Konspirazioz ere egiten baita herria

2018ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Maite dut konspirazio hitza. Eta maite ditut teoria konspiratzaileak. Badakit, gehienak ez dira ipuin polit eta lasaigarriak. Ez bederen oinezko herritarrontzat, baina errealitatearen gordintasunarekin aurrez aurre jartzeko balio digute. Nork manatu zuen Martin Luther Kingen edo Berta Caceresen erailketa? Nortzuk osatzen dute itxuraz munduaren hariak mugitzen dituen elite boteretsu hori? Zergatik aldatu du egun batetik bertzera Espainiako Auzitegi Gorenak bere iritzia hipoteken aferan? Epai etikoetatik haratago, argi dago konspiratzaile hauek beren etorkizuneko nahiak eta desioak lortzeko ekitea erabakitzen dutela, azpikeriaz eta gauez egiten badute ere.

Erran dut, maite dut konspirazio hitza, badagoelako konspiratzeko bertze modu bat. Egunez, publikoki eta modu irekian egiten dena. Horixe egin du Eusko Ikaskuntzak azken urte, eta batez ere, hilabeteetan, beren etorkizuneko nahiak eta desioak lortzeko helburuarekin ekiteari ekin dioten euskal herritarren, eragile sozial, ekonomiko eta politikoen eta erakundeetako ordezkarien topaleku bilakaturik. Ez interes politiko edo ekonomiko partikularrak lortze aldera, kohesioan eta elkarkidetzan oinarrituko den XXI. mendeko Euskal Herri jasangarria eraikitzeko asmoarekin baizik. Mila lagun baino gehiago ibili gara konspirazio lanetan, ametsetan eta amets horiek nola eraikiko ditugun hausnartzen, etorkizunari eserita itxoin beharrean honi aitzintzeko borondatea dugun mila lagun baino gehiago. Eta sinetsita nago are gehiago ditugula inguruan.

Hurrengo ortziralean plazaratuko dira OƱatin bere XVIII. Kongresuaren seigarren eta azken saioaren baitan konspirazio lan hauen guzien lehen emaitzak, eta Euskal Herriko Lurralde(ar)en Liburu Zuria deituko zaionaren oinarriak. Gizarteak egun eta hurrengo urteetan izanen dituen erronkei aurre egin eta nahi dugun etorkizuna eraikitzeko proposamen eta bide-orri anitzen bilduma izanen da. Opari ederra egiten ari zaio Eusko Ikaskuntza Euskal Herriari. Ez bakarrik norantza bat. Gizartearen oinarrietatik datorren energia pilaketa ikaragarria ere bai. Lana ez baita hemen finitu. Eta zu, 2040ak ustekabean harrapatuko zaitu? Edo konspiratzaileen taldera etorriko zara?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.