Asaldura handiko garai batean daude Kolonbian. Borrokalari ohien %90 bizimodu zibilera itzultzeko prozesuan parte hartzen ari dira. Bestalde, Ivan Marquezek, Jesus Santrichek eta FARC-EP gerrillako beste buruzagi ohi batzuek iragarri dute berriro armak hartu dituztela, uste dutelako Kolonbiako Gobernuak traizio egin diola Habanako bake itunari, 2016ko irailean sinatutakoari. Garai delikatua da bake prozesurako, eta kezka handia sortu du Kolonbian bertan nahiz Kolonbiako mugetatik kanpo.
Aztertu ahal izateko bai egoera bera eta bai zer eragin izan duen iragarpen horrek, hau aintzat hartu beharra dago: bake prozesu baten ostean beti agertu ohi dira disidentziak, ituneko edukiak onartu ºuxoa anduaga ez eta berriro armak hartzea erabakitzen duten taldeak. Hala aditzera ematen du perspektiba konparatuak, Latinoamerikako bake prozesuen kasuan bereziki. Hala gertatu zen Guatemalan, Nikaraguan eta El Salvadorren, nahiz eta haietan talde txikiak sortu ziren, gerora delinkuentzia talde bihurtuak zenbait. Kolonbiako bake itunen eta desmobilizazio prozesuen historia ere halako kasuz josita dago: talde disidenteak sortu izan dira, esaterako, M19ren eta EPLren kasuetan, eta, oraindik orain, baita paramilitarrak gizarteratzeko prozesuan ere.
Horri erantsi behar zaio Habanako Hitzarmena Kolonbiako Estatuak eta FARC-EPk sinaturiko bake itun bat izan zela, eta ez bake itun integral bat herrialde osorakoa. Beste hainbat erakunde armatu, hala nola ELN, itun horretatik kanpo geratu ziren, eta horien eta gobernuaren arteko negoziazioei ekiteko ahaleginek ez dute emaitza onik izan. Horren ondorioz, Kolonbian ez da indarkeria desegin 2016ko irailaren itunaz geroztik. Besteak beste, zenbait talde matxinok jardunean jardun dute; FARC-EPko bloke batzuek indarkeria erabiltzen segitu zuten hasieratik, erakundeko buruzagiek emandako aginduei muzin eginez; eta beste hainbat talde paramilitarrek handitu egin dute beren jarduera. Denborak aurrera egin ahala, segurtasuna gero eta kaskarragoa da Kolonbiako zenbait tokitan, eta, bakea sinatu zenetik, 700 bat buruzagi sozial erail dituzte.
Laburbildurik, indarkeria eta giza eskubideen urraketa larriak ez ziren amaitu akordioak sinatu eta gero. Kontua da indarkeriara itzultze horren iragarpenak kezka handiagoa sortu duela arrazoi honengatik: matxinada horretako buruzagiek rol garrantzitsua jokatu zutela bai bake prozesuan —FARCek Habanan izan zuen negoziazio ordezkaritzako buruzagia izan zen Ivan Markez — eta bai gerrilla desmobilizatu ostean sorturiko FARC alderdian.
Korapilatsua da matxinada berri horren tamaina zehaztea. Bakerako Ideiak Kolonbiako fundazioak txosten bat argitaratu berri du FARCen gizarteratzeari buruzkoa, eta, hor emandako datuen arabera, 13.000 pertsona akreditatu zituzten gerrillako kide gisa, eta, hortaz, gizarteratze prozesurako kide gisa. Horietatik, 1.000 pasatxo ez dakite non dabiltzan; beraz, galdu egin dituzte gizarteratzeko ekinbideetan parte hartzeagatiko onurak eta eskubideak. Horiek dira, beharbada, FARCeko disidentzien muina, nahiz eta ezin den ziurtatu horiek guztiek indarkeriarako pausoa eman dutela.
Beraz, borrokalari ohien ehuneko txiki bat da. FARCen gaur egungo zuzendaritzakoen hitzetan, eta bai Nazio Batuen Kolonbiarako Egiaztatze Misioak eta bai Kolonbiako Gizarteratze eta Normalizazio Bulegoak egindako txostenetan ere jasota dagoenez, 10etik 9k eutsi egiten diote gizarteratze prozesuarekiko konpromisoari.
Orain, Kolonbiak bi arrisku nagusiri aurre egin behar die. Batetik, herrialdean bada sektore sozial eta politiko bat —Duque presidentearen hurbilekoa ere badena— oposizio ezinago gogorra egiten ari zaiona bake prozesuari. Iragarpen hori aprobetxatzen ere hasia da, Habanan lorturiko aurrerabide guztiak desegitea proposatzeko, eta segurtasun neurrietan eta indar armatuak erabiltzean oinarrituriko estrategien alde egiteko. Bestetik, bake prozesuan aurrerabiderik ez egin izanak, gizarteratze prozesuko zailtasunek, erailketek eta mehatxuek areagotu egin dute borrokalari ohien kezka, eta, horren ondorioz, baita disidentzian pixkanaka eta etengabe kide gehiago sartu ahal izateko arriskua ere.
Zenbait egokiera ere hasiak dira agertzen. FARCeko presidente Rodrigo Londoño Timochenko-k BBCri emandako elkarrizketa batean adierazi berri duenez: «Honen guztiaren eraginez, nolabaiteko jarrera neutral bat zuen jende asko alde jartzen hasiakdira, eta, oraintxe bertan, prozesua babesten ari dira, eta ezartzen has dadin presio egiten». Kolonbiako gizarteak, hein handi batean, prozesua indartzearen alde egin du, eta hura ezartzen hasteko konpromisoa hartzearen alde ere bai, horixe delakoan herrialdearentzako konponbiderik onena.
Eta bada beste egokiera handi bat ere, bake prozesuarekin konprometituriko milaka borrokalari ohi horiena, hain zuzen. Agirre Lehendakaria Center, adibidez, gizarteratze proiektuetan parte hartzen ari da Kolonbian, Mondragon Taldearen LKS eta Alecop adarren bidez, EBk finantzaturik eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean. Eta, ikusten ari garenez, jendea kezkatuta dago bake prozesuaren etorkizunaz, baina, aldi berean, erabat sinetsita dago bide politiko eta soziala dela alternatiba bideragarri bakarra. Kolonbiako Gobernuak areagotu egin beharko lituzke gizarteratze prozesu horretan laguntzeko ahaleginak, jakinik horretan arrakasta lortzea dela modurik onena matxinatuen lerroak ez handitzeko eta Kolonbia seguru baten alde egiteko, non bizilagun guztiei etorkizun on bat eskainiko baitzaie.
Kolonbia: gerra eta bakea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu