Kontatzearen beharraz

2011ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Bi adiera ditu kontatu aditzak euskaraz: bata, zenbakiei dagokiena, hitzei dagokiena bestea. Zenbaturen sinonimo den heinean matematikaren esparrura garamatza zuzen-zuzenean. Kontatzea diskurtso bat eratzea da ere, narrazio bat osatzea. Ahozko tradizio luze bezain emankorra duen herri honetan, kontatzeak berebiziko garrantzia du, transmisioa bermatzen duen heinean. Tradizioa eta etorkizunerako erronkak uztartzen dira latinetik mailegatu dugun hitz honetan. Zenbaki eta hitzen inguruko kontrolaz jardungo naiz lerrootan. Biak izan dira, eta dira, oraindik ere, boterearen helduleku garrantzitsu.

Azken hamar egunotan aditzaren bi adierak agertu zaizkigu esparru politikoan bete-betean. Jokaleku politiko berriaren ertz eta mugarri balira bezala entzun izan ditugu bata zein bestearen ahotan. Adiera biek izan dute garrantzia. ETAk armak utzi zituenaren berri zabaldu bezain laster zenbakiak izan ziren protagonista komunikabideetan. Zortziehunetik gora ETAk hildakoen kopurua. Alabaina, kopuru desberdinak irakurri eta entzun ahal izan ditugu komunikabideetan azken egunotan, batzuetan milara puzteraino. Biktimek azken hamarkadan hartu duten garrantzia kontuan harturik, estatutu juridiko bat aitortua dutela kontuan harturik, zenbaki dantza hori harrigarria suertatzen da. Mingarria ere, esan dezake batek baino gehiagok. Kopuru zehatzen inguruko adostasunik ezak kazetarien lan kaxkarra agerian uzteaz gain, beste zerbait ere utzi du agerian: oraindik ere badira hamaika gertakari argitzeke, estatuak bultzatutako gerra zikinaren hedadura eta garrantziaz jabearazten gaituztenak, adibidez, horietako zenbait ETAk hildakoen artean zenbatuta ageri baitira. Kontatzeko modu desberdinak daude, agidanez. Gizarte zientzietan aspaldi jakin ahal izan genuenez, zenbakiek ez dute berez mundu objektibo bat islatzen, errealitatea eraikitzeko baliatu izan dira, kategoriak sortzeko, legitimitatea aldarrikatzeko, azken finean, mundua antolatzeko.

Horren adibide da ere gatazkak bidean utzi dituen beste biktimak, errepresioak eta talde paramilitarrek hildakoak eta zauritutakoak zenbatzearen aldeko apustua. Orain artean inor gutxik entzun ahal izan ditu haien ahotsak. Zirenik ere ez da aitortu nahi izan. Ez dute inolako bisibilitaterik izan gizarte mailan, ez gutxienik instituzioen aldetik. Laurehundik gora pertsonaren izenak ageri dira zerrendatuta estatuaren biolentziak hildakoen artean. Kontua ez da hutsean kopuruak parez pare jartzea, baizik eta errealitate hori egon badagoela aitortzea, esatekoa badutela gizarteratzea. Errealitatearen parte direla aitortzea, finean. Horiek ere kontatzen dute.

«ETAri kontakizunaren guda irabazi beharra dago», zioen Iñaki Gabilondok irailean, eta horrekin batera «errelatuaren» gaia zabaldu zuen. Bake Konferentziaren ondorengo komunikatuak mahai gainean jarritakoen artean urgentziazko gai modura ageri zaigu azken hamarkadetan gertatukoaren kontakizunaren auzia. Zer kontatuko den eta nola, bai eta nori dagokion betekizun hori lotu nahia agertu dute espainiar politikari esanguratsuek, tartean gobernuan daudenak. Kontakizunaren eduki legitimoaz gain, kontakizunaren beraren izaeraz entzun ahal izan ditugu, singularrean. Errelatuak bat eta bakarra izan behar du. Gai interesgarria da dudarik gabe diskurtsoak boterearen tresna gisa aztertzeko.

«Errelatu historikoaz» mintzo zitzaigun joan den ostegunean Ander Iturriotz, memoria historikoari keinu eginez. Kontuok Espainiak iragan hurbil zein ez hain urrunarekin dituen puntu beltzak dakartzate gogora. Franco hil ostean, kontakizunak bat eta bakarra behar zuen orduan ere. Isiltasuna nagusitu zen, diktaduraren inguruko berrikuspen eta auzibiderik ez zen izan. 1977ko Amnistia legeak frankisten erantzukizun politikoei zegokienez tabula rasa eratu zuen moduan, ondorengo gobernu sozialistek uko egin zioten errelatu bakar hura auzitan jartzeari. Amnesia kolektiboa edo Isiltasunaren paktu gisa ezagutzen da trantsizioko ardatz izandako erabakia, ahots aniztasuna ukatzen zuen berbera. Orain hamar urte memoria historiakoaren auzia lehertzearekin batera ikusi ahal izan dugu trantsizio delakoa ez zela izan uste bezain modelikoa. Memoriaren beharrak berekin dakar aurretik kontatzearen beharra, transmisioa gauzatuko bada. Eta kontakizunak askotarikoak dira, ezbairik gabe.

Errelatu bakarraren aldarrikapenak Espainiako historia garaikidean bide luzea du. Francok bere erregimenaren zutabe egin zuen. Kontakizun bakarra zen zilegi, memoria bakarra ohoragarri, mundua bitan banatzen zen, irabazle eta galtzaileak zeuden. Trantsizio delakoak, beste molde batez, berretsi egin zuen kontakizun bakarraren hautua, isiltasunera kondenatuz beste behin ere gertatutakoaren inguruko kontakizunak. Zilegi zen errelatu bakarra isiltasuna zen. Hirugarrenez jarrera bera aldarrikatzen dute espainiar politikagintzan, demokraziak oraindik ere bide luzea duela egiteko agerian utziz. Argi dago politikan guztiak ez duela berdin kontatzen. Argi dago ere badela zer kontatua eta errelatua ez dela, inondik inora, bat eta bakarra izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.