Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrena izan da aurten. Omenaldiak, hitzaldiak eta bestelako ekitaldiak antolatu dituzte 1937ko apirilaren 26an Gernikako herria suntsitu zuten bonbak gogora ekartzeko. Zenbat pertsona hil ziren zehazterik ez dago, baina Irujoren ikerketaren arabera 1.000 emakume, gizon eta ume baino gehiago desagertu ziren Francok agindutako bonba alemanen artean. Gernikako bonbardaketa 1936ko uztailean emandako estatu-kolpearen ondorioetako bat izan zen; bonbardaketak, fusilamenduak, bortxaketak, gosea, beldurra... estatu-kolpeak errepresioa eta mina ekarri zuen Espainia eta Euskal Herri osora, gerra garaian bai eta diktadura osoan zehar ere. Luzea izan zen, gainera, Francoren diktadura. Lagun batek dioen bezala, arrain handi eta txiki askoren babesa izan zuen diktadurak; nola bestela mantendu horrelako estruktura diktatoriala 40 urtez?
Francok gidatutako diktaduraren babeslea eta parte-hartzaileetako bat izan zen apirilaren 22an hildako Jose Utrera Molina. Falangearen kide eta kargudun, Alianza Popular alderdiaren kide egin zen Franco hil ostean —Partido Popular alderdiaren aurrekaria—. Argentinako Kereilan auziperatuta zegoen Ministro falangista ohia; gizateriaren aurkako delitua leporatzen zion Maria Servini epaileak. Utrera eta Antonio Carro Martinez, Francoren Ministroa 1974-1975, ikertzen zituen epaile argentinarrak Salvador Puig Antich anarkistaren heriotza agindu zuen sententzia sinatu izanagatik. Garrotea erabilita hil zuten Puig, 1974an, epaiketa justu baterako eskubidea ukatuta. Horiek horrela, Servinik estradizioa eskatu zuen Utrerarentzat; Espainiako Auzitegi Nazionalak, berriz, ez zuen agindua bete eta 91 urte zituenean hil da ministro ohia, etxean, familiarekin.
Ulertzekoa da falangistaren senitartekoek eta haren lagun-maiteek agurtunahi izatea hildakoa. Familiarekin batera politika munduko beste agintari askok ere esan zioten agur Ministro ohiari. Cara al Sol abestuta, besoa gora... diktadura garaian ume ziren askok gogoratuko dute falangearen ereserkia, eskoletan abestera derrigortzen baitzituzten. Utreraren hiletan inor ez zegoen behartuta besoa altxatzera, ezta abestera ere, baina falangearen eta diktaduraren soinua entzun zen hilkutxa eramaten zuten bitartean. Esan bezala, senitartekoak egon ziren hildakoaren agurrean. Kontua da senitarteko horien artean instituzioen ordezkariak ere bazirela; Ruiz-Gallardon ministro ohia, esaterako, hildakoaren suhia zen. Familiaren ordezkari bezala joan zela esango du madrildarrak, baina ez dut uste kasualitatea denikPP edota Espainiako eskuma gogorrenaren kide izatea parte hartu zuten senitarteko guztiak. Falangea, Alianza Popular, Partido Popular... Hori bai, diktadura garaian Cara al sol abestea derrigorrezkoa izan arren, gaur egun oroimen historikoaren legearen aurka ez ote doan ikertu beharko du Fiskaltzak orain, diktaduraren parte hartzaile asko instituzioetan geratu baziren ere, badirelako berriro aztertzen hasi beharreko zenbait gai.
Azterketa horren harira, eta oroimen historikoaren legea gogoan izanda, bada Utreraren hiletarekin zerikusia duen beste omenaldi bat, Jose Sanjurjo Sacanell militarrarena, hain justu. Sanjurjok, egia esan, denbora gutxi izan zuen inori babesa eskaintzeko, 1936ko uztailaren 20an hil baitzen hegazkin istripu batean. 1936ko estatu-kolpearen buru izan behar zuen Sanjurjok, eta Burgoserako bidean zegoen istripua izan zuenean. Ez zen lehenengo aldia gobernuaren aurkako kolpea ematen zuela. Primo de Riveraren kolpea eta diktadura babestu zituen 1923an, Afrika iparraldeko kolonien agintaria izan zen, eta Bigarren Errepublikan sanjurjada izenarekin ezagutzen den estatu-kolpea jotzen saiatu zen, 1932an. Iruñean jaioa, nafarra, hiriko Katedralean lurperatu zuten 1939an; 1961ean Iruñeko Erorien Monumentuko kriptan ohorezko espazioa eskaini zioten Emilio Mola eta beste hainbat militar kolpistarekin batera. Iazko azaroaren 16an, ordea, Sanjurjoren aztarnak Iruñeko Erorien Monumentutik atera zituzten, Molarenak atera ostean. Udalak agindu zituen kolpisten indusketak, berriro ere, badirelako aldatuz joan beharreko zenbait gauza. Kolpisten aztarnak monumentutik aterata, monumentuaren beraren esanahia ere aldatzen da; Erorien Monumentua izandakoa memoriaren lekuko izango da hemendik aurrera.
Sanjurjoren aztarnekin zer egin duten orain dela gutxi jakin dugu: «omenaldi intimoa» eskaini omen zioten nafarrari Melillan, eta bertan izan ziren, Utreraren hiletan bezala, hiriko hainbat agintari. Ekitaldi «intimoa» izanda, oso esanguratsua da instituzioen ordezkariak egotea... ezta? Senitartekoak izango ote ziren horiek ere? Melillako panteoi militar batean lurperatu zuten. Sanjurjo Afrika iparraldeko agintaria izandako militarra zen; beraz, Melillan lurperatzea, panteoi militar batean, agian ulergarria izan daiteke; ohorezko omenaldia egitea, ez horrenbeste, eta are gutxiago erakunde publikoen babesarekin.
Erakunde publikoen babesa izan zuen baita Burutainen (Anue) Ezkaba mendiko San Kristobal gotorlekutik 1938an ihes egindako zazpi lagunen indusketak ere, apirilaren 18an. Nafarroako Gobernuaren babesa, hori bai, ez Espainiarena. PPko agintarien senitartekorik ez omen zegoenEzkabako hildakoen artean.
Sanjurjo, Mola eta Utrera moduko izen handiak aipatzea gero eta errazagoa egiten zaigun arren, hasieran esan bezala, beste izen-abizen askok hartu zuten parte diktaduraren erregimenean. Ildo berean, estatu-kolpearen eta diktaduraren kondena ofiziala egon ez izanak ahalbidetu du normaltzat hartzea ohorezko lurperatzeak eskaintzea diktaduraren buruzagiei edota kolpistei. Ulergarria agian, baina ez da normala, eta ez dugu normaltzat hartu behar. Ulergarria da, ez direlako oihukatu diktadura babestu zituztenen izenak, Espainiako izenak eta Euskal Herrikoak ere bai. Honetara ekarri nahi ditut Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministro ohiaren hitzak: «36ko gerra bukatu eta ez dakit zenbat urtera irabazi nahi dute batzuek: espainiar eta nafarrek aurrera egin nahi dute». Arrazoia du: irabazi nahi dugu, jakina, baina ez gerra, justizia baizik.
Kolpistak ohoreekin hobiratuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu