Mari Luz Esteban.

Koronabirusa eta belaunaldiarteko itunaren beharra

2020ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Koronabirusaren krisiaren kudeaketa publikoa bakoitzari dagokion lekua berresten ari da: inposaturiko mugak gero eta mugatzaileago; migratzaileak susmopean; langileak ekoizle huts bilakatuta, arriskuak arrisku; zaintzaileak zainduei loturik eskubiderik gabe; umeak haien gurasoekin etengabe; zaharrak (zahar) etxeetan kate motzean; kontsumitzaileak erosi eta erosi, Interneten edo aurretiazko ziten bidez bada ere...

Artikulu honetan, aipaturiko horiei guztiei batu dakiekeen beste arrisku bati buruz arituko naiz: belaunaldien arteko arrakalaz. Izan ere, aste hauetan, belaunaldien arteko banantze sozialaren irudia sakontzen ari da: etxeetan nahasturik gauden arren, umeek, gazteek, helduek eta zaharrek komunean inoiz baino ezer gutxiago dugula ematen du, talde bakoitza gure espazio-denboretan gotorrarazita. Aitzitik, krisi honek belaunaldiarteko harremanez eta aliantzez pentsatzeko aukera eman beharko ligukeela defendatu nahi dut.

Has gaitezen adinekoekin. Zahartzeak eskubide ekonomiko, politiko eta sozialen galera ekarri ohi du, baina bizi dugun egoerak zaharren (gain) ikusezintasun soziala areagotu du: hiperpresentzia mediatikoa baina herritar izaera ukatuta. Aldian behin, komunikabideek atso-agureak elkarrizketatzen dituzte, baina ez zaie iritzia galdetzen pandemiaren eraginari buruz, eta ez dago ez haien eskarmentu historikoaren ezta haien agentzia kolektiboaren aitorpen irmorik ere. Pentsiodunen mobilizazioek subjektu kolektibo berri bat sorrarazi dute, baina konfinamenduak zaildu egin du haren egitekoa.

Bestalde, zahartzaroa, geroz eta gehiago, arazo medikotzat hartzen da, eta ulertzen da zaharren gorputzak ez duela ez desirarik ezta nahirik ere (generoak zeharkatzen duen prozesua, orobat). Aldiz, gorputz zaharra lekurik aproposena da egiaztatzeko nola ezartzen zaigun ekonomia, politika, boterea.

Horrekin loturik, lerroburuetara behin eta berriro salto egiten du zahar etxeetako egoera dramatikoak, zentro batzuen eta besteen arteko desberdintasunei erreparatu gabe, eta langileen urritasunari eta lan baldintzei arreta nahikoa jarri gabe. Horrek zahartzaroaren, menpekotasunaren eta narriaduraren arteko baliokidetasuna elikatzen du eta zaintzaren inguruko nahitaezko eztabaida soziala oztopatzen.

Segi dezagun gazteekin. Badirudi benetan inporta zaizkigula gazteak. Unibertsitatean, esate baterako, online irakaskuntzan arrakasta nahikotxoz ari gara, eta ikasleak ondo egokitu direla ematen du (ondoegi, agian?). Baina gazteekin hitz eginez gero, laster aterako dira mota guztietako arazoak: kontzentrazio eta bitarteko falta edo aurrez aurreko komunikazio egarria, besteak beste.

Ostera, edozein solasalditan, erraz sortzen dira gazteen kontrako kexak, prebentzio neurriak betetzen ez omen dituztelako, adibidez. Eta, balkoiekin gertatu den moduan —balkoi salatari bakanei garrantzi handiagoa eman zaie elkartasunez beterikoei baino—, gazteekin antzeko zerbait sumatzen da: haien jarrera ez solidarioak solidarioen aurretik jarri dira, aurreiritziei lehentasuna emanez. Baina, gizarte batean non, zerbitzuen arloa alde batera, ez den apenas zaharren eta gazteen arteko gunerik (familiatik eta feminismotik kanpo, behintzat), badakigu herri askotan gazteak izan direla zaintza sareak bultzatu dituztenak. Eta behin eta berriro azpimarratu behar da ekimen horren munta.

Gainera, arazoa ez al da gazteei (biztanleria guztiari, orokorrean) ez zaiela ez paperik ez ardurarik eman krisi honetan eta haien hobebeharrez, beste barik, herritar esaneko bihurtu (nahi izan) dituztela? Horrela, nola egingo dira besteen kargu?

Umeei dagokienez, Nerea Fillatek galdera luzatu zigun maiatzaren 3an BERRIAko haren zutabean: «Noiz erabaki genuen umeen eskubideak desagerraraztea?». Eta gako nagusi bat azpimarratu zuen: «...pandemiari aurre egiteko neurriak subjektu bakar baten berezitasunen neurrira pentsatu dituzte erakundeek eta kapitalak: subjektu autonomoa, osasuntsua, telelana egin dezakeena, zainketa ardurarik ez duena, paperak dituena, konexio problemarik ez duena, etxe baten jabea... Hau da, etxean lasai-lasai lanean gelditu daitekeena». Fillatek zioen horretara egokitzen ez direnen osasun beharrak ez direla bermatzen. Baina harago joan gaitezke: horretara egokitzen ez direnen, hau da, gehiengo nagusiaren herritartasun-estatusa urratzen ari da.

Belaunaldien arteko lotura kolektiboak eta horizontalak asmatzea eta sendotzea premiazkoa ikusten dut, familiatik harago: bizitza eta politika, zentzu zabalean, zabaltzeko, eta herritartasunaren aurkako eraso horri taxuz aurre egin ahal izateko. Pentsiodunek gazteekin aliantzak sortu zituzten euren protestetan. Zaintza sareak martxan jarri dituzten gazte horiek besteon alboan jarri dira. Izan bedi eredugarria belaunaldiarteko itun baten alde egiteko. Nik neuk, behintzat, adin guztietakoen artean eta adin guztietakoen behar, gogo, ekintzailetza, ardura eta elkar zaintzari elkarrekin aurre egiten dien gizartean bizi nahi nuke.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.