Tere Maldonado.

Kontakizunaren gaineko borroka

2021eko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Egungo munduaren ezaugarrien artean, mediatikoki eraikitako mundua izatea dago. Alderdi mediatikoak ez du esan nahi soilik komunikabideak hitzak barnean hartzen zuena (komunikabide horiek hobeak edo okerragoak izan zitezkeen, politikoki gutxi-asko eskoratuta egon zitezkeen, baina gutxieneko profesionaltasun-osagaia zuten); gaur egun, hedabide horiek gauzatzen duten errealitatearen konfigurazioa baldintzatu eta zehaztu egiten du sare sozial deiturikoek markatzen duten agendak. Sare sozialak, gertatzen denaren isla edo ispilu baino gehiago, errealitatea sortzeko doitasun-mekanismoak dira.

Errealitatea eraldatzeko helburua dugun jendeak eta gizarte-mugimenduetako erakundeak (feministak, ekologistak, eta abar) dilema honen aurrean gaude: gure presentziarekin eta jarduerarekin munstroa elikatzen jarraitu, edo gure mezua lausotzen, hutsaltzen, hooliganizatzen eta usteltzen duten gune horietatik behin betiko erretiratu.

Gero eta nabarmenagoa da gure aurkariek aurrean ipinitako trapu batera sartu garela, amua irentsi dugula eta hor noriari bueltaka ari garela, geure erresonantzia-kaxan sartuta geure durundiak entzuten, gure burbuilan, boot eta trollei erantzuten (eremu honetan dena esan behar da anglizismoen bidez), geure burua ezagutu izanaz poz-pozik, haratago ikusteko gai ez diren egoak elikatzen.

Ezin dugu pentsatu ere egin ekintza bat burutzea eta sareetan ez komunikatzea. Baina, konturatu gabe, gero eta gehiago gure ekintza sareetan komunikatzera mugatzen da. Alderdi politikoetan komunikazio-saila gero eta garrantzi handiagoa joan da hartzen. Komunikatzea saltzea besterik ez dela ikustea oso tristea da (askotan motorra saltzea). Komunikazioa deiturikoa gehiago arduratzen da saltzeaz produktu salduaz baino.

Beste leku batean azaldu nuenez (Mad Men en la Diputación de Bizkaia,Viento Sur aldizkarian), kontua ez da erakunde batek zer egiten duen ezagutaraztea (iragartzea, komunikatzea), baizik eta lehentasuna da komunikazio-sailaren irizpideen arabera edozer egitea, zer (egin) eta nola (komunikatu) guztiz nahastuta eta lardaskatuta. Kontua ez da lehenik gauzak ondo egin eta gero komunikatu behar direla, baizik eta ondo komunikatu daitezkeen gauzak egin behar direla. Komunikazioa deitzen diogu, baina publizitatea eta propaganda besterik ez da, beraz. Marketinaren inperialismoak den-dena itotzen eta kutsatzen du.

Zelan heldu gara honaino? Nola lortu dute saltzeko teknikak hezurretaraino bustitzea? Nola kolonizatu du hain sakonki kapitalismoak gure burua, gure arima? Nola erdietsi du guk debalde lan egitea hain zuzen ere uko egiten diegun helburuak lortzeko? Nola izan da posible hain buruargi eta argitsuak izanik (hori uste dugu) hariak mugitzen dituztenei gure denbora eta lana eskura jarri izana, oharkabean, kontzienteki bilatzen ditugun helburu guztiz kontrajarrietara hurbiltzeko? Arlo honetan asko pentsatzeko eta zuzentzeko dagoelakoan nago. Baina erlazionaturiko beste gai bati heldu nahi nioke oraingo honetan.

Badakigu beti, baina bereziki mundu super-komunikatu honetan, askoz garrantzitsuagoa dela sortutako kontakizuna kontatutako errealitatea baino. Eskuin muturra, —gustatuko litzaigukeen baino— bizkorragoa izaten ari dena, horretaz jabetuta, kontakizuna eraikitzen jarri da. Thomas Szazek zioen bezala, animalien erresuman erregela jatea edo jana izatea bada, gizakiongan beste batzuek edo norberak definitzea da kontua.

Izan ere, Madrilen ezkerreko gobernu bat dago, eta hari buruz gehienez esan daiteke politika sozialdemokrata oso epelak egiten dituela. Eskuina eta ezkerra bereizten dituen posizio sortan zentro-ezker moderatu batean egongo litzateke, espantu handirik egin gabe. Baina ultraeskuindarrak behin eta berriz esaten du gobernu sozialkomunista dela, eta horrek politika lotsatiok zer eta muturrekotzat hartzea ekar dezake. Pertzepzioaren fokua hainbeste mugitzen ari da eskuinera, non ikusmen-eremutik kanpo geratzen ari baita ikuspegiaren ezkerreko hegalaren zati handia. Gobernu honek egiten duena sozialkomunista bada, nola proposatu edo eskatu energiaren nazionalizazioa, adibidez, edo banku publiko bat sortzea? Nola debekatu plastikoa fabrikatzea edo behartu hondakinen %100 birziklatzera ? Nola defendatu zaintza-sistema publiko baten beharra, zaintzak jasotzeko guztion eskubidea eta, aldi berean, zaintzaileen lan-baldintza duinak bermatuko dituena, Mugimendu feministatik aldarrikatzen ari garen bezala?

Distortsio beraren eraginez, EAJren eta PSEren gobernuaren kapitalaren eta enpresa handien aldeko politikak (demokristauak eta sozialdemokratak gehien jota, eta kontu askotan neoliberal hutsak) muturreko gizarte-sentsibilitatekoak balira bezala saltzen dira (Eusko Jaurlaritzaren publizitate makineria ez da ahuntzaren gauerdiko eztula). Ezkutatuko mezu subliminala zera da: pozik egon beharko genukeela horrekin, hemen eskuin muturrak ez duelako arrakasta handirik, hemen auzolanari ekiten omen diogulako. Eskuineko politika zentrokoa balitz bezala saltzen da; zentrokoa, ezkerrekoa balitz bezala, eta ezkerrekoa desagertuta dago, ez dago agendan. Ez Euskal Herrian, ez Espainian, ez Europan. Hain zuzen ere, kapitalaren eta etekinik handienaren metaketaren logika iraultzea premiazkoa den une honetan. Krisi zibilizatorio baten erdian, non kapitalismoa planetako bizitzarekin amaitzeko bidean dagoen.

Agian, ekofeministak eta sozialkomunistak garela aldarrikatu beharko genuke harro, bigarren adjektibo horri konnotazio negatiboak kenduz. Ez dakit. Baina kontakizunaren borroka gehien manipulatzen eta gezurretan ari direnak irabazten ari direla dirudi. Gauzak horrela, ezin dugu zilborrari begiratzen jarraitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.