Egunotan Korrika gure herrietako kaleetatik zehar dabil, kilometroak batuz euskararen alde. Jai giroan euskara indartzea, eta esfortzu fisikoarekin euskararen beharra aldarrikatzea modu polita delako. Mikel Urdangarinen abestiak dioen bezala «ez onena agian, ez ederrena agian, zaharregia agian, txikiegia agian», baina, dena dela, euskal gizarteak euskararen herria dela eta izan nahi duela lau haizeetara zabaltzeko gure modua da.
Korrikaren hastapenak ez ziren errazak izan. Pertsona batzuen burugogortasunari eta tinkotasunari esker hasi ziren kilometroak euskaraz kontatzen, eta ordutik hazi eta hezi gaitu euskarak; Korrikak. Edizio bakoitzean atxikimendu gehiago jasotzen joan da; dela euskaldundu nahi zutenena lehendabizi, dela ikastolena gero, herritar mugimenduena, kultur arloa, kirolariak, eta erakunde ezberdinak batu arte, denak tipi-tapa tipi-tapa, bakoitzak ahal duen neurrian eta ekarpenean, herri bat elkarrekin korrika egiten, euskarak ere eskubideak dituelako. Euskara gure pauso bakoitzaz biziberritu eta indartzen dela konturatu garelako, eta hori ospatu nahi dugulako.
Azken edizioetan partaidetza handia izan du Korrikak Euskal Herrian. Gogoan zirrara, begietan dirdira eta hanketan ezinegona ekartzen ditu Korrikak herritik igarotzerakoan, eta ohore bat da kilometro pare bat, hamar edo Mikel Goñi pilotariak bezala Nafarroatik 17 kilometro luzez euskara ere nafarra dela aldarrikatuz, Oñatin esaten den moduan atxintxikan ibiltzea.
Bai, Korrikak bere 18. lasterketa honetan jaso du erakunde txiki zein handien besarkada, hanka eta oinekin emandako besarkada. Baina etxekoez gaindi, kanpoan ere geroz eta kilometro gehiago egiten ditu Korrikak; Berlinen, Madrilen, Shanghain, Txileko Santiagon, Londresen, New Yorken, Tolosan (Okzitaniakoan, noski), Necochean, Bartzelonan… Urruti egon arren, Korrikako partaide izan nahi dutenak, eta euskararen mugez gaindi euskara ikasten dihardutenak dira munduko kaleetan zehar «Tipi-tapa, tipi-tapa, Korrika!» oihukatzen dutenak, edota «Piñera, entzun, Txile euskaldun» deiadar egiten dutenak. Hori irudikatzean, berriro ere zirrara eta dardara gorputzean, eta irribarrea aurpegian.
Eta horrelako «abenturak» antolatzea ez da erraza izaten; jendea bildu, materiala prestatu, baimen eta lizentzia piloa eskatu… baina esfortzuak merezi du. Herri horietan dauden euskaldunak eta euskararen maitaleak ezagutzeko parada bikaina da. Giro ederrean euskaraz barre batzuk botatzeko aukera ezin hobea, eta, batez ere, Euskara mundu zabalean barreiatzeko tresna ezin egokia. Musika eta algara, kolore eta dantzaz hornitutako talde baten ingurura jende asko hurbiltzen baita zer gertatzen den jakin nahiez. Eta azalpena erraza da: gure hizkuntza maite dugulako, gure hizkuntza gu bezain bizia eta zoroa, edo serio eta zuhurra delako, gure hizkuntzaren existentziaz mundu guztia ohartarazi nahi dugulako korrika egiten dugu. Aha! Zer da ba Korrika? Zer da euskara? Ikusmira amuan jarri, eta jakin-minez begiratuko dute ordutik euskara.
Baina badago hizkuntza baten alde arinka-arinka ibiltzea ulertzen ez duenik ere: zer du ikusirik lasterketa batek hizkuntza batekin? Beti bezala pentsatuko du askok: «Euskaldun hauek erotuta daude». Akaso egia da, baina akaso hizkuntza bat biziko bada hiztunetan eta hiztunen esfortzuan eta maitasunean biziko dela konturatzen direnek ideia ontzat hartu dute. Horrela, Britainian Redadeg-a antolatzen dute bi urtean behin, Britainiako geografian zehar tarrapatan Breizh hizkuntza zabalduz eta astinduz. Correlingua galiziarra ere badugu, eta bere abestiak dioen bezala, «Agora é o noso tempo, o camiño nas entrañas, p'ra fecundar o planeta coa forza da palabra». Edo baita Kataluniako Correllingua ere, filosofia bertsutik sortua.
Hasierako Korrikak euskara indartzeko, euskaldunak kontzientziatzeko eta euskarara hurbildu nahi zutenak besarkatzeko balio izan badu —eta oraindik horretan dihardu Nafarroako hegoaldean edota Iparraldeko hainbat tokitan—,euskara mugetatik at salto egiteko eta beste hizkuntza batzuk plazara jaikitzeko balio du egun Korrikak ere. Hizkuntzarengatikako zirri hauek, lilura hori eta grina hura zabaltzen doan heinean, Euskal Herriak euskara behar duelako aldarri garbia eta euskarari zor diogun lekua ere erakusten dugu, Euskara mundura jalgiz. Munduak euskara ezagut dezan, eta euskarak mundua.
Korrika Mundura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu