Zinez zaila, BERRIAk luzatu didan galdera. Europa erruz dago, baina hemen erakundetutako Europar Batasunaz arituko naiz. Gogora dezagun Europak, azken hamarkadetan, hainbat estualdi pairatu duela. Esan liteke krisialdia berezko duela, bere statu quo, ethos edo izakeran datza. Behin-behineko izaera duen Europa hau osatzen, eta baldintzatzen, duten estatukideek, aldiz, beren burua nazio-estatu trinko, sendo eta behin-betikotzat daukate, subirautzaren ikur. Europak erantzun motelak erdiesten dituen bitartean, estatukideek, ziurtasuna eta oldartasuna erakuts dezakete, betoa alegia. Guk badakigu nazio-estatu narratiba hori harrokeria, are gehiago, zimarkua, dela, baina ez dio Europari polis konplexu bezala «sistema» bilakatzen uzten.
COVID-19 dela eta, azken hilabetetan bereziki nabarmenak izan dira Europako hainbat estatukideren arteko desadostasunak, iparraldeko «elkor» eta hegoaldeko «zordun» estatukideen artean. Zaila da iragartzea koronabirusak eragindako krisiek Europan zelako eragina izango duten. Badago Europaren eredua bera kolokan dagoela pentsatzen duenik, etorkizun hurbilean hartu beharreko erabakien gaineko adostasunik lortu ezean. Ene uste apalean, statu quo irristakor hori, izatearen arintasun jasangaitz hori, akaso gaindigaitz liteke, baldin eta Europa lankidetzan oinarritzen bada.
Ez dut honekin datorkigunaren larria gutxietsi nahi. Guztion bizimodua eta ongizatea zapuztu zaigu, iparraldean zein hegoaldean (arrakala berria), sortaldean zein sartaldean (arrakala klasikoa).Birusaren aurrean «estatua» besterik ez dago: ez euskal ezta europar eredurik ere. Munduko Osasun Erakundeak berak ohar kontraesankorrak eman ditu krisian zehar eta nork jakin erantzun zuzena zein den. Ez da (bakarrik) eskuduntzen arazoa, ezagutzarena eta gobernantza kulturarena baizik: hiritarroi zenbaterainoko konfiantza ematen zaigun birusari aurre egiteko orduan. Hauxe paradoxa: Irunen —Espainiako nazio-administrazio birzentralgarri osoan erabakita— musuzapia edonon behar dudan bitartean, Hendaian —Frantziako nazio-administrazio zentralduan— leku itxietan sartzeko besterik ez zait exijituko, udalek erabakita.
Europa barneko labirintoan bidaiatzeko ere nolako komeriak.Europak berezko dituen ahuleziez jabetzen gara: aholku besterik ezin duela eman, estatukideen arteko joan-etorri askea ezin bermatu.Mugen desegitea izan da Europaren narratiba, baina ikur hori ere kolokan! Estatukideek, bakoitzak bere aldetik, erantzuten dute, koordinatzeko asmo zintzorik gabe. Eta lankidetzarik gabe ez dago Europarik.
Nago, koronabirusak gure bizimodua kaltetu duen bezala, agerian jarri digula Europaren premia: planetaren defentsan koordinatuta aritzea, subsidiaritatea eta elkartasuna zainduz, zorrak komunean jarriz eta laguntzak ondo bideratuz. Klima aldaketari aurre egin, giza garapen iraunkor eta jasangarri bermatzeko paradigma berri baten premia dugu, gizarte osoari eragingo diona, ekonomiaren alor guztiak joaz. Baina eginkizun honetan desberdintasunak areagotzeko arriskua dago, gizarte barruan, gizarteen artean eta mundu mailan. Hortaz, Europak arduratsu jokatu beharko du, bere eredu sozialari eta funtsezko eskubideei leial eutsiz. Batzuetan badirudi Estatu-kideen nazio interesen arteko partxeoak Europar proiektuaren gainetik daudela, baina lankidetzari eusten badio, Europaren ethos arina eta behin-behineko izaera gailenduko dira.
Koronabirusak Europa arriskuan jarri al du?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu