Euskaraldiaren bigarren edizioa, gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan. AEKn, hitz onak bainoez ditugu. Plazan, tokia hartu. Ekimenaren ardatz arrakastatsuak nabarmenduko ditugu, maiz errepikatu diren arren. Hasteko,euskara plazara eramateko egokitasuna. 19. Korrikaren amaierako Lorea Agirreren mezu gogoangarriaz oroitzen gara: «Lekua hartu, plazan sartu. Bazterretik, erdira etorri. Plaza erdira etorri eta lekuaz jabetu. Eta zutik jarri, eta eskua altxa, eta hitza hartu. Beldurrak uxatu, lotsa erauzi, gutxiegitasun-ustea erantzi eta duintasuna jantzi».
Txapa janztean, hori guztia lortzen da. Sustapen-kanpaina erraldoi bihurtu da: hedabideetan, etengabe, milaka lagunen parte-hartzea, tokian tokiko batzordeak eta abar. Euskarak behar-beharrezkoa duen hauspoa eskuratu du: herri-gogoa, aldian behin izango den hitzordu garrantzitsu berria; Korrikak, adibidez, bi urterik behin bermatzen duena bezalakoxea.
Bigarrenik, ariketa sozial baterako proposamena ekarri digu: alde agertzea ez da aski, rol bat hartu behar da, «lokaztu, busti, kutsatu», herritarren hizkuntza-ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzeko. Helduen aktibazioa du oinarri.
Hirugarren giltzarri nagusia, geure ustez, ekimenaren izaera da: erakunde publikoen eta herri-ekimenen arteko elkarlan esanguratsua. Arduradun politikoak eta herritarrak norabide berean, eskutik hartuta. Hizkuntza bat ezin da normalizatu herri-mugimenduaren ahalegin soilaz, eta, era berean, inoiz ez da suspertuko instituzioen ahalegin hutsarengatik. Segi dezagun elkarrekin.
«Klika. Euskarak behar du herri honen sistema eragilean». Maialen Lujanbioren hitzak ere gogora ekarri nahi ditugu, 21. Korrikaren amaierakoak. Horren ildotik, aurrerapauso handiagoak aldarrikatu nahi ditugu Euskal Herria arigune masiboa izan dadin, gure herria euskaraz eroso aritzeko bizileku bilaka dakigun. Hori dela eta, ezinbestekoa da mota guztietako eragileek (sozial, politiko, ekonomiko eta kulturalak), egunerokoan, normaltasunez erabiltzea euskara. Korrikaren azken edizioan, hainbat eragile klika egitera animatu genituen, konpromiso zehatzak hartzera. Orain, Euskaraldiaren bigarren aldi honetan, ariguneen agerpena sekulako urratsa iruditu zaigu.
AEKn, guztiz sinetsita gaude, lehentasunez, orain herri-agintarien (Administrazioaren) eta mota guztietako jendarte-eragileen txanda dela; nork bere baitako sisteman beharrezko neurriak har ditzan: lege-markoak, erakunde/enpresa/talde barruko dinamiketan euskararentzako bideak.... AEK-k ezinbesteko deritzo sistema eragilean parte hartzen duten guzti-guztiek hautu eraginkorrak hartzeari, larrialdi linguistikoaren argi gorriak piztear dauden honetan. Nahitaezkoa daerakunde orok urrats sendoagoak egitea aldekotasunetik konpromisora eta konpromisotik eragitera, jendartearen nahi eta beharrizanei erantzuteko.
Arlo soziopolitikoan eragiten segitu. 2020-2021 ikasturtean, AEKn, esparru horretan jarriko dugu azpimarra eta, Korrika iritsi bitartean, ez gara geldirik egongo. Ekimen bat lantzen ari gara Korrika atzeratzeak eragingo duen hutsunea neurri batean betetzeko eta Helduen Euskalduntze eta Alfabetatzearen sektorearen beharra plazaratzeko. Euskara ez bedi sasoi baterako aplikazioa (kanpaina) izan, egon bedi sisteman guztiz integratuta. Ohi bezala, gizarte-eragileen eta administrazioen arteko elkarlana bilatuko dugu, uste baitugu hori dela biderik baliagarriena; horrela garatuz gero, aukerak handitu egingo dira Euskaraldiak ekarri digun ariketa sozialari bidea jendartean zabaltzeko.
Konpromisoetatik, ekintzetara; bazterretik, plazara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu