Kontatu dizkiguten koplak

2020ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Txikitan, zuetako askori botako zizueten esaldi klasiko hau, platerean ezer uztea eragozteko: «Den-dena jan ezazu, Afrikan goseak hiltzen dira-eta ume asko, eta zu hemen janariari muzinka, alajaina». Hori da hori, maltzurkeria galanta. Jan ezazu, zuk baduzu-eta pribilegio hori, eta beste batzuek ez. Imajina ezazu zu bezalako beste haur bat, munduko beste toki batean, ahora zer eramanik ez daukala, eta zu jan eta jan, urdaila bete-beterik. Gogorra, ezta?

Txikitatik hainbat iragarkitan ikusi ditugu gaizki elikatutako haur beltzak, goseak hiltzeko zorian. Normalizatuta daukagu halako irudiak publizitatean agertzea, baita orain ere, baina sekula ez litzateke halako irudirik emango goseak hil beharrean dauden umeak zuriak izanez gero. Txiki-txikitatik, iruditeria bat landu dugu, esaterako, Afrikaren inguruan. Herrialde bat bakarra balitz bezala agerrarazi dugu, ziertotzat jota Afrikan beti izan direla haur pobreak, goseak egoten direnak eta ezin txiroagoak direnak. Ikasi dugu Afrika pobrea dela, eta ez dugu gogoan hartu zergatik ote den. Ez digute kontatu Afrika aberatsa dela eta, hala ere, pobrea dela Europako enpresa batzuek handik eramaten dutelako aberastasuna, lotsagabekeria ikaragarriz.

Txiki-txikitatik dudan beste irudi bat paterena da. Kostaldera iristen diren migratzaileen gaia beti egon da telebistan, egunkarian... Beti erakutsi dituzte irudi lazgarriak, hilak itsasoan, ur ertzean. Umetan Tarifako hondartzetan paseoan genbiltzanean, maiz agertzen zen halako txaluparen bat. Beti egon dira hor, beti «etorri» izan dira, batez ere udan, baina ez dut gogoan horretaz beste ezer kontatzen zigutenik. Areago: irudipena dut nahita eragindako deshumanizazio prozesu batean sartu gaituztela, bestea objektu gisa ikus dezagun, eta ez ni bezalako gizaki gisa, ez gure mugek hiltzen duten gizaki gisa.

Txikitatik ikusi dugu elkarlan proiektuak egiten zirela Hegoalde globaleko herrialdeetan, Hirugarren Mundua deitzen zuten horretan. Jende zuria beti, beste batzuen salbatzaile, besteak pobreziatik eta miseriatik babesten. Gure mundua, lehen mundua beti; elitismoan eta pribilegioan oinarrituta, beste mundu horretara goaz, hirugarrenera, ea zer edo nor salbatzen dugun, ongintzan aritzeak ematen digun kemenaz eta gizarte onarpenaz jantzita.

Beti sinetsita daukagu pobrezia eta miseria kanpoko bi munstro direla, gizarte zuriarekin zerikusirik ez dutenak. Eta gu, zeinen jende jatorra, hara joaten gara munstro horien kontra borrokatzera, edo ez, edo dirua ematen diogu gobernuz kanpoko erakunderen bati, edo gure babespean hartzen dugu haur bat, etxetik mugitu gabe. Inork ni harrikatu baino lehen, argitu nahi dut ez naizela jokabide horiek auzitan jartzen ari: kontatu dizkiguten koplak analizatu besterik ez dut egin nahi, litekeena baita guk kopla horiek sinetsi izanak zerikusia izatea oraingo auzi batzuekin.

Aurrerago, bat konturatzen da ezen deskribatua ziguten Hirugarren Mundu horren lepotik bizi dela Lehen Mundua, zeinak kolonizatu, zapaldu, harrapakatu, ostu eta nagusi izan nahi baitu. Orduan, jakina, txikitan denok aditu dugun esaldi hura, platerean ezer ez uzteko esaten ziguten hura, bestela ikusten da, eta are makabroagoa da. Munduko beste bazter bateko ume horrek ez dauka zer janik, baina kontua ez da soilik hori: kontua da ez daukala zer janik, hain zuzen, hemen gehiegi dugulako, eta, gainera, haren bizkar dugulako gehiegi.

Kontatu dizkiguten koplak paradoxaz beteak daude: batetik, haur pobreez mintzatu zaizkigu, pertsona ahulez, biktima babesgabeez; bestetik, pertsona horien inbasio etengabeaz ari zaizkigu, baina orain, ordea, arriskutsua da jende hori. Dirudienez, pobre koitadu batzuk dira han daudenean, eta etsaiak, berriz, hemen daudenean.

Geure garapena zurien pribilegioan oinarritzen da, eta Europa deritzon Gotorlekuan, heziketa arrazistan, zenari ahaztu egin zaion guri gauza asko kontatzea historiako ikasgaian. Ondo ulertu nahi dut zer gertatzen den aldez aurretik, gero ulertu ahal izateko nolatan polarizatzen diren pertsonak, nolatan batzuei pena ematen dieten eta nolatan beste batzuek, berriz, sentitzen duten inbasioan eta lapurretan ari zaizkigula. Zerbait egin dugu heziketan eta gure garapenean: bestela, ez ginateke hain harroputzak eta ezjakinak izango, eta inork ez luke pentsatuko zilegi zaiola esatea «lur hau nirea da, eta zu nire lurra inbaditzera eta niri dagokidana kentzera zatoz».

Eskolan, konkistaz mintzatu zaizkigu, baina kolonizazioaz ari ziren zinez. Ahaztu egiten zitzaien esatea hura guztia lapurretak zirela, espoliazioak, bortxaketak, genozidioak eta jendea beren lurretik kanporatzeko ekintzak. Ahaztu egiten zitzaien kontatzea beste toki batzuk «aurkitu» zituztenean han jendea bizi zela. Ahaztu egin zitzaien kontatzea gu garela ipuineko gaiztoak, eta orain ere halaxe garela. Besteren lurretan sartu eta dena txikitu genuela, eskubidea genuelakoan, eta orain lotsagabekeria handiaz esaten diegula lur hau gurea dela eta hemen ez dagoela denentzako nahikoa, nahiz eta lehen bezala harrapakatzen eta lapurtzen diegun haiena.

Eta zer dakar halako koplak sinesteak? Bada, alde batetik, gure gizarteak gurasokeriaz jokatzea migratzaileekin, gure gizartea salbatzaile zuriz betea egotea, eta munduan barrena ibiltzea argazkiak ateratzen adingabe arrazializatuekin, lau haizeetara esan ahal izateko zeinen zintzoak diren, beren lan solidarioagatik, jakina. Eta, bide batez, ideia hau iraunarazi ahal izateko Hegoalde globaleko herrialdeei buruz: «Oso zoriontsuak dira oso-oso gutxirekin, eta irribarrez ari dira beti». Eta gure bizimodua zuritu ahal izateko, eta hemengo jendea batere ez larritzeko eta errudun ez sentitzeko, nahiz eta atzaparka lapurtu hangoei.

Kopla horiek sinestearen ondorio dira gorrotozko diskurtsoak: «inbasioaz» mintzo dira. Espainian sartzeko hesien gainetik pasatu eta itsasoratzen den jende horretaz ari garela, inork ez dio bere buruari galdetzen zergatik ez diren hegazkinez etortzen, ezta? Argitzeagatik: arrazoia zera da, herrialde honek modua jartzen duela ni 30 euroren truke Marokora joateko hegazkinez, baina eragotzi egiten duela marokoar batek billete bera erostea eta modu seguruan etortzea. Gorrotozko diskurtso horiek diote ez dagoela denentzako nahikoa, eta baliabideak mugatuak direla. Diskurtso horiek, gainera, aproposak dira politikak eta legeak zilegiztatzeko eta orain arte bezala segitzeko, guzti-guztian.

Niri kontatu dizkidaten kopla berak kontatu badizkizute, garaiz zaudete auzitan jartzen hasteko. Hori kontatu digute, baina horrek ez du esan nahi egia denik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.