Kolonbiatik erbesteratuak: lekualdatze behartua

2018ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Lekualdatzeak aspaldiko fenomeno historiko bat dira Kolonbian, baina, antza denez, horietatik erdiak baino gehiago 1995etik 2012ra bitartean gertatuak dira: denboran bat datoz talde paramilitarrek lurraldean izan zuten goraldiarekin eta hedapenarekin, eta Kolonbia Planak matxinadaren kontra ezarritako estrategiarekin; aldi horrek, gainera, Habanako Bake Elkarrizketak hasi arte iraun zuen.

Datuak zer erakundek ematen dituen, aldakorrak dira kopuru ofizialak, baina nazioarteko eta giza eskubideen aldeko hainbat erakunderen txostenak bat datoz bi izan direla azken bi hamarkada hauetan lekualdatzerik gehien ekarri duten eragile armatuak: paramilitarismoa, eta estatua, indar militarren esku hartzearen bidez. Kolonbian bada elementu estruktural bat ere eskualdatzeak eragiten dituena, eta lehen aipaturiko eskualde joeretatik bereizten duena: «Kanporatzeak erregimen demokratiko batean gertatzen dira, zeinak ukatu egin baitzuen, behin eta berriro eta luzaroan, politikoa zela gatazka»; hala, praktika errepresiboak tamainaz eta formaz iraganeko kontua izan zitezen eragoztera jo zuen eskualdeko "demokraziarik sendoenak eta antzinakoenak». Beraz, egokia da kontsideratzea 1980az geroztiko presidentetza gobernuek zer erantzukizun edo erantzukidetasun izan duten, egitez edo ez-egitez, kolonbiarren erbestealdi politikoa sortzen.

Alvaro Uribe Velez 2002an presidentetzara heldu zelarik, gatazka armatua handitzeaz gainera, «areagotu egin ziren zenbait fenomeno: lekualdatze behartua, desagertze behartua, sarraskiak, homizidio selektiboa, eta indarkeria zentzagarria baliatzea, komunitateen eta herritar zibilen kontra». Baita laborari eta indigena komunitateen kontrako indarkeria bereizi gabekoa ere, herrialdeko eremu zabal bateko lur emankorrak indarrez hartzeko asmoz egina.

Kanpoko lekualdatzeei dagokienez, estatuak 2001etik aurrera eginiko migrazio politika murriztaileek eta beste zenbait neurrik izan zuten ondoriorik lekualdaturiko pertsonentzat eta kanpoko kolonbiarren erakundeentzat. Terrorismoa eragozteko eta oztopatzeko asmoz onartuak zituzten hainbat legek, berriz —Lege Patriota, Terrorismoaren Kontrako Segurtasun Legea—, Europa errefuxiatuentzako helmuga segurua izatea ekarri zuten, Uriberen gobernuaren gehiegikeriak gorabehera. Ez dago kalkulu ofizial, zorrotz eta sistematikorik «herrialdetik kanpoko lekualdatze behartuaz», baina UNHCRk 365.000-500.000 bitarteko kopuruak darabiltza esku artean, gerraren eraginez erbesteraturiko kolonbiarrei dagokienez. 2017an, aktibatu egin da kolonbiar erbesteratuen jardun politikoa, herrialdearen historian sekula ez bezala. Kanpoko biktima askok eta biktimen erakunde askok modu zuzenean parte hartu dute, subjektu politiko eta sozial gisa, Kolonbiaren Bake Prozesua sendotzen. Batetik, espektatibei eutsi egin zaie, Bake Akordio Behin Betikoa sinatu eta gero; baina, bestetik, oraindik ere zalantza asko dago argitzeko, baita zenbait erreparo objektibo ere hango eskabide zehatzak planteatzean.

Genero azterketari dagokionez, arazo bat dugu, emakume inskribatuak (6.238) gutxiago baitira gizon inskribatuak baino (6.757). Hala ere, lekualdatze behartuen kopuru totaletan, gehiago dira emakume lekualdatuak —kalkulu batzuen arabera, %80tik gora ere badira, emakume eta haurrak batuta—. Eta 2017an oraindik ez badakigu ere biktimizazio mota bakoitzari zer egintza dizkioten aitortuak, esan liteke herrialdetik kanpo lekualdatze behartuaren biktima izan diren emakumeek eragozpen gehiago izan dituztela eta/edo ez daukatela hain lehentasunezkotzat kolektibo gisa inskriba ditzaten. Kontuan hartu beharko lirateke, esaterako, sexu edo genero delituak egin dizkietela kontatua duten emakumeak, ezinbestekoa baita mekanismo berezi bat izatea emakumeen parte hartzea errazteko eta sustatzeko, zuzeneko elkarlanean jardun dezaten emakume erakundeekin eta kolektibo feministekin, bai Kolonbian bertan eta bai Kolonbiatik kanpo. Estatuak betebehar bat du dagokien ordaina emateko, Egia, Justizia eta Erreparazio bidez, paramilitarismoaren biktimei, zeinei oraindik ere ez baitzaizkie onartu beren eskubideak, Alvaro Uribe Velezen agintaldiko desmobilizazio paramilitarraren prozesuak —Justizia eta Bakea zeritzonak— porrot egin zuelako. Izan ere, estatuak amaiera eman behar dio, behingoz, hainbat giza eskubide urratu dituzten agintari eta estruktura paramilitarren zigorgabetasunari —indar publikoarekin elkar hartuta ibli dira—. «Erbestealdia» ondoriotzat izan duten biktimak, hain zuzen, biktimizazio eredu batek ezaugarritzen ditu, arrazoi politiko, kolektibo eta espezifikoengatik egin zaien jazarpen sistematikoaren eraginez. Biktimei erreparazioa ematea agindu demokratiko bat da, eta ezinbestekoa adiskidetzea inklusiboa eta eraginkorra izan dadin.

(Erredakzioan itzulia)
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.