Kontakizun partekatu bat osatu

2014ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Gaur egun, Espainiako Gobernuak oraindik ez dizkigu onartzen biktima garen aldetik dagozkigun eskubideak. Gu biktimatzat hartzeari uko egin berri dio, gure familiak Biktimen Legea dela-eta aurkezturiko helegiteari eman dion azken ebazpenean, nahiz eta ondo baino hobeto frogatua dagoen bagarela biktima: badugu sumario bat, badugu epai bat Espainiako Gobernuko kide batzuk eta Intxaurrondoko guardia zibil batzuk kondenatu dituena eta 400 urtetik gorako kartzela zigorra ezarri, nahiz eta bostena ere ez duten bete. Non dago Justizia; non dago egia, justizia, aitorpena eta erreparazioa jasotzeko dugun eskubidea zaindu behar duen Justizia hori?

Oraingoz, PPren Barne Ministerioaren arabera, guri ez dagokigu terrorismoaren biktimaren izena. Lege hori aldatu beharra dago, gaizkileak babestu (GAL=PSOE=PSE-EE) eta babesik gabe uzten baititu biktimak, hau da, nire familia. Horri tortura psikologikoa deitzen zaio, eta, gaur egun, NBEk onartua du giza eskubideen beste urraketa bat dela hori.

Nik, zer gertatu zaidan esaten dudanean, beti azpimarratzen dut sentsibilitate politiko guztiak errespetaturik kontatzen dudala zer gertatu zaidan, eta saiatzen naiz atxikimendurik eta laguntzarik beroena adierazten terrorismoaren biktima guztiei, ezagunak izan zein ez. Niretzat, denek merezi dute errespetua. Beraz, errespetu hori bera exijitzen dut gure minarentzat, urteetan ukatu baitute guri egindako zentzugabekeria eta bidegabekeria, eta erakunde ofizial askok, mespretxu isilez ukatu ere, beren botereaz abusaturik.

Guretzat ez da izan erreparazio moralik. Non, noiz eta nork emango digu? Seguru asko, herritarrek emango digute, agintariak baino aurrerago ibiliko baitira, eta mugarri bat jarriko baitute euskal auzian.

Kontuan harturik ofizialki onarturiko biktimei bakarrik egin dizkietela omenaldi ofizialak, gu oraindik ez gaituzte aintzat hartu errespetu horrekin, ez berdin tratatu. Beraz, uste dut organismo ofizialetan bultzatu beharko luketela gure presentzia agerikoa izatea bai Eusko Legebiltzarrean eta bai Espainiako Parlamentuan, eta udaletan, diputazioetan, zientzia eta historia elkarteetan.

Apustu egin beharko litzateke sentsibilitate guztietako pertsonak egon daitezen; hartara, zimentarri sendoa jarriko litzaioke behin betiko bake iraunkor bati, eraikuntzan, edertasunean eta guztien onuran oinarriturik. Garrantzitsua da, oso, gaizkietan gaizkiena baztertzea: urteetan legez kanpoko jarduerak babestu dituzten legezko estatuek eginiko gaizkia, eta defendatzeko indarkeria beste biderik ikusten ez zuten gizarte sektore batzuen gaizkia.

Pentsatzen dut osa daitekeela sentsibilitate politiko guztiek onarturiko kontakizun bat baldin eta:

—Zintzotasunez jokatzen bada, eta urteetan ukaturiko beste errealitateak onartzen badira.

—Malgutzen badira orain arte izaniko jarrerak.

—Zentzuz aritu eta berdin ezagutu eta aitortu nahi badira gertatutako eskubide urraketa guztiak.

—Gardentasunez jokatzen bada, gertaera historikoak berez badira-eta nahiko gardenak. Nahiz eta gertatutakoa testuinguru jakin baten argitan jarri nahiko dugun historia kontatzeko, argi dago gaizkia eta ongia bereizi beharra dagoela, zuzena eta makurra bereizi behar diren bezalaxe. Gure kasuan, gaizkia Espainiako Estatuak egin zuen, eta jokabide makurra, berriz (legez kanpo atxilotu, bahitu, desagerrarazi eta erail), 400 urteko kartzelara kondenaturiko haiena izan zen, denak ere libre bi urte eskas beteta. Bereizkeria iraingarri horiek saihesteko, egokia izango litzateke egiaren batzorde batek parte hartzea, horrelako gatazkak konpontzeko saioetan duten esperientziagatik.

Kontuan hartu behar da ezen, herrialde batean urteetan arazo politiko bat izan bada eta arazo hori barneratu bada, beti izaten direla azken erabakian eragin behar ez duten ahultasun batzuk, nahiz eta guri oso inpartziala iruditu gertatutakoa juzgatzeko dugun era.

Beraz, onartezina da gizarte batean indarkeriazko ekintzak justifikatzea, eta are okerragoa, gobernuak berak ezkutatzea bere ekintza terroristak, horien ikerketa trabatzea, diru bereiziak desbideratu eta xahutzea mertzenarioak eta soldatapeko gorilak pagatzeko. Horrelako jokabide onartezinak indargabetu egin behar dira, eta argi utzi zuzenbide estatu batean legezko tresnak baino ezin direla erabili ideiak defendatzeko, injustiziak eta gehiegikeriak salatzeko...

Baina ustela estatua bera denean, goragoko erakundeetara jo behar da objektibotasuna bermatzeko gertakariak eta inguruabarrak epaitzeko orduan; batez ere, gobernuko kiderik garrantzitsuenak tartean sartuak baldin badaude, argi eta garbi.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.