena babesteko baliabide funtzionalak jartzeko erantzukizuna.
Oraingoz, Gobernu erakundeetatik ipinitako bitarteko eskasak komisarian topatu genituen. Udalak, Donostiako Festak-ek, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak sinatutako panfletoak, denok ulertzeko moduko aholkutxoekin: edariak zaindu, lagunak zaindu, ez ibili bakarrik gauez… beldurra sartu emakumeari eta, bide batez, ardura ere haren gain jarri. Aholku horiei jarraituko ez bagenie, zer egingo genuke? Akaso festez gozatu, gure pareko maskulinoek bezainbeste edan eta etxera nahi dugunean eta nahi dugun bezala itzuli. A zer-nolako atrebentzia gurea!
Asteazkenera itzuliz, «Festara» ekitaldian gure alkate jaunak jasotako ohartarazpenak argi utzi zuen herritarrok erasoen kontra dugun indarra. Ez zenuten agian komunikabide askotan ikusiko, baina bizi izan genuenok baiezta dezakegu, izugarria izateaz gain, bat baino gehiago izutu genuela. Alabaina, erantzun horri zilegitasuna eman ordez, trabak jarri eta bi kide identifikatu zituzten. Bada, jakin dezatela benetako jai aske eta feministak izan arte Puntu Morea eta halako guneak eraikitzen jarraituko dugula. Erasoa jasan duenaren beharrak ahalik eta hoberena betetzea lehentasun bat dela. Gure artean saretzen eta indartzen jarraituko dugula, saldu diguten sistema heteropatriarkal honetan bizirik irauteko modu bakarra delako. «Gora borroka feminista!» dioten oihuak luzez izango dituztela burrunbaka loak hartzera doazenean. Sasi guztien gainetik, autodefentsa feminista aldarrikatuko dugula. Akelarre bat dugu martxan, eta asko dugu bertan erretzeko.
Artikulua honako hauek ere sinatzen dute: Amaia Garin, Amaia Oulad, Arantza Igareta, Nora Sukia, Sara Fermin eta Maddi Zubillaga
Korrontearen kontra tiraka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu