Konpromisoa

2016ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Dokumental bat egiteko moduko istorioa da: erakunde politikoetatik kanpoko pertsona bat, di-da batean, hamabost egunen buruan, hauteskunde kanpaina batean sartu da hautagai, legebiltzarkide izateko. Trama psikologikoa gehiago konplikatzeko, pertsona hori kazetaria da. Ezagutzen ditu gertutik politikariak. Kritikatu ditu sarri, inoiz miretsi ere bai; eta orain, bera da politika zuzen-zuzenean egiten dabilena. Elkarrizketak egitetik elkarrizketatua izatera pasatu da. Horrela hasiko litzateke dokumentala.

Istorio hori da, urrun joan barik, Maddalen eta biok bizitzen ari garena. Beste aldera pasatu gara. «Zelatan?», hori da gehien egiten diguten galdera. «Ze nezesidade?», hori da pentsatu, baina esaten ez digutena.

Zaila da ulertzea zergatik erabaki dugun zoriontsu egiten gaituen lan hori utzi, baita bizi ordenatua ere, eta erakundeetako politikagintzan lan egiteko urratsa ematea. «Gehiago kobratuko duzu?», galdetzen dizute oso-oso gertukoek. Ba ez. Geure koalizioan ez da inor aberasten, inork ez dauka bira egiten duten ate horien promesa bueltarako. «Karrera politikoa egiteko asmorik daukazue?», ba ez, ezta hori ere. Jende asko jokoz kanpo geratzen da ulertu ezinik. Beste batzuk, ostera, ez. Badakite zertaz ari garen berba egiten.

Horiek sartuko lirateke orain dokumentalean. Kontakizuna kolore biziz jantziko dute, eta azalduko dute geure herri txikian gauza handiak egin izan direla hitz bakar baten bueltan: konpromisoa. Beste barik. Konpromisoa bihotzean eta buruan. Batzuetan konpromisoa diskretoa da, etxetik hasten da, lantokira egiten du salto gero, baita kalera ere. Beste batzuetan, aldiz, publikoa izaten da, alderdietan, edo langile, emakume, gazte mugimenduetan esaterako, baita erakundeetan ere. Gatazka txiki pilo bat irabazten dira konpromisoari esker, eta hori gozoa da, ez garaipenak ematen duen berehalako plazeragatik, baizik eta irabazten den bakoitzean geure mentalitatea aldatuz doalako, sinestu egiten dugulako posible dela gauzak aldatzea, hobetzea. Geure kultura da, bizitza ikusteko modu bat.

Dokumental honi, baina, suspentse apur bat falta zaio. Alde ilunen bat bilatu behar. «Non dago tranpa? Konpromisoagatik bakarrik egiten da hori?». Eta hor agertuko ginateke berriro, ez dugula egia osoa esan aitortuz. Zintzotasunez egingo dugu berba, zer irabazi badaukagula esango dugu. Eta orduan azalduko dugu hauteskunde hauek ez direla edozelakoak, aldaketarako aukera handi-handiak daudela, eta guk hor, lehen lerroan, jende on, talentudun talde handi baten aldamenean egoteko aukera edukiko dugula horri ekiteko lehen lerrotik; bizitzan behin bizi litekeen esperientzia, guk geuk ere esan ahal izango dugulako: «Ei, ni han izan nintzen». Baina han izango gara milaka eta milaka herritarren botoei esker, geuganako izan duten konfidantzagatik, eta han izango gara eurek eusten gaituzten bitartean.

Eta orain, kontatzen hasi garen istorio hau herritarrek jarraituko dute idazten. Euren esku, geure esku egongo baita emozioa eta indarra sartzea, barrea eta inoiz negarra ere eragitea, horrela idazten baitira istorio ederrak, bihotzetik, eta bihotzez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.