Kolon eta ondesteko minbizia: test soil bat, berebiziko proba

2016ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Euskadin bizi garen 50 urtetik 69 urtera bitarteko guztiok, 600.000 inguru Eustat Euskal Estatistika Erakundearen arabera, jaso dugu etxean behin gutxienez Osakidetzaren kolon eta ondesteko minbiziaren baheketa-programatik helarazitako gutuna. Gutun horrekin batera kit txiki bat bidaltzen da, gorotzaren lagin bat jasotzeko eta osasun-zentrora bidaltzeko, gure laborategiek ezkutuko odola dagoen ala ez azter dezaten.

Test soil hori berebiziko proba izan liteke, hitzaren sakoneko esanahian. Izan ere, kolon eta ondesteko minbizia bigarren tumore ohikoena da, bai gizonen bai emakumeen artean, bularreko eta prostatako minbizien ondoren. Kanpaina abiatu zenetik igaro diren zazpi urte hauetan, Osakidetzaren Programari esker 19.000 lesio premaligno eta ia 2.600 tumore kantzerigeno detektatu ziren; horietatik, bi heren hasierako estadioetan diagnostikatu ziren, eta, horren ondorioz, tratamendu ez hain agresiboak aplikatu eta biziak salbatu ahal izan ziren.

Bidali diegun gutunari kasurik egin ez diotenei helarazi nahi diet nire mezua gaur, Koloneko Minbiziaren Prebentziorako Munduko Egunean, kontzientziatu daitezen eta arduraz joka dezaten, haien ongizatean pentsatuz. Garrantzitsua da parte hartzea. Proba egiteak berebiziko garrantzia dauka. Eta ez dugu ez lotsarik ez beldurrik izan behar.

Euskadin dugun kolon eta ondesteko minbiziaren baheketa-programa erreferentzia bihurtu da, estaldurari, eraginkortasunari, kalitateari eta parte-hartzeari dagokienez. Eredu bat gara, Estatu mailan ez ezik, nazioarteko foro nagusietan ere bai; adibidez, Europako Batasuneko Colorectal Cancer Screening Working Group delakoak Rigan egindako azken bileran eta World Endoscopy Organization izenekoaren azken biltzarrean, Washingtonen.

Eta hori horrela da proba egitea erabaki duten guztiei esker, baita prebentzio-programa hau urteetan zehar sustatu duten Osakidetzako profesionalei esker ere. Eta ez dugu ahaztu behar, jakina, gizarte zibilak AECCren eta Alianza contra el Cáncer elkartearen bitartez etenik gabe egindako lan eskerga.

Baina erne jarraitu behar dugu, autokonplazentzian gelditu gabe. Guri dagokigunez, Eusko Jaurlaritzak jarraituko du prebentzio-politikak eta baheketako eta detekzio goiztiarreko programak aplikatzen eta indartzen. Osakidetzak 1.300.000 gonbidapen eta 50.000 kolonoskopia baino gehiago egin ditu jada (sedazioarekin, erreferentziako ospitale guztietan), eta xede-populazio guztiarengana iritsi zen iaz; baina konpromiso hau hartzen dugu pertsonekin: 50 eta 69 urte bitarteko gizon eta emakume guztiek proba egin dezaten saiatzea. Eta puntu honetan dei berezi bat egin nahi diet gizonezkoei; izan ere, emakumeek baino portzentaje txikiagoan parte hartzen dugu, gure arriskua handiagoa izan arren.

Hori da, beraz, egunez egun jorratzen jarraituko dugun bidea. Are eta gehiago aurreratzeko, bai programaren irismenari eta parte-hartzeari dagokionez, baita kalitateari eta eraginkortasunari dagokionez ere. Guztion artean, profesionalen, elkarteen, erakundeen eta herritarren artean, geure osasuna pertsonala eta kolektiboa- hobetzen jarrai dezagun. Finean, minbiziaren aurka borrokatzen eta bizian inbertitzen jarrai dezagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.