Politika, partiduen sistematik hara, «proiektu kolektiboari nork bere indarra emateko nahia» dela ulertzen dugunok; politika, tokian tokian, estatu-gauzen eta merkatu-gauzen gestiotik hara, herritarren batzarretan oinarritu beharko litzatekeela pentsatzen dugunok... honako erreflesio hauek egiten ditugu:
Gure komunaz
Herritarren batzarrak, «komunaz» eztabaidatzeko eta erabakitzeko bilgunetzat ematen ditugu.
Jendeak komunean daukan hura, sentitzen duen hura, bera da komuna.
Komun bat, herri bat izan daiteke.
Herri bat, komunean daukan hark definitzen du. Eta, herri hori, bereizten da beste herri batetik, beste herri hau beste komun bati identifikatzen delako, zeina, bere izatez, esan nahi baita, bertako jendeen sentitzez baita diferentea.
Bestalde —egun, ezin beste moduz ikusi— mundua, bera da gure komuna.
Munduko komuna, ordea, ez bada amets gaizto bihurtuko («munduko gobernua»), tokian tokian, estatuetatik at gobernatu behar da.
Komuna, herri-komun izan edo mundu-komun izan, oso hondatuta baitago (bereziki, estatuek eta kapitalismoak hondabidean jarri baitute), komuna, bada, orain-orain, batez ere, ideia batzuk dira: komunean ditugun ideiak. Ideia horietatik abiatzen dugu gure ekina: zentzu komunetik abio.
Gure demokraziaz
Demokrazia izan dadin, behar du, tokian tokiko komunitateari dagokiona (lehenik, bere bizitza politikoa) komunitateak berak erabaki ahal izan, eta erabakitzea.
Konstituzio estatalek galarazten digutelarik hori, prozesu deskonstituiente batean abiatzearen aldekoak gara, mobimendu dezentralizatu gisa, barreiatuaeta alde askotakoa, estatuen aparatuari legitimitatea eta autoritatea kenduko dizkiona.
«Komunitate bakoitza, lotzen da, lotzea akordatzen duen komunitateekin, inondik ere inposatutako autonomia, estatu edo nazio muga ororen gainetik».
«Herria, batzarrak gobernatzen du; ez dago herri-batzarraren gainean erabaki dezakeen botere-organorik, organo zentralik; batzar bakoitzak du bere buruaren ardura».
Barakaldo, Castejón edo Muskildi, herrien izatea ukatzen ez duen gobernatzeko era bakarra dela uste dugu bera.
Gure historiaz
Euskal Herriak bere historian zehar eraiki duena, ejenplu onerako dena, estatutik at, estatua kontra zuela eta estatuaren kontrako ahaleginean eraiki izan du. Harixe atxikitzearen aldekoak gara.
On litzateke, estatu-botereek (izan Espainiako erregeek, izan Frantziako iraultzaileek, eta batzuen eta besteen jarraitzaileek), bertako eliteen konplizitatez, galbidean jarri dituzten herri-instituzioak berreskuratzea, egokitzea eta indartzea, estatuetatik at.
Gure independentziaz
Independentzia nahi dugu, ez baitugu dependentziarik onartzen.
Ez gara, baina, estatuaren aldekoak.
Erditzen ari garen mundu berrian, ez-aski zaigu, eta kalteko gainera, zein diren ere hauek, estatu-aparatuen ugaritzea.
Euskal herrien emantzipatzea, indargune ez-estataletatik, tokian tokiko juntadizoetatik abiatzearen aldekoak gara.
Independentzia preziatuena, guretzat, libre moduan antolatutako komunitateena da, Bizitzaren Aurkako Zibilizazioaren korrienteek beren oldean eramateke, norabide onari eusten permitituko diguna. Komunitate bakoitzak bere ahaleginetik, bere sormenetik, bere ausardiatik eta bere argitasunetik erabakiko duen independentzia.
Gure Konfederazioaz
Euskal Herria gogoko dugunez, gure herriak, edo gure haranak, Euskal Herrien (edo Haranen) Konfederazioan biltzearen aldekoak gara.
Konfederazio hori, demokratikoa izan dadin, herri heterogeneoen konfederazioa izanen da, eta auzoetako eta herrietako batzarrek estuki behatuko dute.
Euskal herrietatik hara, gure aliatu lehenak, gu geu lotuta nahi gaituzten estatuen menpe diren gainontzeko herriak izan beharko lirateke: kataluniarrak, oc-jendea, espainolak eta beste.
Gure zereginaz
On litzateke, jendeen behar-izate basikoak: jana, bizitokia, lana, heziketa, jolasa, osasuna, zaintza... auzo, herri, haran edo eskualdeetan asetzea, merkatutik eta estatutik at.
On litzateke, propietate pribatuaz harako jabetza moduak ikertzea, eta haien alde egitea: komunak behar duen hura, komunera ekartzea.
Hortakoz eta hartakoz, behar luke, lehenik, sujetoaren —geure buruaren— eraikitzea eta jasotzea; nor bere komunitatean eraikitzea; nor bere komunitateak bizi, eta jasotzea.
Batek sinatu behar, eta nik sina.
Komuna zabalduz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu