Kooperatibismoa zalantzan?

2013ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Kolpe latza jasan du kooperatibismoak Fagor Elektratresnak hartzekodunen konkurtso aurrekora jotzeko erabakiarekin. Kolpe latza Arrasatek, Debagoienak eta Euskal Herriak.

Arrazoiak bilatzea izaten da horrelakoetan ohikoena kaltetuen, hedabideen eta orokorki gizartearen jokaeretako bat. Zergatik gertatu da? Nortzuk dira errudun? Zer gertatuko da orain?

Arrazoiak ugariak direla ziur nago. Ekaitz perfektutzat izendatzen ere entzun dut egun hauetan. Krisi egoera orokorra, lehiakortasun falta, tamaina handiegia, erabaki okerrak, eta abar.

Ez dut honetan nire iritzia emango arrazoien inguruan, ez, behintzat, orain arte izendatu ditudan arrazoien inguruan; beste bat ere aipatua izan baita: eredu kooperatiboaren porrota.

Ekonomista batzuen iritzia entzun eta irakurri ahal izan dut egun hauetan kooperatibismoari buruz: kapitalismoaren barruan kokatzerik dagoen ala ez, ekonomia kapitalista ala soziala den, kooperatibismoaren helburu okerrak...

Iraganean ere kooperatiben aurkako eraso ugari ikusi ahal izan ditugu, gehienetan ETArekin erlazionatu nahian. Euskal ohituretan oinarritua dagoen eredu propio baten kontra egiteko modurik errazena horixe zen garai batean.

Gaur, aldiz, biolentziarekin erlazionatzeak balioa galdu duen honetan, eredua da zalantzan jarri behar dena.

Argudio desberdinen artean bat egin zait bereziki deigarri: eredu kooperatiboaren helburu nagusia enplegua eta jarduera ekonomikoa sortzea dela, mozkin ekonomikoen lorpenaren aurretik, helburu hau bigarren edo hirugarren maila batetan utzirik. Irakurri berriz (nik horrela egin behar izan nuen) zeren argudio hau eredu kooperatiboaren aurkako argudio bezala erabilia izan da. Harrigarria!

Eraso ideologiko garbia iruditzen zait hau esatea, eta behingoz arazoaren oinarrira dioana. Eredu kapitalistaren alternatiba eskaintzen duen eredu oro izan behar da kritikatua eta erasotua. Baita hau bezain absurdoak diren arrazoiak emanda. Absurdoa batez ere bizi dugun krisi egoera honetan. Izan ere, jarduera ekonomikoak sortzen duen mozkina gizartean aberastasuna lortzeko erabili izan bazen gutxi batzuen poltsikoetara joan beharrean, bizi dugun egoera oso ezberdina izango zen.

Eredu kapitalistaren lehentasun bakarra mozkin ekonomikoak lortzea da, beste osagarri guztiak, enplegua eta langabezia barne, mozkin ekonomiko horiek lortzera bideratu behar direlarik.

Eredu kooperatiboan, aldiz, guztiz kontrakoa. Mozkin ekonomikoak enplegua eta onura lortzeko bitartekoak dira. Logikoa, zentzuzko ikuspegi batetik, baina zoritxarrez, ez hain ohikoa, krisialdi egoera honek erakusten digun bezala.

Kapitalismoa eredutzat jotzen duen ekonomia teorikoaren ikuspegitik, enpleguaren sorrera helburu bezala jartzeak malgutasuna murrizten die enpresei, edo, beste era batera esanda, langabezia erabili beharreko bitarteko bat da mozkinen sorreran enpresek behar duten malgutasuna mantentzeko.

Ez dut nik ezkutatuko XXI. mendeko kooperatibismoa ez dela aurreko mendeko erdialdean mugimendu kooperatibista sortzera eraman zuen berbera. Ez dut ezkutatuko mundu globalizatu honetara egokitzeko egin behar izan dituen aldaketak hasierako espiritu hura baldintzatu eta agian murriztu dutela. Azken urteotako balorazio kritikoa egin beharko da agian, eta kooperatibismoaren printzipioak egungo errealitatean hobeto txertatzen saiatu. Argi esateko, ez dago hobetu ezin daitekeenik. Baina kooperatibismoak berak ere badaki bere funtsa elkarkidetza dela. Elkartasuna, lankidetza, kooperazioa. Nahi bezala deitu, baina guztiaren erdigunean, pertsona.

Nahi dutena esango dute ahots interesatuek, baina oinarri hori mantentzen den bitartean, ahazten ez den bitartean, kooperatibismoaren etorkizuna ziurtatua dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.