Konponbiderako giltzak

Joseba Azkarraga eta Bego Atxa
2023ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Joan den larunbatean, urriak 21, Gernikan aurkeztu zen Sareren dinamika berria: Konponbiderako giltzak. Aurkezpen horretan, gizarte zibilak, euskal gizartearen aniztasunaren erreferente diren kultura, unibertsitate, kirol eta beste hainbat arlotako pertsonek ordezkatuta, ahotsa jarri zion bestelako espetxe-politika baten aldarrikapenari. Bestelako espetxe-politika horrek batez ere gizatasuna eskatzen du, Martin Pallin edo Garbiñe Biurrun magistratuek, Garaikoetxea eta Ibarretxe lehendakari ohiek eta indarkeria desberdinen biktimek (Rosa Lluch, Rosa Rodero edo Unai Romano) adierazi zuten bezala. Era berean, zigorrak egungoak ez diren modalitatetara egokitzea eskatzen du. Espetxe-legerian jasotako modalitate horietan, baldintzapeko askatasunean edo erdi-askatasun erregimenean egoteak ez du esan nahiko zigorra osorik bete denik, baizik eta modalitate desberdinen bidez bete daitekeela, espetxeko hirugarren gradua aplikatzen denetik aurrera.

Duela egun batzuk, espetxe-eskumena Eusko Jaurlaritzara eskualdatu zela bi urte igaro diren honetan, Saren baitan, itxaropenetik abiatuta, egiten genuen balorazioa plazaratu genuen. Jakinik ere Auzitegi Nazionalak eta Ministerio Fiskalak etengabe helegiteak jartzen dizkietela Auzitegi Nagusietako Justizia Epaitegiek eta Eusko Jaurlaritzak ebatzitako erabakiei, aldarte horrekin egin genuen, presoen arazoari konponbide justua emateko bidean aurrera egiteko aukerak ikusten ditugulako. Ahaztu gabe, jakina, Euskal Herrian sortutako indarkeria guztien biktima guztiei ere bidezko tratamendua eman beharra dagoela. Izan ere, bi arazo horiei irtenbidea emateak euskal gizarte gisa aurrera egiten lagunduko digu, finean hain behartuta gauden ezberdinen arteko akordioak lortzera eta eskubideen —Giza Eskubideen— urraketa ororen aurkako konpromisoak hartzera eramango baikaitu.

Gernikan gogorarazi genuen, eragozpenak eragozpen, batez ere judizialak, espetxe-politikak bilakaera positiboa izan duela azken hiru urteotan. Urruntze-politikari amaiera eman zaio eta sartu garen aro berri honetan, euskal presoek lehen gradua atzean utzi dute. Orain preso guztiak bigarren graduan daude, Auzitegi Nazionalaren erabaki justifika ezinek bigarren gradutik hirugarrenera normaltasunez aurrera egitea eragozten badiete ere.

Oraintxe emango diogu hasiera etapa berri honi. Zaila, korapilatsua, baina gure elkarbizitza finkatzeko funtsezkoa izango dena, dudarik gabe.

Ez du inolako justifikaziorik salbuespen juridikoari eusteak, eta, beraz, horri amaiera emateko, eragile politiko, sindikal eta sozialek hartutako konpromiso irmoa berriro plazaratzen dugu.

Lurralde Auzitegiek proposatu eta Erkidegoko Espetxe Administrazioak berretsi dituen gradu-progresioen %75 Fiskaltzak errekurritu izana ez da soilik euskal presoei zuzenean eragiten dien arazo bat, baizik eta baita Jaurlaritzari berari ere, espetxeetako profesionalek hartzen dituzten erabakiak etengabe errekurrituak izaten ari baitira, berauek direnean preso horien bilakaera ondoen ezagutzen dutenak.

Honen ondorioz, preso hauek beren espetxe-egoeraren bilakaera estres handiaren pean bizi dute, Auzitegi Nazionaleko epaitegi eskudunak emandako erabaki judizialak espetxeei aplika dakizkiekeen irizpide juridikoetatik urrun ebazten direlako maiz. Horrek, zalantzarik gabe, presoen animoan sekulako kalteak eragiten ditu.

400 kilometro baino urrutiago dagoen Auzitegi Nazionalak, egungo egoerak gainditu duen une eta testuinguru jakin batean sortua izan zen jurisdikzio berezia erabiltzen jarraitzen du, inolako begirune juridikorik gabe, errealitate berria onartzeari uko eginez eta Zuzenbidea bihurrituz, gizarteratze-printzipioa jasotzen ez duen zuzenbidearen bertsio bat aplikatzeko.

Askotan esan dugu, baina gaur ere berriro errepikatzen dugu; ez gara pribilegioak eskatzen ari inorentzat. Ez. Legezkotasuna eskatzen dugu. Dauden milaka presoetako beste edozein presori aplikatzen zaion legezkotasun bera.

Eskubiderik eza ardatz duen Etsaiaren Zuzenbide Penala indargabetzea, eta herritarren zigor- eta espetxe-zuzenbidera itzultzea, giza eskubide guztien zatiezintasuna eta unibertsaltasuna onartzea besterik ez da. Bizikidetza demokratikora itzuli behar da, justifika ezinak diren diskriminaziorik eta neurtzeko haga bikoitzik gabe.

Espetxean urte asko daramatzaten presoei buruz hitz egiten ari gara. Batzuk, 30 urte baino gehiago. Aspaldi kondenen zati bat baino gehiago bete dituzten presoez ari gara, eta ez dago legerik esaten duenik zigorra ezin dutela bete beste era batera, espetxeko harresietatik kanpo.

Horregatik guztiagatik Konponbiderako giltzak. Giltza eduki behar dugu. Konponbidearen giltzak. Euskal gizarteak berak izan behar du, bere erakunde politiko eta judizialen bitartez, preso horiek nola itzultzen diren beren etxeetara diseinatzen duen partaide nagusia. Helburua salbuespenei amaiera ematea da, eta, espetxe-politika arrunta aplikatuz, etxera itzultzeko bide hori irekitzen joatea, hainbat hamarkadatan askatasunik gabe egon ondoren.

Artikulu honen hasieran aipatu dugu. Aldarrikapen hori bateragarria da jasandako indarkeria ezberdinen biktima guztiei zor zaien errespetuarekin.

Biktima horiei guztiei esan nahi diegu beren minaz jabetzen garela, sentitzen dugula beren mina, eta haiekin partekatzen dugula. Giza eskubideen defentsa berretsi nahi dugu, eta eskubide guztien alde egiten dugun defentsa ulertzeko ahalegina egiteko eskatzen diegu. Eskubideen urraketak bizi izandako urraketei jarraipena ematea dakarrelako, ondorio-kate amaigabe baten bidez, dagoeneko bete dituzten zigorrei erreparatzen ez zaielako. Demokrazia batean presoek zigorrak betetzeko egiten duten bidean eskubideak dituzte, eta hauek ukatzen bazaizkie, demokrazia bera ukatzen da. Beren eskubideak aitortzea eta sustatzea ez doa biktimen aurka. Presoen eta biktimen arteko aurkakotasun hori politikaren muturreko ikuspegi batek errotzea lortu baina bizikidetza normalizatuaren garaian lekurik ez duen falazia bat da. Biktimen mina ulertzen dugu. Nola ez dugu ulertuko, bada! Eta ez dugu min hori handitu nahi gure ekintzarekin. Gure helburu bakarra euskal presoen oinarrizko eskubideen defentsa da, bestelako helburu eta planteamendu politikorik gabe.

Konponbiderako giltzak. Hori izango da urtarrilaren 13an Bilboko kaleetan milaka eta milaka euskal herritarrek berriro egingo duten aldarrikapena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.