Korronte faxista eta atzerakoiak Ukrainako gerran txertatuta

2022ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Ohituta gaude gobernari batek oposizioaren jarraitzaile potentzialak izutzeko mehatxu larria izendatzeko erabiltzen duen mekanismoarekin. Horrela egin zuen Baxar al-Assadek Siriako iraultzaren lehen egunetan, astindu zuenean terrorismo islamistaren erretorika; egun, Putinek eta bere aliatuek nazismoa eta ultra-nazionalismoa erabiltzen dituzte Ukrainaren inbasioa justifikatzeko.

Errusiaren inbasioaren aurka herriaren erresistentzia defendatzeak (Ukrainan zein Errusian) ez gaitu inozo bihurtzen Maidango matxinadatik sortutako erregimen politikoarekiko. Ukrainan, nazionalistek, faxistek barne, paper garrantzitsua izan zuten Maidango protestetan eta ondorengo Donbassko gerran. Are gehiago, Azov batailoiak esperientzia hori baliatu zuen ukrainar armada erregularrean txertatzeko. Baina horrek ez du esan nahi Ukrainako gizartearen gehiengoa ultra-nazionalista edo faxista denik. Eskuin muturrak botoen %4 baino ez zituen lortu azken bozetan; presidenteak, judua eta errusiarra, %73 jaso zituen. Biletskik (Azov batailoiko buru) Gorputz Nazionala alderdia sortzeko saiakerak ez zuen arrakasta handiagorik izan, eta eskuin zein eskuin muturreko alderdien bloke bateratu batek ere ez zuen lortu hauteskundeetan parlamentuan ordezkaritza izateko gutxienekoa gainditzea.

Gerra zorionekoa izan zaie Azovekoei. Borrokalari eraginkorrak eta oso ideologizatuak, ekialdean egindako ahaleginekin ospe handia lortu zuten nazioaren defendatzaile gisa, baita Estatu eskertuaren babesa ere. Egungo gerran, Azov eta antzeko taldeak lehen mailara igaro dira. Horrek guztiak ez du justifikatzen ikuspegi demokratikotik faxismoaren indartzea, baina esplikatzen du zergatik izan den.

Galdera da ea zergatik ez diren ageri garai batean gerra egoeran hain azkarrak eta sendoak ziren ezkerreko talde armatu antimilitaristak (boltxebikeak I. Mundu Gerran, edo Frantziako zein Jugoslaviako komunistak II. Mundu Gerran, nazien okupazioaren aurka). Errusia ez da Estatu faxista, baina hurbilago dago horretatik Kieveko gobernua baino, batez ere asmo inperialistan. Galdera da zergatik eskuin muturrak aurrea hartu dion ezkerrari (nahiz eta berau presente egon Ukrainako erresistentzian, askok hori onartzen ez badute ere) esparru honetan ere.

Ukrainako eskuin muturraren inbokazioa edo Estatuaren eta oligarken ustelkeria ere ezin dira oztopo izan errusiar bonben eta inperialismoaren zuzeneko biktimekiko eta oligarken eta eskuin muturraren biktimekiko jendearen elkartasunerako. Are gehiago Putinen erregimena goitik behera oligarkikoa denean eta bere herriaren zanpatzailea, protestak zigortzen.

Errusiaren aldeko talde faxistak

Ukrainan faxistak daudela ezin uka, baina gutxitan esaten da bi aldeetan daudela, baita Donetskeko Errusiazalean artean ere. Bestalde, azpimarratzekoa da, Ekialdeko Europan, Errusiako Federazioak eskuin muturreko sektore esanguratsuen babesa duela (nahiz eta gerraren aurrean adostasun hori ezkutatzen saiatu): Bulgariako Ataka, Eslovakiako Alderdi Nazionala eta Hungariako Jobbik; Mendebaldean, Greziako Egunsenti Urrekararen, Ingalaterrako BNPren, Alemaniako NPDren, Frantziako Front Nationalen, Austriako FPACren, Iparraldeko Ligaren eta Belangeko Indar Berriaren babesa du. Sare horri esker, Errusiako Federazioak Bruselaren eta Washingtonen aurkako kanpo-politika babesten duten nazionalista europarrak alde ditu. Vox espainiarrak ere oso begi onez ikusten du Putinen erregimena.

Muturreko faxista paramilitarren aldetik, Novorrosiya (Errusia Berria) babesten duten eta Donbassera erregularki boluntarioak bidaltzen dituzten eskuin muturreko talde errusiar nagusiak Duguin, Sputnik eta Progromeko Gazte Euroasiarrak, Errusiako Mugimendu Inperiala, Minin eta Pozharskiko Miliziak eta Zenturia Beltza eta Errusiar Batasuna Nazionala, Errusiar talde neonaziak dira.

Aipatutako talde ultra-nazionalistak heterogeneoak dira, eskuin muturraren barruan ideia dibergenteak dituzte, baina hiru ezaugarri partekatzen dituzte: fede ortodoxoaren babesle sutsuak dira, eta hau Errusia Herrialde bakar eta berezi bihurtzen duen printzipio zibilizatzailea dela diote; sakonki antisemitak eta xenofoboak dira eta eslaviar nagusitasunean sinesten dute; eta Mendebaldearekiko arbuio sakona sentitzen dute, historikoki Errusia bereganatzen saiatu den etsai nagusi gisa.

Donbassko espektro ideologikoan, talde tradizionalista moderatuak ere badaude. Kosakoak, esate baterako. Krimeako anexioan, Kremlinek 1.000 kosako inguru bidali zituen penintsulara, eta Ukrainako ekialdean gatazka piztu zenean, Don eta Kubanen kosakoak izan ziren lehenak eskualde honetako errusiar etniakoei laguntzen.

Donbassen, gainera, Europa erdi eta mendebaldetik eta Balkanetatik joandako hamaika borrokalari kontserbadore daude. Denen artean, ezagunena ziurrenik txetnik serbiarrek osatzen dutena da, gehienak Jovan Savic destakamentuan bilduta. Atzerriko boluntarioen beste talde ezagunenetako bat hungariarrena da, San Istvango Legioan bilduta. Legio hori Errumaniatik, Ukrainako Karpatoen eremutik, Eslovakiatik eta Hungariatik bertatik etorritako hungariarrek osatzen dute.

Ildo beretik doa Ivan Georgievitx Kundrat batailoia, Transkarpatia, Eslovakia, Hungaria eta Poloniako erruteno etnikoek osatua, beraiek diotenez. Erruteno borrokalarientzat (Europa erdialdeko eta ekialdeko hainbat herrialdetan barreiatutako ekialdeko eslaviar herria) Donbassko gerra ekialdeko lau herri eslaviarren (errusiarrak, bielorrusiarrak, ukrainarrak eta errutenoak) batasuna aldarrikatzeko aukera bat da, horrela batasun neo-inperial hau gauzatzeko, Moskuren proiektutzat hartzen dutena babestuz.

Eslovakiako boluntarioak badirela frogatzen duten ebidentziak daude. Frantziakoak (Unite Continentale), Italiakoak (Millenium erakundea, Europako Alderdi Komunitarista) eta Poloniakoak (Falanga erakundea) ere bai.

Horiei guztiei gehitu behar zaie talde mertzenarioen parte hartzea, esaterako Donbassen jarduten duen Wagner Taldea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.