Nik aparejadore lana egin nuen Koldok utzi zizkidan planoekin eta lantaldearekin batera haren Hiztegiaren etxe osoa eraikitzeko». Ibon Sarasolaren metafora txoil egokia gertatzen zait egunkari honek eginiko galderari erantzuteko, alegia, Mitxelenaren ideiek egun oraindik ere bizirik jarraitzen ote duten. Esan dezadan hemendik aurrerakoa nire ikuspegi (ia) hutsari zor zaiola.
Sarasolak ahotan duen Orotariko Euskal Hiztegia-ren etxea (eguneroko idazkuntzan babesten gaituen «gure» etxea) egiteko ez ezik, esku artean ditugun eta erabiltzen ditugun beste plano baliagarri batzuk ere utzi dizkigu Koldo Mitxelena errenteriarrak; etxe handiago bat eraiki eta, ahal dela, zutik iraunarazteko «planoak». Mitxelenaren 1978ko hitzok ongi baino hobeki ispilatzen dute plano (edo egitasmo) orokorraren goiburua: «Gure herriak herri artean bere tokia behar duen bezala, hizkuntzak ere berea aurkitu behar du hizkuntz artean: handikeriazko menturarik gabe, iraupena eta hazkuntza segurtatzeko behar adinako tokia». Bestela esan, euskaraz normaltasunez aritu ahal izatea edozertaz, nonahi, noiznahi, munduko hizkuntza askoren maila berean.
Nekez uka daiteke, 2015ean ere, ideia horren gaurkotasuna eta balioa. Nola baztertu egitasmo horrek eskakizun dituen hizkuntza prestatu eta egokitzea, eta tresna hori nonahi erabili ahal izateko gizarte eta administrazioko antolamendua? Egungo (inoizko?) egoerarako pentsatuak dirudite, besteak beste, lanotan adierazten dituen ideia askok: Euskal literaturaren etorkizuna euskaraz argitaratu zuen lehen artikulua (1951), batasun bideari ekin ondoko (1978) Euskararen bide luze bezain malkarrak eta Ibon Sarasolaren Hauta Lanerako Euskal Hiztegia-ri eskaini zion Aurkezpena (Euskal Hiztegian Atarikoak bihurtua). Hara igortzen dugu irakurlea.
«Planoak» egin eta Euskaltzaindiak eskatuta onartu zuen euskara batuaren «tarteko» edo «ofizial(e)a»izatea, garbi baitzeukan kode batua izan ezean nekez bilatuko zuela euskarak «bere tokia hizkuntzen artean». Inork asma al dezake egun euskara baturik gabeko kode estandar erabilgarririk administrazioan, hedabide zabaletan, hezkuntzan...?
Mitxelenak igeltsero, arotz, hargin... lana ere egin zuen «etxea» eraikitzen: adreiluak, zurajea, lehengaiak euskal testu zaharretan (linguistika diakronikoaren laguntzaz) bilatu zituen. Mitxelenak utzi dizkigun lanak (gisa guztietakoak hartuta, zazpiehun baino gehiago) egitasmo zabal honetan kokatzekoak dira. Euskara noranahiko «gainerakoen mailakoak» oinarriak behar ditu, eta horretarako euskararen historiaren berri sakona izatea nahitaezkoa da. Hementxe datza iritzi-usteen gainean, datuen balioaren aldarrikapena.
Koldo Mitxelenak ugari idatzi du euskararen historiaz: gramatika historikoaz (bigarren kartzelalditik atera eta hurrengo urtean (1949) argitaratu zuen lehen artikulua Notas de gramática histórica vasca da), etimologiaz, lexikoaz... Eta buruen-buruenik, Fonética Histórica Vasca doktore-tesia gauzatu zuen, Euskal Filologiaren oinarria, Euskal Filologiako oraingo (betiko?) ikasleen eskuliburu ezinutzizkoa.
Deskripziotik gorantz eginez, gertakari linguistikoen teorizazioa ere egin zuen etaFilologia eta Linguistikako ereduak eta teoriak euskarara erakarri zituen —Teoriari egin zizkion ekarriak (Lenguas y protolenguas!), teoria «berrien» dibulgatzaile izatea (Linguistika berriaren berri onak, 1968koa!)inolaz ere baztertu gabe—. Lehen aldiz gertatu da historian pertsona berak beragan batzea teori(ar)en eta aztergaiaren, euskararen, ezaupide sakona. Koldo Mitxelena da Euskal Filologia-Hizkuntzalaritzetako lehen zientifikoa. Egun ere ezinezkoa da euskararen gramatikan (zentzu zabalean) eta batez ere historian aurrera egitea Koldo Mitxelenaren bibliografiara jo gabe.
1960an argitaratu zuen euskal literaturaren historia, doktore tesia aurkeztu (1959) eta argitaratu (1961) bitarteko urtean. Galdetzekoa da nola moldatu zen Mitxelena garai hartan, baliabide eskas haiekin halako lan zorrotz eta heldua kanporatzeko eta, gainera, aldi berean beste hamaika lan egin behar zituela kontuan hartuta. Historia de la literatura vasca-k ez du bere balioa galdu 55 urte igarota ere.
Historia egiteko errealitatea begi kritikoz aztertu behar da; zientziak ezinbestekoak dituen begi kritikoez. Horrela jokatu zuen Koldo Mitxelenak bai Historia egitean eta baita aldizkarietan (Emerita-n, Boletín de Amigos del País-en,Egan-en...) argitaratu zituen erreseina eta kritiketan ere. Literatur lanen, Filologia-Hizkuntzalaritzetakoen iruzkin-kritikei ere zuzendu zien kritikaren begi zorrotza.
Kritikaren ildoan, Koldo Mitxelenari aitortu behar zaio garai batean (1954-1961) plazaratu ziren film askoren kritikak euskaraz argitaratu izanaren lehentasuna (esan dezagun bidenabar, 1978an Donostiako zinemaldiko epaimahaikidea ere izan zela). Alde honetatik, Mitxelena har daiteke kazetaritzako iritzi generoko prosa euskaraz urratzearen aitzindaritzat.
Mitxelenaren prosak eta gainerakoek askoz gehiago merezi dute orain arte eskainia baino, baina hementxe utzi beharko «euskara noranahikoaren etxearen» osagaien zerrenda.
Koldo Mitxelena Elissalt sortu zela mende bat joan da, lehen artikulua (gaztelaniaz) argitaratu zuela ere badira 66 urte. Denbora badoa, baina lanez lan eta ideiaz ideia iraupena zertan den neurtu ez badugu ere erakutsi uste dugu haren ideiek bizirik jarraitzen dutela eta bizirik jarraitzeko arrazoiek ere bizirik dirautela.
Hori aitortzea bezain garrantzitsua iruditzen zait, ordea, kontu sakonago bat aipatzea: Koldo Mitxelenaren jokamolde etikoa. Koldo Mitxelena gizon konprometitua izan zen, herri bateko parte sentitzen zen eta aldian-aldian parean egokitu zitzaionari bere modura erantzuteko ardura hartu zuen: gaztetan bere bizitza arriskuan jarrita; euskara batua zela eta, bere alderdi politiko barneko iritzi-talde batzuei aurre eginda; Salamancako Unibertsitate inguruko bizimodu bideratua utzi eta Euskal Herrira etorrita unibertsitatea sortu behar zelako...
Gaurkoa ez bide da egun desegokiena Mitxelenaren ideien bizitasunaz eta balioaz aritzeko, ezta haren idazlanak irakurrita ikasten eta gozatzen segitzeko ere.
Koldo Mitxelenaren eraikuntza: planoak eta beste haren jaiotzaren lehen mendeurrenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu