Kontraesanaren behar ideologikoa

2011ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Frankfurteko eskolak 1930eko hamarkadan haize berriak ekarri zituen marxismo ortodoxoaren kritika egin zuenean. Hori dela eta, marxismo kritikoa (edo teoria kritikoa) gailendu zen Theodor Adorno, Max Horkheimer eta enparauen eskutik. Marxismo edo sozialismo berri hark, aurreko teorizazioak errealitatea ulertzeko zuen hertsitasuna kritikatzen zuen. Horrela, gizartea eta gizakia bera ulertzeko era aldatu zenez, eta zientziaren ekarpen berriei ere ezin zitzaienez muzin egin, gizartearen dinamika azaltzeko (eta, hortaz, eraldatzeko) tresna kontzeptual berriak pentsatzearen beharra etorri zen ezinbestean. Marx, Engels edo Leninen irakurketak eta proposamenak testuinguru sozial, politiko eta ekonomiko zehatz bat ikertzetik zetozen, eta paradigma filosofiko eta zientifiko bati hertsiki lotuak zeuden. Testuinguru eta paradigma horiek aldatzean, sozialismoak aldaketa horietara egokitzen ikasi behar izan du, ortodoxietatik askatuz.

Ordutik eta gaur egunera, ezagun dugu, Antonio Gramsci, Daniel Bensaid, Slavoj Zizek, Judith Butler, Alain Badiou, Ernest Laclau eta enparauak dira marxismo-leninismoaren egokitzapen berria egiten saiatu direnak, diziplina guztien ekarpenak aintzat hartuz. Gure herrian, hala ere, batzuek nahiago izan dute literatura berri hori errefusatu, eta Leninen ¿Qué hacer? eta Marxen Manifestu komunista liburuak Biblia berria bailiran papagaien erara errepikatzen jarraitu: komunismo hertsitik harago (sozialismo parte hartzailetik sozialdemokraziara) doan guztia langile klase puruaren kontra doan likidazionismo hutsa dela aurpegiratzen digute oraingo komunista autentikoek. Ez dira ez, kritika berriak: baina izatekotan ere, hondakinak dira.

Horren harira, Argia-k egin zion elkarrizketa batean, Jon Sarasuak esaldi eder bat bota zuen, artikulu honetan lelo bezala erabili nahiko nukeena, auto-eraketaren filosofiaz hitz egiten ziharduela: «Hanka bat lokatzetan sartua ez daukana ez da interesgarria». Horrekin esatera zetorren, errealitatean bere proiektu politikoak aurrera ateratzen saiatzen dabilenak beti izango duela hanka bat kakatzan sartua. Hau da, kontradikzio etengabean bizitzen jakin behar du pertsonak, ezkertiarra bada are gehiago, printzipioen purutasuna desagertu egiten delako errealitatearekin nahastean. Kontraesanik batere ez duenak, ideia handiak izan bai, baina ezer egiten ez duelako da, edota hori ezean, eskuindarra (boterearen kudeatzaile hutsa) delako. Beste guztiok, lurraren gainean bizi garenok, behintzat, egunero gabiltza mila kontraesanekin borrokan: horri esker garatzen dugu gure gaitasun kritikoa, horri esker ikasten dugu gure ideiak errealitatean hobekien nola aplikatu.

Aurreko batean esaten nuen bezala, izugarrizko joera dugu teoriaren baldintzak errealitatekoekin nahasteko. Hein handi batean, teoria mailan kontraesanik gabeko mundu bat irudikatzen dugu, eta errealitatean ere hala izan behar dela sinestera heltzen gara. Hori da arrazoia, hain zuzen, zenbaitek herri honen egungo askapen dinamikaren prozesua ez ulertzearena. Herri hau ez dago erresistentzia fasean, nazio eraikuntzaren fasean baizik. Horretarako, Marxen irakaspenez gain, Gramsciren hegemoniaren hausnarketak hartu behar dira kontuan (edo Laclauren populismoaren artikulazioa). Hain zuzen, horixe delako gaur egungo erronka: subjektu independentista—ezkerrekoa eta abertzalea— hegemonikoa artikulatzen asmatzea. Hori egiteko, ezinbestekoa da korronte desberdinak adierazle horren azpian ondo artikulatzen jakitea (horretan datza, hain zuzen, Independentistak sarearen garrantzietako bat). Hortik kanpoko purutasun abertzale eta komunistak, edo proposamen politiko haserretuak, inefikazak izateaz gain, ez dute herri eraikuntzarako inongo interesik erakusten. Mota honetako adierazpenak, adibidez: «Ezker Abertzaleak prakak jaitsi ditu, Alderdien legea onartuz eta Espainiar instituzio kolonetan parte hartuz»; edota «EA sozialdemokratekin hitzartuz langile klaseari eta askapen borrokari traizio egin dio, kontraesan larrian jausiz…». Errespontsabilitate politikorik ez duten umeen purrustadatzat hartzen ditut adierazpen horiek.

Kontraesanak kudeatzeko modurik onena ideietatik praktikara dagoen distantzia ahalik eta txikiena izatea da. Zentzu horretan, ezkertiartasun, abertzaletasun puru, edo koherentzia absolutua eskatzen duten horiek duten arazoa da teorian predikatzen dutenetik praktikan oso urrun egoten direla. Horregatik, hobe da teoria malguagoa izatea eta praktika horretara egokitzea, ideia edo utopia handiak izatea baina praktikan alderantzizkoa egitea baino. Hainbat ortodoxoen kontraesan hori oso larria da, hAUSnART filosofia aldizkarian egin genion elkarrizketaren pasarte batean, Joseba Sarrionandiak salatzen zuen bezala: «Utopia atzean uzten dituzun oinatzetan ere ikusi behar da. Ezin duzu helburu demokrazia proposatu eta modu antidemokratikoan funtzionatu, edo nazio bat sortzea proposatu eta nazio horren partaide izango litzatekeen gehiengoa etsaitzat hartu».

Marxismoak ekarri zigun irakaspen sinpleetako (teorian) batekin jarraituz, aldaketa politiko eta sozial bat eman nahi bada, horretarako baldintzak dira lortu beharrekoak. Hau da, ez da nahikoa aldaketa bat desiratzea, edo razionalki proposatzea. Mugimendu boluntaristak ez dira ezer aldatzeko gai, ez baitute errealitatearen analisi estrukturala kontuan hartzen, eta, beraz, hortik abiatuta, ezta estrategia zehatz eta efikazena proposatzen ere (spanishrevolution?). Mugimendu ortodoxoak are gutxiago, ez direlako gai hegemonia bat artikulatzeko, bere ideien purutasunean gelditzea nahiago izaten baitute, beraiek bezala pentsatzen ez dutenekin helburu nagusia (independentzia) lortu arteko elkarlana bultzatu beharrean.

Independentzia lortzeko, badirudi interklasista (ezkertiarra edo aurrerakoia) eta abertzalea izango den mugimendua egituratu behar dela. Horixe izan da, hain zuzen, Bildu koalizioak arrakasta izugarriz egin duena. Nola askatuko dugu, ba, herri hau, ez bada subjektu hegemoniko independentista artikulatuz?!

Kontraesanak problema dira batzuentzat; beste batzuentzat, problema da, hain zuzen, kontraesanik ez izatea. Artikulazio hegemoniko politiko berri honetan ematen diren kontraesanak ahalik eta hoberen kudeatzen jakitea izango da erronka berria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.