Kooperatibagintzaren balioaz

2013ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Kooperatibagintzaren ezaugarria ez da erori ezin diren enpresak egitea. Gaizki egingo genuke kooperatiben balioa ikuspegi honen bidez neurtuko bagenu. Eredu honen ekarpenak bestelako eremuetan topatu beharko genituzke. Kapitalaren nagusikeriaren eta langileen azpiratzearen aurrean, ekonomia pertsonen eta gizarteen zerbitzura ezartzeko enpresa-egitasmoak dira kooperatibak.

Zentzu honetan, dimentsio etikoa eta ekonomikoa uztartzeko saiakera da kooperatibismoa. Egitasmo sozio-enpresarialak dira finean: efikazia eta errentagarritasuna ezinbestekoak dituzte bideragarriak izateko lehian, baina etekinak pertsonen eta gizartearen garapenerako bitartekoak baino ez dira. Gizarte-emantzipazioaren bidean, kooperatibagintzaren ekarpena da frogatzea jarduera ekonomikoa pertsonen duintasunaren, lankidetzaren eta elkartasunaren balioen oinarrian garatu daitekeela .

Arrasateko kooperatibismoaren sorrera ikuspegi zabalago honen baitan kokatzen da. Gerraosteko diktadura testuinguruan, kooperatiben aitzindariek lana, aberastasuna eta garapen ekonomikoa sustatu nahi zituzten. Baina horrez gain, ohiko enpresa kapitalistaren eta paternalistaren aldean, pertsonaren duintasunaren berme eta langilegoaren auto-emantzipaziorako bide izango ziren enpresa-tresna berriak sortu nahi zituzten. Kooperatibak eratu zituzten horretarako: batetik, enpresa kapitalistaren barne egitura eraldatzeko (lanaren burujabetza kapitalaren gainetik ezartzeko, barne demokrazia zabaltzeko, langileen parte hartzea sustatzeko); bestetik, enpresaren zentzua eta funtzio soziala eraldatzeko (kooperatibak komunitatearen garapenerako tresna ezinbesteko gisa ulertuz). Ortzi-mugan gizarte eraldaketa zabalago baten desira dago, elkartasunean eta lankidetzan oinarrituriko bizikidetza eredu berria, pertsona burujabea eta gizarte autoeratuagoa.

Balioen bulkadak zeresan handia izan du Arrasateko koooperatibismoaren garapenean. Ukaezinak dira eredu honen arrakastak: garapen ekonomiko ikusgarria, aberastasunaren eta enpleguaren sorkuntza, aberastasunaren banaketa orekatuagoa, ekonomi eredu sustraitua dira, besteak beste, kooperatibismotik eratortzen diren emaitzak. Bestetik, Arrasateko kooperatibagintzaren ezaugarria ere bada kooperatibaren formulaz gizarte eremu desberdinak antolatzea (industria, kontsumoa, finantzak, hezkuntza, ikerketa, babes sozialaren arloak eredu honen bidez garatu dira). Gaur esparru askotatik aitortzen zaionez, Arrasateko kooperatibismoari esker badakigu molde honek egitasmo sendo eta indartsuak bideratzeko ahalmena baduela.

Baina ukaezina da ere ibilbide honetan logika sozial eta enpresa logiken arteko oreka zaildu egin dela. Arrazoi desberdinek azaltzen dute joera hau, besteak beste: gizartearen desideologizazioa eta indibidualizazioa, eszenatoki globalaren eta konplexuaren urgentziek ikuspegi sozialetarako tarteak txikitzea, enpresa handi eta konplexuak bilakatu izana, distantzia handiagoa arduradunen eta bazkideen artean, ongizate estatuaren eta publikotasunaren hedapenak komunitate logiken eta iniziatiba sozialaren espazioak ahitu izana. Diagnostiko partekatua da proiektuaren dimentsio sozialagoak arreta galdu eta dimentsio ekonomikoetara labaindu dela Arrasateko kooperatibagintza.

Egungo krisia, dena den, aro aldaketa baten mugarria dirudi. Irudipen orokortua da bestelako gizarte molderantz abiada itzelean goazela. Oparotasun garaiak iraganeko kontuak dirudite. Izan ere, eredu neoliberalak eta globalizazioak elkarbizitza eta gizarte-kohesioaren oinarriak zaildu egiten dituzte.

Galdera potoloen aroa da, berriz ere, aurrean duguna. Testuinguru honetan, kooperatibagintzak, eta batez ere haren oinarrian aurkitzen diren gizarte-ikuspegiek, inoiz ez bezalako gaurkotasuna bereganatzen dute. Batetik, krisiari erantzuteko ereduaren ikuspegitik, garapen eredu orekatu eta sustraitu baterako osagai funtsezkoak dituztelako kooperatibek; eta bestetik, gizarte eredu humanoagoaren eraikuntzan sakonduz egiteko aukerak eskaintzen dituelako. Izan ere, alternatiba sinesgarrien irrika sumatzen den honetan, pertsonen garapen integrala eta komunitateen ahalmentzea ardatz dituen proiektu kooperatiboak gizarte trantsiziorako osagai interesgarriak eskaintzen ditu.

Fagor Etxetresnen krisiaren testuinguruan, ereduaren gaineko zalantzak zabaltzeko tentaldiak dauden honetan, erantzunak kooperatibismo arduratsuagoan eta kontzienteagoan aurkitu beharko genituzke. Epe laburrean, inor bazter utzi gabe, elkartasun mekanismo guztiak aktibatuz. Epe ertainean kooperatibagintza biziberritu baten oinarriak garatuz: enpresa sendo eta bideragarriak garatuz, enpresaren humanizazio bideetan sakonduz, eta gizarte solidario eta kooperatiboa sustatzeko norabidean eragile izango diren kooperatibak garatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.