Eneritz Zabaleta.

Koronabirusari erantzun juridikoa: estatu poliziala garaile eta estatu soziala galtzaile?

2020ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Errealitate bihurtu da. Euskal Herri osoa gakotuta dago, bere etxeko lau pareten artean edo oraino zabalik dauden lantegien lau hormen artean. Ustez liberalak diren gure demokraziek ez dute beste aterabiderik izan. Salbuespenezko zuzenbidea plantan eman, eta haien populazio osoaren askatasun publikoak sekula ikusi ez zen moldean ezabatu dituzte.

Bidasoa hegoaldean, Espainiako Konstituzioaren 116. artikulutik jo eta Madrileko gobernuak alerta egoera deklaratu zuen 15ean. Aturriko ertzetan, berriz, Parisko gobernuak ez zuen horrelako dispositiborik mobilizatu eta Lehen Mundu Gerran eraikitako teoria jurisprudentzial batetik jo zuen, martxoan 16an. Salbuespenezko egoeretan, berez ilegalak diren neurriak hartzeko baimena ematen dio epaileak gobernuari. Baimenari tira, eta hala egin zuen Parisko gobernuak.

Eta nolako ilegalitatea! Izan Madrilgo alerta egoeran edo Parisko salbuespenezko egoeran, ez dira guti mugatu diren askatasun publikoak: libreki zirkulatzeko askatasuna, familia bizi normal bat eramateko eskubidea, elkartzeko eta manifestatzeko askatasuna, jarduera komertzial bat burutzeko askatasuna edo botoa emateko eskubidea bera ere. Oraingoz, adierazpen askatasuna eta bizi pribatuaren babesa bakarrik dira salbu inoiz ikusi gabeko polizia debeku horietatik. Eta, dagoeneko, bizi pribatua ezbaian ezartzen dituztenak badira, kutsatutako pertsonen eta populazio osoaren joan-etorriak drone bidez ala sakelako telefonoaren jarraipen sistemaren bidez kontrolatzea galdeginez.

Zerk eraman gaitu honetara? Badirudi zezenak harrapatu gaituela. Txinan jazotako Sars-Cov-2 birusa mundu mailako pandemia bihurtu eta osasun publikoa larriki kolokan ezarri du. Gure osagarria babesteko, estatuaren makila bakarrik gelditzen omen zaigu. Polizia botereak hipertrofiatu eta norbanakoen askatasunak fermuki hertsatu behar dira. Zuzenbide Estatua estatu polizial bihurtzeak salbatuko omen du egoera.

Kasu egin behar da, ordea. Munduko koronabirus oldarkorrena baino arriskutsuagoa den beste birus batek kutsatzen du ardura botere publikoaren jabe den estatua. Polizia neurri errepresiboen akaparatzea ezti gozoa da estatuarentzat. Tentazioa handia da, molde iraunkorrean botere horiek azkartzeko eta gure askatasun publikoak murrizteko.

Salbuespena denboran luzatzeak egoera anormal hau normalizatzeko tentazioa dakar, salbuespena printzipio bihurtuz. Konfinamendu orokor honek bukaera data zehatzik ez du. Hasieran 15 egunekoa behar zuenak, hilabetekoa beharko du, edo maiatz artekoa, ekain bukera artekoa ez bada.

Alta, salbuespena zenbat eta gehiago luzatu ahala, are eta zailagoa izanen da bertatik ateratzea. Frantziako Estatuak argi erakutsi du hori. 2015eko azaroaren 13ko atentatu larrien ondotik, berehalakoan ezarri zuen François Hollande Frantziako presidenteak larrialdi egoera. Egoera horrek, polizia botereak anitz igo zituen, norbanakoen askatasunen bizkar. Epailearen baimenik gabe, susmagarrien etxera sartu, miaketak egin eta komisariara eramatea haizu bihurtu zen. Ordena publikoarentzat ustezko mehatxu ziren pertsonak etxean gakotzea edo manifestazio zein elkarretaratze publikoetara joatea debekatzea ere administrazioaren botere bihurtu zen.

2015eko larrialdia aldi luze bezain larria bihurtu zen, hainbat aldiz luzatu eta gero 2017ko azaroaren 1ean bukatu baitzen salbuespenezko egoera hori. Horrekin aski ez, eta salbuespenezko hainbat neurri zuzenbide komunean sartzea izan zen bertatik ateratzeko baldintza. Hala egin zen 2017ko urriaren 30eko legearekin. Aipatu neurri horietako anitz terrorismoaren aurkako borrokarako neurri iraunkorrak dira orain. 2020ko abenduaren 30ean etengo ei dira neurriok. Ez dezala nehork egin hipotesi horren aldeko apusturik!

Osasun publikoaren alorrean, segurtasun publikoan ikusi dugun bilakaera berdina ikusiko al dugu? Parisek, bederen, horren zentzuan eman ditu lehen neurriak. Inoizko zalutasun handienarekin «osasun larrialdi egoerako» erregimen legal berri bat onartu du. Martxoaren 18an idatzi zuen proiektua gobernuak. Lau egun berantago, parlamentuak bozkatua zuen, eta martxoaren 24tik indarrean dago osasun larrialdi egoera berria. Bide batez, konstituzioaren 46. artikulua urratuz onartu da lege berri hori, parlamentuari legea eztabaidatzeko behar adinako denborarik eman gabe bozkarazi baitzaio. Baina, salbuespenezko denboretan, dena haizu omen. Hala onartu du Frantziako Konstituzio Kontseiluak, martxoaren 26ko epai batean: salbuespenezko denbora hau dela-eta, Konstituzioa urratuz onartu den legea ez da Konstituzioaren kontrakoa (2020-799 DC epaia, 3. puntua).

Martxoaren 16ko salbuespenezko dekretuaren jarraipena hartu du lege organiko berriak. Eta erregimen horrek badu bere baitan lanjera: Bi hilabeteko iraupena izanen du, eta parlamentuak nahi adina luzatzen ahalko du. Madrilen ere zaindu beharko da gure askatasun publikoak modu iraunkorrean mugatzeko tentazioaren eztitik ihes eginen dion gobernuak konfinamendua altxatu baino lehen.

Alta, osasun publikoa babesteko kondenatuta ote gaude etxean gakotuta egoten? Estatu poliziala al da erantzun bakarra gure osagarriaren aurkako mehatxuentzat? Zezenak harrapatu gaituenean, nekez egon liteke bestelako konponbiderik. Polizia karrikan eta jendea etxean. Makila eta kito.

Puntu horretaraino ez iristean datza, baina, estatuaren papera. Liberalismo politikoaren oinarrizko teoriak hala dio: norbanakoak gure askatasuna ahalik eta molde eraginkorrenean babesteko elkartzen gara estatu batean. Gure askatasuna babestea da estatuaren eginbeharra, eta haren botere errepresiboa mugatzea norbanakoen autonomiaren garantia.

Osasun publikoaren alorrean ere, gisa horretan jokatzea galdegin beharko diegu gure gobernanteei. Estatu polizialaren makila erabili aurretik, gure osasuna babesteko hartu behar dituen neurri guztiak hartzea zaindu beharko dugu. Osasun sistema publiko, unibertsal eta egoki finantzatua ukanik. Balizko pandemien prebentzio planak osatuz: materiala badaezpada ere gordez, profesionalak eta populakuntza formatuz, birusen zaintza sistema sendoak osatuz, gaixoen depistaia masiboak egiteko baliabideak segurtatuz, beharrezkoa balitz gaixotutako kasu mugatuen askatasunak mugatuz populakuntza osoaren hobe beharrez... Hau da, gure osasun publikoa arriskuen prebentzioan eta etengabeko prestakuntzan oinarrituko duen estatu soziala behar dugu. Ez, zezenak harrapatu eta makila erabiliz erantzuten duen estatu poliziala.

Gure osasun publikoaren garantia estatu soziala dela aspaldi dakigu. Hemendik aitzina, estatu sozial hori gure oinarrizko askatasunen babesle ere dela ikasi dugu. Ez dezagun ahantzi gakotze orokor hau bukatzen denean. Askatasuna babestu dezagun. Libertatea defenda dezagun. Gure beharra dauka. Bere beharra dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.